Lemaren pisuaz

Heldu den maiatzean egingo dira udal hauteskundeak. BERRIAk lehenengo agintaldia duten lau alkaterekin hitz egin du, beren orain arteko bizipenak ezagutzeko. Azken txanpan sartu dira.

2014ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Lehen aldiz izan dira alkate, baina «azkena ez izatea» espero dute. Datorren maiatzean egingo dira udal eta foru hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Momentu «zailetan» iritsi ziren alkatetzara, eta denak ahalegindu dira euren herrien egoerari buelta ematen; ezin, baina, «ordu eta lan asko» gabe. Krisiak zipriztinduta salto egin zuten alkatetzara, eta gauzak «hobetu» direla badiote ere, badakite «asko» dagoela egiteko. Ilusioz begiratzen diete hurrengo udal hauteskundeei, gauza asko «kendu» arren asko «eman» dielako alkate karguak. Familia eta lagunak dituzte gogoan. Ez da erraza 24 orduz lan egitea, eta horrek, maiz, gauzak «baztertzera» eramaten dituzte. Itsasontzi bat gidatzea ez da beti dirudien bezain jostagarria. Udala etxetzat dute jada, «familia» bat bezala dira kasu gehienetan. Bakarren batek bazuen esperientzia politikan, besteak erdi biluzik sartu ziren, baina orain denek dute eskarmentua.

2015eko maiatzean udal eta foru hauteskundeak dira, eta jada egutegian gorriz seinalatuta daukate eguna. Ez dakite hautatuak izango diren edo ez, baina «herriaren alde» lanean jarraitu nahi dute.

Itsasontziaren haize-oihala igo, lemari gogor eutsi eta beste agintaldi bati ekiteko prest daude Ekaitz Mentxaka (Ugao), Igor Eguren (Ordizia), Alfonso Etxeberria (Eguesibar) eta Ruben Garrido (Oion).

Aurreko agintaldiarekin alderatuta, desberdintasun txiki batekin: oraingoan, ez da lehenengo aldia izango.

 

RUBEN GARRIDO Oiongo alkatea (PP)

«Ez naiz inoiz oposizioan egongo»

Hiru urte daramatza atsedenik hartu gabe lanean. Ruben Garrido da bera, eta Oiongo (Araba) alkatea da. Erizaina da ofizioz. Udaletik osasun etxera, eta osasun etxetik udalera. Ez du «xentimorik» irabazten alkate karguan. Berak hartu zuen erabaki hori; «komunitateari eskaintzen diodan zerbitzu bat da, dirua nire ofiziotik irabazten dut», argitu du. Ordu «asko» dituzte Garridoren egunek: «Lehenengoa naiz udalera sartzen, eta azkena irteten; eta handik irtetean lanera joaten naiz larrialdi zerbitzuetara».

«Harro» dago orain arte egindakoarekin. 2011. urtean alkatetzara heldu eta berehala, gose greban jarri zen, Oiongo osasun zerbitzu kaxkarrak salatzeko (argazkian). «Gertutik ezagutzen nuen egoera, eta nire azalean pairatu nuen», esan du Garridok. Errioxako Gobernura eta gainerako instituzioetara jo zuela esan du oiondarrak, baina «erantzunik ez». Egoera horri aurre egin nahian hasi zen gose greban. «Batzuek salatu zuten itxurakeria hutsa izan zela, baina nik bihotzez egin nuen», azaldu du. Bere alderdiari «kalteak» eragin zizkion jokabide horrek, baina, hala ere, «pozik» dago.

«Txikitik handira»
Garrido ez da «politikari bat». Hori dio hark; «politikariak erabaki handiak hartzen dituzten horiek dira, Madrilen daudenak, esaterako». Hark nahiago ditu gauzak «txikitik handira» aldatu, eta iritzi dio «denek» hala egingo balute gauzak «hobeto» joango liratekeela.


Musutruk alkatetzan, eta lanean larrialdi zerbitzuetan. Pertsona «ezaguna» zen udalean sartu aurretik, erizain gisa ezagutzen baitzuten denek; orain, alkate moduan. Baina funtsean bietan eskaintzen duen zerbitzua «antzekoa» dela uste du.

Herritarrei ahal duen guztian laguntzea du xede Garridok. «Amona bat etortzen bazait esatera zahar etxera bidean eserleku bat behar duela, jarri egiten diot», azaldu du.

Haren ustez, ez da «samurra» norberaren herriari eguneko ordu «gehienak» eskaintzea. Garridok emaztea eta hiru seme-alaba ditu, eta «denbora gutxi» haiekin egoteko. Dena den, hurrengo agintaldian ere aurkeztuko da alkatetzara. Herritarrek aukeratzen badute, «gustura» izango da berriro alkate, baina, horrela ez bada, «etxera» bueltatuko da. «Ez naiz inoiz oposizioan egongo; oposizioak oztopoak jarri besterik ez du egiten, eta ni ez naiz horrelakoa».

 

ALFONSO ETXEBERRIA Eguesibarko alkatea (Geroa Bai)

«Alkate izatea itsasontzi bat gidatzea bezala da»

Alfonso Etxeberria Eguesibarko (Nafarroa) alkatea da, Geroa Bai koaliziokoa. Kapitainaren txapela soilik falta zaio itsasontziko nagusi izateko. «Okupatuta eta arduratuta» dago Etxeberria; «itsasontzi bateko kapitaina izatea bezala da alkate izatea; itsasontzi bat gidatu behar duzu», esan du irribarretsu.

