«Dena asumitzen dugu, eta, behar izango balitz, berriz eginen genuke». Hala adierazi du Jean Noel Etxeberri Txetxbakegileak Luhusoko operazioaren harira eginen dieten epaiketa azaltzeko egin duten agerraldian, eta hala berresteko asmoa du epailearen aitzinean ere. ETA erakundearen armak, munizioak eta lehergaiak erabili, garraiatu eta atxikitzeagatik epaituko dituzte Parisko Zigor Auzitegian, apirilaren 2an eta 3an. Adierazi dute Luhuson (Lapurdi) gertatu zena mugarri izan zela Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean, eta iritzi diote eredu ere izan litekeela nazioarteko beste gatazka batzuk konpontzeko. Nazioarteko eta Euskal Herriko ehun pertsona ezagunek adierazi diete babesa bi auzipetuei, eta errugabetu ditzatela eskatu dute. «Luhuson egin genuen hori berriz egin genuen autoritateen oniritziarekin, bai apirilaren 8an eta baita gerora ere», oroitarazi du Etxeberrik.
Ikusi gehiago
2016ko abenduaren 16an, Frantziako Poliziak bost pertsona atxilotu zituen Luhusoko Errekartea baserrian. Espainiako eta Frantziako gobernuetako iturriek ETAren kontrako operazio garrantzitsu gisa aurkeztu zuten operazioa, baina laster agertu zen gatazkaren konponbide prozesuari bultzada bat emateko ekintza zela: gau hartan, erakunde armatuaren armen %15 indargabatzera zihoazen ekintzaileak, eta hori prestatzeko ETArekin izandako gutun trukea ere argitara atera zuten. Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Mixel Bergouignan enpresaria atzeman zituzten Luhuson —Bergouignan 2017ko maiatzean hil zen, eta Berhokoirigoin, 2021eko maiatzean—. Etxeberri eta Berhokoirigoinekin batera, Mixel Tubiana LDH Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea ere gutun trukeen sinatzailea zen —2021eko urrian zendu zen—. Instrukzio epaileak Etxegarai kasutik kanpora utzi ondotik, Etxeberri eta Molle baizik ez dituzte epaituko.
Testuingurua oroitarazi du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak, 2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziatik hasita. «Aukera berria eman zitzaion gatazkaren konponbideari». Orduan, ETAren erantzuna berehalakoa izan zen, jarduera armatuaren bukaera iragarrita. Erran du zenbait ekinaldi izan zirela urteetan, hala nola Baionako Adierazpena, alderdi politiko anitzetako hautetsiek izenpetua. «Ondoko urteetarako agenda bat finkatu zuten». Baina Frantziako eta Espainiako estatuak «elkor» egon zirela oroitarazi du, eta «elkarrizketari uko» egin ziotela. Nazioarteko komunitateak ez zuen lortu ETAren eta Espainiako Estatuaren arteko elkarrizketa bultzatzea, eta Osloko negoziazio saiakera bukatutzat eman zen. Horren ondotik etorri zen Luhusoko operazioa.
Ikusi gehiago
Etxeberriren hitzetan, bi estatuen egin beharko zuketena egin zuten ekintzaileek. «2011tik bost urtera, ukaezina zen ETAren borondatea. Harekin eseri eta hitz egin beharko zuketen bi estatuek, gatazka armatuari bukaera ordenatu eta duin bate emateko». Salatu du ezen, horren ordez, armak zigilatzearen ardura zuten militanteak atxilotu eta nazioarteko egiaztatzaileak polizia etxera deitu zituztela, egoera hark sortzen zuen «arriskua» azpimarratuta. «ETAren borroka armatuaren estrategiarekin kritiko izandako militanteak ginen, eta gure engaiamenduak hartzea erabaki genuen». Erakundearekiko harremanak lehenago hasi ziren, baina gutun trukearen bidez formalizatu zituzten. «Orduan zegoen immobilismoa hautsi zuen Luhusok, eta apirilaren 8ko armagabetzea ekarri zuen». Horren ondorioz Frantziako Estatuarekin presoen gaiaz aritzeko elkarrizketari bide eman zitzaiola ere erran du. «Orrialde berri bat ireki zen».
Gaur egun nazioartean dagoen gatazka giroa aipatu du Etxeberrik: «Helburua da aurkaria zapaldu eta likidatzea, etorkizunean gatazka gehiago sortzeko hazia izan daitekeela kontuan hartu gabe». Haren iritziz, Luhusokoa eredu izan liteke gatazkei konponbidea emateko.
