Egungo egoera berezi eta nahasian, Koldo Leoz Lizarrako alkate da berriro ere. Martxoaren hasieran Gonzalo Fuentes Navarra Sumako alkatearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa bozkatu zuten atzo, ezohiko osoko bilkuran. Bilkura, azkenik, presentziala izan zen, baina mozioa babestu duten alderdietako zinegotziak egon ziren soilik hau da, EH Bildu, Geroa Bai eta Jorge Crespo eta Margarita Hernandez, PSNtik kanporatutako bi zinegotziak. Azken orduan, protesta gisa, Navarra Suma eta PSNko Ibai Crespo hautetsia ez ziren bertaratu. Hala ere, nahikoa quorum bazegoenez, bozketa azkar joan zen. Bilkuran, zinegotziek elkarren arteko distantzia mantendu zuten, eta batzuek eskularruekin bozkatu zuten. Amaituta, alkate berriak karguaren zina egin zuen. Herritarrei eginiko lehen hitzetan, Leozek nabarmendu zuen lan handia dutela aurrean.
Hain zuzen ere, azken egunetan Navarra Sumak eta PSNk bilkuraren eguna atzeratzeko eskatu zuten; eskuineko koalizioak, kasurako, asmo politikoen arabera jokatzea leporatu zien EH Bilduri eta Geroa Bairi. Alta, udalen lege organikoaren arabera, idazkariari dagokio eguna jartzea, eta hark ezin zuen erabakia mugagabe luzatu. Azken hiru egunetan, telematikoki egiteko baliabideak jarri zituen, baina Navarra Sumak eragotzi egin zuen aukera. Leozen arabera, «trabak jartzea legearen aurka joatea da». Geroa Baiko Pablo Ezkurrak jarrera hori kritikatu zuen: «Telematikoki egiteko baliabideak jarri ditugu, eta arduragabeak garela leporatzea ere... Egiazki besaulkiari heldu diotenak eta zinegotziak arriskuan jarri dituztenak haiek dira».
Egonkortasun bila
Ekainetik hona utzikeriaz aritzea eta beste alderdiekin akordioak egiteko ahalmenik ez izatea leporatu diote zentsura mozioaren babesleek Gonzalo Fuentes alkate ohiari. Orain, gehiengo osoa dute, eta egonkortasuna eman nahi diote udalari. Adibidez, Fuentesek oraindik ez zuen aurkeztu aurrekontu proposamenik, eta lehentasunetako bat hori da: «Egoera oso berezia izanagatik, egonkortasuna emango dio Lizarrako Udalari. Espero dugu aurrekontuak lehenbailehen aurrera ateratzea, hori baita herriak duen erronka nagusia. Akordioan ditugun puntuak aurrera atera behar ditugu», esan zuen Leozek. Halaber, nabarmendu zuen «ahaleginak bikoiztu» behar dituztela berdin pentsatzen ez duten herritarren alde lan egiteko.
Pablo Ezkurraren arabera, aurreko alkateak gainerako udal taldeei bizkarra eman die azken bederatzi hilabeteotan. «Bi adibide ematearren. Batetik, 11 urtez, udalak leku bat utzi die Pirritx eta Porrotx pailazoei emanaldietarako, baina Fuentesek uko egin zion uzteari, eta arrazoi ideologikoengatik egiten zuela argudiatu zuen. Kutsu demokratiko gutxiko erabakia. Bestetik, hainbat kontratazio egin ditu udal taldeei jakinarazi gabe. Jarrera hori adierazi du une oro».
Iritzi berekoa da Jorge Crespo, PSNk kanporatutako hautetsia. Duela sei aste herrian sexu eraso bat izan zela, eta salatu du horren berri taldeei zein berdintasun arloko teknikariei ez ziela eman. «Udaltzaingoak eta Navarra Sumak soilik zekiten; informazioa ezkutatzen ari ziren». Dena den, Crespo batik bat bere alderdi zenarekin azaldu da kritiko, jarrera hori duen alkatea «doan» babestera kondenatuak zituelako.
Crespok irmo ukatu du transfugak direla eta inongo interes pertsonalik dutela; gogorarazi du herriko militanteen %70ek babesa eman dietela, baita gazte sozialisten elkarteak ere. «Babesa eman digutenei kanporatzearekin mehatxu egin diete, edo, gurekin egin bezala, zuzenean bota egin dituzte, baina eurek ez dute ondoren mozioaren inguruko bozketarik deitu. Militanteak aintzat hartu gabe hartu dute erabakia». Cresporen hitzetan, PSNko zuzendaritzak «gerra zikina» hasi du euren aurka: «Lizarraren alde lan egiteko berdin dio norekin elkartzen garen. Fuentes alkateak ez zuen proiekturik, ez ideiarik, ez zekien hitzartzen; porrotera kondenatua zegoen».
PSNko Ibai Crespo ez zen bilkuran izan, baina alderdikide ohien jarrera eta, oro har, gertatutakoa kritikatu zuen: «Sozialistak hasieratik irmo egin dugu kontra, eta ez dugu zentsura mozioa babestu». Haren hitzetan, bilkura atzeratu egin beharko litzateke, edo telematikoki egin. «Ez dugu ulertzen zergatik eragotzi duenNavarra Sumak. Politikoki erabili nahi izan dute gaia Nafarroako Gobernuari eraso egiteko».
Alkate ohiaren azalpenak
Onda Cero irratiari emandako elkarrizketan, Gonzalo Fuentes alkate ohiak arrazoitu zuen ez zela joan «erantzukizun politikoagatik eta konpromiso sozialagatik». Haren ustez, «onartezina da mozioa atzeratzeko begirunerik ez izatea. Mozioak ez du zentzurik, administrazioaren epe guztiak etenda baitaude. Ezingo dute ezer osatu, ez botereak banatu, ez batzordeetako buruak izendatu».
Leoz, berriro Lizarrako alkate
EH Bilduko, Geroa Baiko eta PSNko bi zinegotzi ohiek aurrera atera dute Gonzalo Fuentesen aurkako zentsura mozioa. Navarra Sumak eragotzi egin du bilkura telematikoki egitea, eta ez da joan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu