Baionako eskola bateko zuzendaria da Michaela Clapisson (1964, Saint Jean d'Angely, Frantzia). Orain dela hamabost bat urte hasi zen Les Bascos LGBT elkartean parte hartzen; hasieran mendi ibilaldiak antolatzen zituen taldea pixkanaka «lagun taldea» bilakatu dela dio. «Sexu bereko pertsonen bikoteak gara, bai, baina bizitza arruntak ditugu. Gauza batzuk entzuten ditugunean, mugitzeko gogoa ematen du».
Bere proposamenez ireki zuten Txalaparta egoitza, elkarteari hirira irekitzeko leku fisiko bat eskaini ziona. Urte guzian ekitaldiak antolatzen dituzte, eta laguntza bila ari direnentzako harrera leku ere bada. Berriki, Les Bascosen emakume taldea sortu dute: Bask'Elles; bertan parte hartzen ari da Clapisson. Harentzat, feminismoa ezagutzen hasteko aukera da. «Egia da azken urteetan Les Bascos borroka feministetan engaiatu dela, baina elkarteko emazteak ez genuen bereziki parte hartzen».
Zein da emazte lesbiana baten errealitatea, gaur egun, Ipar Euskal Herrian?
Arrunta. Maila pertsonalean, erabat arrunta. Beste edozein pertsonaren errealitatearen modukoa. Heterosexual bati ez zaio galdetzen bere sexu joeraz. Diskriminazioak gerta daitezke; niri ere gerta dakidake pertsona bat gurutzatu eta hitz batzuk entzutea, ala intolerantzia bat aurkitzea. Ez dut uste gerizan nagoenik. Baina gaur-gaurkoz, ez dut halakorik izan. Egia da gure herri txikian batzuetan kuriositate bat nabari dela, baina, besterik ez.
Zerk bultzatu zintuen Les Bascos elkartean sartzera?
Hasieran mendi ibilaldiak egiten genituen. Laguntasun harreman bat eraiki genuen; bazen elkartasun moduko bat gure artean, errespetua, elkar aditzea. Abentura humano bat da, biziki ederra. Hemen, Txalapartan gertatzen dena bikaina da: 30-40 kide aritzen gara txandaka harrera egiten. Ez dugu langilerik; kideen inplikazioa handia da. Egia da diskriminazioen kontrako borroka erdigunean dela, baina gainerako guzia ere bada. Les Bascos ez da hori bakarrik. Agian horrek bereizten gaitu beste antolakunde batzuekiko: gure borrokak eramateaz gain, hiriari irekia den gune bat proposatzen dugu.
Zer publiko biltzen da Txalaparta egoitzan?
Baionako bestetan, adibidez, publiko andana elkartzen da: haurrak, gazteak, zaharrak... Eta kuriositatez heldu direnak ere, «goazen maritxuengana» pentsatuko dutenak, erdi ikaraz datozenak. Ez dugu sekula hitzordu sozialetarako hainbeste eskaera izaten Baionako festen ondoren baino. Ez lukete sekula gure atea pasatuko ez balira lehenago beren lankideekin, lagunekin, familiarekin guregana hurbildu. Uste dut horretan dela berezia gure desmartxa. Biziki irekia izan nahi du, beste borrokei irekia ere. Egia da feminismoarena hasiera batean bereziki Beñat Gachenek zeramala, tokiko egitura feministei begira.
Irudi «maskulinoa» du Les Bascos elkarteak. Zer leku duzue emakumeek?
Bai kopuru aldetik eta bai parte hartze aldetik, parekidetasunean garela erranen nuke.
Alta, Bask'Elles emazte taldea sortzea erabaki duzue. Zerk bultzatu zaituzte?
Les Bascoseko gizonak gu baino feministagoak dira... Aipatu izan dugunetan, ez genuen behar berezirik sentitzen emakume talde bat sortzeko. Baina, kanpoari begira, egia da konplikatua zela, nahiz eta guk barnean erabaki gure ahotsa gizon batzuek ematea. Horregatik erabaki dugu taldea sortzea, kanpoari begira. Eta, bide batez, gustu hartzen ari gara. Ohartzen gara gauza anitz dagoela egiteko, sortzeko... Besteak beste, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde kolektiboaren parte gara, eta Euskal Elkargoko hautetsiekin osatutako batzorde mistoan parte hartzen dugu.
Taldea sortu duzuenetik, emakumeen artean biltzen hasi zarete. Zerbait aldatu du?
Uste dut, argiki, hitza askatzeko balio duela. Egia da Les Bascosen edonork har dezakeela hitza; ez dago hierarkiarik, ezta ahots bat beste bat baino errespetatuagoa dena ere, izan gizon izan emazte. Baina ohartu gara emazteen artean izanik batzuk leku gehiago izatearen sentimendua dutela, mintzatzeko aukera gehiago.
Feminista gisa definitzen zarete?
Les Bascos elkarteko emakume taldea gara. Nik aitortu behar dut deskubritzen ari naizela. Ez gai feministak, emazte gisa ezagutzen ditudalako; baina mugimendu feminista ez nuen ezagutzen, eta deskubritzen ari naiz. Emakume talde gisa definitzen gara, eta ez dugu gogo berezirik geure buruari etiketa feminista jartzeko. Kolektiboki erabaki dugu mugimendu feministaren mobilizazioetan parte hartzea. Oraingoz hasi berriak gara; dena eraikitzekoa da.
Zer gai eta nola landuko duzue?
Gaualdiak antolatuko ditugu, gai ezberdinen inguruan gogoeta eta eztabaida bultzatzeko. Lehena emakumeek goi mailako kirolean duten lekuaz izan zen, baina gerora osasunari eta gorputzari lotutako gaiak ere aipatu nahiko genituzke. Gure gogoen arabera arituko gara.
Michaella Clapisson. Les Bascos elkarteko kidea
«Les Bascos elkarteko gizonak gu baino feministagoak dira»
Les Bascos elkarteko gizonek bultzatuta sortu dute Bask'Elles emakume taldea, baina Clapissonek dio gustu hartzen ari direla. Galderak egin nahi dituzte, beren buruari etiketa bat ezartzen hasi aitzin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu