Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek (Gipuzkoa) LEP lan eskaintza publiko bateratu bat aurkeztu dute, hiru udalerrietako udaltzain lanpostuak betetzeko. Helburua da «herritarren beharretara egokitutako udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa indartzea», eta prozesuan funtsezko izango dira euskararen erabilera eta herrien ezagutza. Oraingoz bost postu betetzeko baliatuko den arren, zehaztu dute lan poltsak balioko duela etorkizuneko beharrak asetzeko ere.
Hiru udalek «segurtasun zentralizatu eta zigortzaileetatik urrundu» eta prebentzio, informazio eta bitartekaritza metodoak indartu nahi dituzte, «bizikidetza hobetzeko bitarteko eraginkorrena» delakoan. Hala zehaztu du Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak: «Udaltzaingo eredu honek herritarrekin elkarlanean arituko diren profesionalak lortu nahi ditu, herri bakoitzaren ezaugarriak eta herritarren askotariko beharrak ulertzeko eta horiei erantzuteko gai izango direnak».
Ostolazak Getariako eta Azpeitiko alkateekin batera eman du proiektuaren berri, eta hirurek nabarmendu dute «gertutasuna eta komunitatearekiko inplikazioa» ezinbesteko ezaugarriak izango direla lanpostuak betetzeko. Horrek euskaraz aritzeko gaitasuna izatea dakar berekin. «Euskaraz komunikatzeko gaitasuna ezinbestekoa da, baita herriaren ezaugarriak eta kultura ezagutzea ere», zehaztu du Haritz Alberdi Getariako alkateak. Argudiatu du «herritarren eguneroko bizitzan parte hartzeko eta gatazkak kudeatzeko tresna» dela euskara.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen esanetan, lan eskaintza publikoa urrats bat gehiago da «bestelako udaltzaingo eredu baterako» bidean. Hala, azaldu du azken urteetan bitartekaritza indartzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko formakuntza saioak ere egin dituztela.
Zumaiako Udalak kudeatuko du deialdia, eta martxoan zabalduko dute hura. Hain zuzen, udalerri hartan hiru lanpostu bete nahi dituzte, beste bat Getarian, eta beste bat Azpeitian. Halere, alkateek jakinarazi dute kopuru hori handitzeko xedea dutela. Izan ere, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen arabera, barne promozio bitartez, lau postu beteko dituzte udalerri hartan, eta, ondorioz, beste horrenbeste postu eskaini ditzakete aurrerago. Hala, xedea da plantillak egonkortzea, eta etorkizuneko beharrei erantzutea. Izan ere, uste dute Arkautiko akademiatik kudeatzen diren prozesuek zaildu egin dutela hori.
Ez da Euskal Herrian egiten den gisa bereko lehen deialdia. Esaterako, Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek 2023ko urrian jakinarazi zuten lan eskaintza publiko bateratu bat egingo zutela udaltzain lanpostuak egonkortzeko. Orduan ere, «eredu komunitario bateranzko» bidea jorratzeko beharra nabarmendu zuten, eta garrantzi berezia eman euskararen erabilerari.