Sostengu kanpaina
Bi auzipetuen aldeko sostengu kanpaina abiatu dute Bakegileek, eta nazioarteko eta Euskal Herriko ehun pertsona ezagunen babesa jaso dute jadaneko. Horien artean dira Aieteko eta Arnagako adierazpenak sinatu zituztenetako batzuk, besteak beste. «Bere garaiko sostenguak hor daude, eta garai hartan uzkur agertu zirenetariko batzuk ere bai», adierazi du Funosasek. Batzuk aipatzearren: Michel Camdessus NDFko zuzendari ohia, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia eta Juan Jose Ibarretxe eta Karlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak.
Hemendik aitzina sostengu deialdi zabala abiatuko dute izenpe biltzeko, eta hainbat ekitaldi antolatuko dituztela ere iragarri dute. Apirilaren 3rako, elkarretaratzeak antolatuko dituzte Euskal Herri osoan.
Bi auzipetuei babesa eman dietenak:
Berthie Ahern | Irlandako lehen ministro ohia, Aieteko eta Arnagako Nazioarteko Adierazpenen sinatzailea |
Gerry Adams | Sinn Feineko presidente ohia eta Aieteko eta Arnagako Nazioarteko Adierazpenen sinatzailea |
Michel Camdessus | Nazioarteko Diru Funtsako zuzendari ohia. Arnagako Nazioarteko adierazpenaren sinatzailea |
Cuauhtemoc Cardenas Solorzano | Mexikoko Barruti Federaleko Gobernu burua eta Arnagako Nazioarteko Adierazpenaren sinatzailea |
Ronnie Kasrils | Hegoafrikako Defentsa eta Inteligentzia ministro ohia eta Nazioarteko Egiaztapen Batzordeko kidea |
Brian Currin | Hegoafrikako abokatua eta ICGko kide ohia |
Harold Good | Irlandes artzaina, nazioarteko ikuskatzailea armagabetze egunean |
Véronique Dudouet | Gatazken konponbidean aditua, Berghof Fundazioan programa zuzendaria |
Jonathan Cohen | Concilation Resources-eko zuzendaria |
Teresa Dumasy | Gatazken konponbidean aditua, Conciliation Resources-eko ikerketa, aholkularitza eta politika arloko zuzendaria |
Patrick Baudouin | Frantziako Giza Eskubideen Ligako lehendakarikidea |
Magalie Besse | IFJD-Luis Joinet Institutuko Zuzendaria |
Anaiz Funosas | Bake Bideako lehendakarikidea |
Jean Daniel Elixiri | Bake Bideako lehendakarikidea eta Bakegileen bozeramailea |
Corinne Lepage | Frantziako ministro ohia, eurodiputatu ohia, abokatua |
Alain Lamassoure | Frantziako ministro ohia, eurodiputatu ohia |
Christiane Taubira | Frantziako Justizia ministro ohia (2012-2016) - Parlamentuko ohorezko kidea |
Emmanuelle Cosse | Eskualde Kontseiluko hautetsia, Frantziako Etxebizitza ministro ohia |
Cecile Duflot | Frantziako lurraldeen berdintasunaren eta etxebizitzaren ministro ohia, Oxfameko Frantziako zuzendari nagusia |
Matthias Fekl | Frantziako Barne ministro ohia ETA erakundearen armagabetze egunean |
Delphine Batho | Frantziako Ekologia ministro ohia, diputatua |
Olivier Faure | Frantziako alderdi sozialistako lehen idazkaria, diputatua |
Raphael Glucksmann | Place Publique-eko eurodiputatua |
Marie Toussaint | Eurodiputatu ekologista, jurista, |
André Chassaigne | Frantziako alderdi komunistako diputatua, GDR parlamentuko taldeko lehendakaria |
François Ruffin | Frantziako diputatua |
Clementine Autain | Frantziako diputatua |
Philippe Poutou | NPAko kidea, Frantziako presidentetzarako hautagai ohia |
Jose Bove | Via Campesinako bozeramaile ohia, eurodiputatu ohia |
Benoit Teste | FSU sindikatuko idazkari orokorra |
Murielle Guilbert | Solidaires sindikatuko ko-idazkaria |
Laurence Marandola | Confédération Paysanne sindikatuko bozeramailea |
Philippe Texier | Epaile ohia |
Serge Portelli | Abokatua, epaile ohia |
Jean-Pierre Mignard | Abokatua |
Marie Darrieussecq | Idazlea |
Florence Delay | Frantses akademiako kidea, idazlea |
François Dufour | Confédération Paysanne sindikatuko bozeramaile ohia |
Annick Coupe | Solidaires-eko bozeramaile ohia eta ATTAC-eko idazkari nagusia |
Edgar Morin | Filosofoa |
Susan George | Idazlea |
Sorj Chalandon | Idazlea |
