Iragan larunbatean Pasai Antxon (Gipuzkoa) Leonor hiltzeagatik atxilotutako gizona espetxeratzeko agindua eman du Donostiako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiak. Gizona gaur eraman dute epailearen aurrean deklaratzera, eta epaileak kartzelan sartzea erabaki du.
Bikotekide ohiak larunbatean bertan aitortu zuen berak hil zuela Leonor, 45 urteko emakumea. Pasai Antxoko etxean tiro egin zion buruan, suzko arma batekin, alaben aurrean. Gero, autoan ihes egin zuen, eta Villabonako (Gipuzkoa) Udaltzaingoaren bulegora joan zen. Udaltzainei aitortu zien Leonor hil zuela, eta atxilotu egin zuten.
Leonorren kasuarekin lotuta, bilera egingo dute gaur, 15:00etan, Emakundek eta Pasaiako Bekoz Beko talde feministak, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez. Leonorrek bikotekide ohiaren kontrako salaketa jarri zuen 2020ko urtarrilean, indarkeria matxistagatik, Bekoz Beko taldearen laguntzaz. Epaileak Leonorren bikotekideari debekatu egin zion harekin harremenanetan jartzea eta ehun metro baino gutxiagora hurbiltzea hemezortzi hilabetean. Bi urte geroago kasua artxibatu egin zuten. Gaurko bileran salaketak egindako bidea eta indarkeria matxista kasuetan abian jartzen den protokoloa aztertu dute.
Izan ere, bai Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta EAEko Arartekoak auzitan jarri dute Leonorrek jarritako salaketaren ibilbide judiziala eta instituzionala. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak esan zuen kasu honetan protokoloak ondo funtzionatu zuela. «Zerk funtzionatu du ondo?», galdetu zion Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak: «Leonorrek salaketa jarria zuen, eta indarkeria matxistaren espedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren, gizon horrek berak erail du Leonor; nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?».
EAEko Arartekoak, berriz, uste du erakundeek «zorrotz berrikusi» behar dutela kasua. Arartekoaren arabera, erakundeei galdera zuzen bat egina zaie, Leonorren kasuan zer gertatu den ulertzeko: «Zergatik, Leonorrek salaketak egin arren, ezin izan duten emakume hori babestu, eta zergatik ezin izan duten galarazi emakume horrek orain urte batzuk salatu zuen erasotzaileak azkenean bera hiltzea».
Ertzaintzak, 2021ean
Leonorrek jarritako salaketaz gain, Ertzaintzak, ofizioz, beste prozedura bat abiatu zuen Leonorren bikotekide ohiaren kontra, mehatxuak egin zizkiolako, Europa Press agentziari esan dionez. Leonorrek ez zuen salaketarik jarri.
Donostiako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiak deklaratzera deitu zuen, baina uko egin zion deklaratzeari eta ez zuen prozedura judizialarekin jarraitu nahi izan. Bikotekide ohiak ere, aurkitu zutenean, uko egin zion deklaratzeari. Kasua artxibatu egin zuten.
Lankideen salaketa eta elkartasuna
Leonor etxeko langilea zen. Sortzez Kolonbiakoa. Haren lankideek kontzentrazioa egingo dute bihar, 17:00etan, Pasai Antxoko San Fermin elizaren aurrean. «Ausarta zen», esan dute Gipuzkoako SOS Arrazakeriako etxeko langileek, ohar batean. «Maitakorra, arduratsua eta oso alaia zen, asko maite zituen alabak».
Justizia eskatu dute. Legeak ezarritako zigorra hiltzailearentzat. Baliabideak ere eskatu dizkiete erakundeei, eremu guztietan, baita etxeko langileentzat ere. «Ezin dugu bizitzak eta familiak txikitzen dituen basakeria hau onartzen jarraitu».
«Etxeko langileontzat errealitate hori ez da arrotza», azaldu dute. «Gutako askok erasoak jasan ditugu emakume izate hutsagatik. Batzuk tratu txarretatik ihesi migratu dugu, eta askok tratu txarrei aurre egin behar izan diegu, baita hemen ere, gure lanetan». Sorterritik urrun daude eta horrek, haien iritziz, zaurgarriago bihurtzen ditu. Elkarren arteko babesa da bakardadeari eta zaurgarritasunari aurre egiteko moduetako bat: «Gure batasunak bakarrik emango digu, elkartasun sareen bitartez, beharrezko indarra zailtasunei aurre egiteko eta garena baino indartsuagoak izateko».
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak etxeko langile guztiei eskatu die parte har dezatela biharko kontzentrazioan eta arbuiatu ditzatela hilketa matxista guztiak. Lanagatik joan ezin dutenei proposatu die minutu bateko etenaldia eta isilunea egin dezatela, hildako lankidearen omenez.