«Gorputzen burujabetza kontzeptua» ardatz hartuta, lanketa egiten ari da Bilgune Feminista. Gaiaren gaineko lehen topaketa iaz izan zen, eta asteburu honetan egiten ari dira bigarrena, Donostian, Tabakaleran. Bihar amaituko da, Silvia Federiciren hitzaldi batekin. Topaldia «aurreko urtekoak» barruan eragindako pentsamendu eta emozioak gogoan hartuta antolatu dutela azaldu dute Bilgune Feministako kideek. Mugimenduaren barruan gaiaren inguruan dauden eztabaida zenbait «korapilatsuak» dira, eta, ororen gainetik, «arduraz» egindako ariketa bat proposatu nahi izan dute. Gorputza ezinbesteko oskola da, bizitokia, eta ezin bestela. Lehen hitzaldia Lucrecia Masson Cordoba ikertzaileak eman du: Gorputz-proiektua kolonialitatean: Arrainak ba ote daki ura existitzen dela?. Haren «perspektiba antikolonialak» berebiziko garrantzia duela iritzita gonbidatu dute.
Hizketan hasi orduko eman du abisua: «Interesatzen zait ulermena desplazatzea, eta imajinaziora joatea». Bide horretan, «letra larriz idatzitako egiez» harago, haiek guztiz baldintzatutako mundua aldatze aldera, «egia txikiak» aldarrikatu ditu. Horiek «irudikatzen» lagunduko duen «poetika bat» defendatu du hitzaldian, eta horren adibideak jarri ditu; artelanak, esaterako, parajeak itxuraldatzen dituzten andre lodienak, gizarteak ezartzen dituen estandarretatik hain urrunekoak, eta bide batez, guztiz benetakoak. «Modernitateak» arrazoiaren bidez ezarritako irizpideak zurrunegiak dira Massonentzat, kaiola bat sarri, eta gauzak «irekita» uztea gustatzen zaio.
Hori egiteko moduaren bila, animalia hausnarkariei erreparatzen die, haien digestio modu bereziari. «Moteltasuna behar dute, etzanda egon, eta, elikagaia eskasa denean ere, horri etekina ateratzen dakite». Behiei begiratzen die, ahuntzei, bufaloei, tankerako animaliei. Lilura eragiten dio ia etengabea dirudien «prozesu batean» jarduteko duten erak, horren araberako bizitzeko moduak.
Gogoetan ezinbesteko ditu murruak eraisteko ahaleginetan ari diren pentsalari eta artista bidaideak ere. Asko aipatu zituen. Eta ez da kasualitatea: gehienak ez dira Europakoak, gizenak dira asko, eta lesbianak. Denise Ferreira da Silva, Gloria Anzaldua, Audre Lorde, Laura Aguilar eta beste asko aipatu ditu. Kuttunen artean nabarmendu du Andrea Nunes Brions poeta galiziarra ere. Haren poema batetik hartua da, hain justu, hitzaldiaren abiaburua: «Arrainak ba ote daki ura existitzen dela?».
Galderak
Galderak handiak dira. «Gorputza. Non? Nola? Non jartzen dugu? Zer gorputzi buruz ari gara?». Eta hor, ikuspegi antikoloniala ardatz, «munduaren definizio bakar baten kontra» egin behar dela argi du Massonek. Eta guztiz errotutako ikuskerak haustera. Mendebaldeko moldeekin altxatutako murruak dira. Vitruvioren gizona erakutsi du, esaterako. Leonardo Da Vinci artistak 1490 aldera marraztutako irudia da, gorputzaren «proportzio idealak» erakusteko asmoz egindakoa. «Eta segitzen da pentsatzen gorputz horrekin». Gorputz masaren indizea bera, loditasunaren gaineko irizpideak ezartzeko medikuntzan erabili ohi dena, XIX. mendean Europako estandarren arabera ebatzi zela salatu du.
«Desikasteko prozesuan, zera da galdera: proiektu kolonialaren zenbat dago idatzita gure gorputzean?».
LUCRECIA MASSONIkertzailea
Bi adibide dira, baina zuztartutako ikuskera baten erakusgarri. «Gorputzaren proiektu koloniala desikasteko prozesu horretan, zera da galdera: proiektu kolonialaren zenbat dago idatzita gure gorputzean?». Atzera-bueltako bidean egin daitezkeen «ariketen» alde dago. Tentuz hartzen du, ordea, bide horretan askapena hitza. Batetik, ultraeskuinak desitxuratzen duelako usu. Bestetik, amaiera behin betikoen gaineko mezuekin mesfidatia delako. «Kontuz liberazioaren metaforarekin. Oso lotuta dago aurrerabidearen logikarekin», ohartarazi du: «Logika finalistak ere logika kolonialak dira».
Askapen bide handietan bainoago, zidorretan lora daitezkeen helburu txikiagoetan du esperantza jarria. Begirada «zirkular» bat aldarrikatzen du horretarako, beti «aurrera» egin beharrarekin tematuta ez dagoena. «Inguruan dagoena begiratzea dakar horrek, horri arta ematea, eta zaintzea».