Thomas Bidegain | Zinema gidoilaria eta zuzendaria |
Herve Di Rosa | Artista, margolaria |
Marie France Etchegoin | Idazlea eta kazetaria |
Edwy Plenel | Kazetaria |
Jon Palais | Alternatiba eta ANV-COP21ko sortzaileetarikoa |
Frédérique Espagnac | Pirinio Atlantikoetako senataria (PS) |
Denise Saint-Pe | Pirinio Atlantikoetako senataria (Modem) |
Max Brisson | Pirinio Atlantikoetako senataria (LR) |
Vincent Bru | Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutiko diputatua (Modem) |
Florence Lasserre | Pirinio Atlantikoetako 5. hautesbarrutiko diputatua (Modem) |
Inaki Etxaniz | Pireneo Atlantikoko diputatua (PS) eta Frantzia-Espaina talde parlamentarioko lehendakari ordea |
Alain Rousset | Akitania Berria eskualdeko lehendakaria (PS) |
Jean-Jacques Lasserre | Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko Lehendakaria (Modem) |
Jean-Rene Etxegarai | Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakaria eta Baionako auzapeza (Renaissance) |
Daniel Olzomendi | Auzapezen Biltzarreko Lehendakaria, Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakari ordea, Izurako auzapeza (EHBAI) |
Renee Carrique | Euskal Hirigune Elkargoko lehen lehendakari ordea eta Idauze Mendiko auzapeza |
Kotte Ezenarro | Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordea |
Maider Arostegi | Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordea |
Alain Iriart | Hiriburuko auzapeza (EHBai), Euskal Hirigune Elkargoko Errobi Aturri poloko arduraduna |
Peio Etxeleku | EAJ-ko Ipar Buru Batzarreko Presidentea, Euskal Hirigune elkargoan Errobi Lurraldeko Arduraduna |
Sophie Buissiere | EELV-Ekologistak alderdiko bozeramailea |
Emilie Dutoya | Akitania Berria eskualdeko kontseilaria - Ziburuko axuanta |
Andre Garreta | Ipar Euskal Herriko merkataritza eta industria ganberako lehendakaria |
Paxkal Indo | Ipar Euskal Herriko Garapen kontseiluko lehendakaria |
Martine Bouchet | Ipar Euskal Herriko Garapen kontseiluko lehendakari ordea, idazlea |
Argitxu Dufau | LABeko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusia |
Barth Mottay | FSU sindikatua |
Mercedes Graciet | CFDT sindikatuko Ipar Euskal Herriko idazkari orokorra |
Gabi Mouesca | Emmaüs Baudonne etxaldearen sortzailea eta zuzendaria |
Maryse Cachenaut | Laboraria |
Xebax Christy | Aldako lehendakarikidea |
Marie Cosnay | Idazlea |
Mehdi Ouraoui | Idazlea |
Jurgi Ekiza | Kantaria |
Karlos Garaikoetxea Urriza | Eusko Jaurlaritzako Lehendakari ohia 1980-1985 |
Juan Jose Ibarretxe | Eusko Jaurlaritzako Lehendakari ohia 1999-2009 |
Ainhoa Aznarez Igarza | Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohia 2015-2019 (Podemos) |
Joseba Egibar Artola | EAJko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean |
Blanca Regulez | Nafarroako Parlamentuko EAJko legebiltzarkidea |
Arnaldo Otegi Mondragon | EH Bilduko Koordinatzaile Orokorra |
Laura Aznal Sagasti | EH Bilduko bozeramailea Nafarroako Parlamentuan |
Isabel Aranburu | Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkidea (Geroa Bai) |
Rufi Etxeberria Arbelaiz | Sortuko kidea |
Mitxel Lakuntza | ELAko idazkari nagusia |
Garbine Aranburu | LABeko koordinatzaile orokorra |
Nagore Iturrioz | STEILASeko bozeramailea |
Unzalu Salterain | Etxalderen koordinatzaile arduraduna |
Joseba Azkarraga Rodero | Sareren bozeramalea, Eusko Jaularitzako Justizia, lan eta gizarte asegurantza sailburua (2001-2009) |
Gorka Garcia | Etxerateko bozeramailea |
Agus Hernan | Giza eskubideen aldeko aktibista |
Paul Rios | Bakearen aldeko aktibista |
Fernando Armendariz | Gizarte eta giza eskubideen aldeko aktibista |
Jule Goikoetxea Mentxaka | Filosofo politikoa |
Elene Lopetegi olea | Euskal Herriko Bilgune feministako ordezkaria |
Mirentxu Purroy | Kazetaria eta zinegilea |
Fermin Muguruza | Zinegilea eta musikaria |
Maialen Lujambio | Bertsolaria |
Jon Maia | Bertsolaria |