Lehenengo agintaldia du alkatetzan, baina aurretik ere udalean ibilia da: 1999an sartu zen zinegotzi gisa. Gogoan du 2011ko martxoaren 25a, orduan iritsi baitzen kargura. Hitz bakarrean deskriba dezake hasiera hura: «Gogorra». Krisiak gogor jo zuen Eguesibar, Euskal Herriko gainerako herriak bezala. Udalera iritsi eta «derrepente» konturatu zen ez zegoela dirurik; «ezta langileen soldatak ordaintzeko ere». Gauzak «oso ilun» zeudela gogoratzen du Etxeberriak, baina pozik dago «buelta ematen» asmatu dutelako. Aurreko legealdikoak ez ditu oso begiko; uste du ez dela «oso zaila» izango haiek baino «hobeto» lan egitea. UPN egon zen aurreko legealdian udal gobernuaren buru, eta ustelkeria kontuak azaleratu zizkieten. Etxeberriaren ustez, «UPNko gehienak interes pertsonalengatik zeuden udalean, eta horrek ustelkeriara eraman zituen».

Tailerretik alkatetzara

Alkatetzara iritsi zen egun hartan zituen asmo eta proposamen gehienak bete dituelakoan dago Etxeberria; batez ere, ekonomikoak.

Alkate izateak harreman publikoak lantzea dakar ezinbestean, eta batzuetan denen ahotan egotea gogorra egiten zaio nafarrari, baina «onura pertsonalak ere» eskaintzen dizkio:«Jendeari lagundu eta gauzak hobetzeko aukera daukazu». Horrek bultzatu zuen politika munduan murgiltzera.

Pasiotzat du politika; lana automobilen hornitzaileen tailer batean egiten du. «Oso gustura bizi naiz lan horrekin; zure orduak egin eta etxera joaten zarenean ahaztu egiten zara». Zerikusirik ez alkate baten lanarekin. Bata ofizioa, bestea afizioa.

 

EKAITZ MENTXAKA Ugaoko alkatea (EAJ)

«Aurrera egin behar da dagoenarekin»

Ekaitz Mentxaka Ugaoko (Bizkaia) alkatea da. EAJko militantea da aspalditik, eta politikarako zaletasuna etxetik datorkio. Ez da berria udalean: alkatetzan lehen agintaldia badu ere, 11 daramatza zinegotzi gisa. «Alderdi barruan sartuta nengoen, eta aukera eman zidaten hainbeste maite nuen herriaren alde lan egiteko», aitortu du Mentxakak. Aurretik ez zuen inoiz alkate izaterik espero, baina ardurak hartuz joan, eta, ohartu orduko, han dago herriko plazako bistarik ederrenak dituen bulegoan eserita. Mentxakak «presaka eta gehiegi pentsatu gabe» hartu zuen kargua. Agintaldiaren erdian jarri zen alkatetzan; izan ere, ordura arteko alkate Izaskun Landaidak Emakundeko zuzendari kargua hartu zuen, eta Mentxakak ordezkatu zuen.

Garai txarrak, aurpegi onak

Garaiak asko aldatu dira duela 11 urtetik; batez ere, arlo ekonomikoan. Ugaoko aurrekontua %40 jaitsi da azken agintaldian. Badaki garai zailak tokatu zaizkiola, baina ez da kexatzen: «Aurrera egin behar da, eta dagoenarekin konpondu».

Alkate izaten jarraitu nahi du bizkaitarrak. Alde on asko ditu, haren ustez, karguak; erakargarriena herriaren alde lan egitea dela dio. Baina gauzak eman bezala kendu ere egin dizkio alkatetzak; familiarekin eta lagunekin egoteko denbora, esaterako: «Ordu asko sartu behar dira, eta horrek familiari eta lagunei denbora kentzea dakar; batez ere, familiari».

Argi du etxekoen babesik gabe ezingo lukeela aurrera egin, eta zorionez badu babes hori, nahiz eta momentu zailak bizi izan dituen. Alabarekin gertatutako pasadizo bat gogoratu du: «Arratsalde batean umeen bila eskolara joan eta gero, lanera joan behar nuela esan nien seme-alabei, normalean egiten dudan bezala. Orduan, nire 5 urteko alabak esan zidan: 'Jo, aita, badirudi ez duzula gurekin egon nahi'»; oso momentu gogorra izan zela gogoratzen du.

«Arazoak eta kezkak» beti buruan izaten ditu, eta «gogorra» egiten zaio. Dena den, alkatetzak emandako onurak konpentsatzen ditu karguak sortutako nahigabeak ere. Pasadizo bat gogoratu du, oraingoan alaiagoa: «Ama batek orain dela gutxi esan zidan etxean zegoela alabari errieta egiten, gaizki portatu zelako, eta etxean berak agintzen zuela esan ziola; orduan, umeak erantzun zion ezetz, Ekaitzek agintzen zuela han».

 

IGOR EGUREN Ordiziako alkatea (EH Bildu)

«Egoera guztiek aberasten zaituzte»

Igor Eguren Ordiziako (Gipuzkoa) alkatea da. Politikarako zaletasuna izan zuen garai batean; gero, alboratu egin zuen denbora batez, eta, orain, bere herriko alkatea da. Aurretik, kazetari jardun zuen lanean. Etxean zuen lantokia, eta handik idazten zuen, semea zaindu bitartean. Zerbaitek bultzatu zuen, ordea, Ordiziako alkate izatera. Lehen agintaldia du Egurenek; lan «gogorra» da, baina gustura ari da lanean, «herritik eta herriarentzat». Jendearekin hartu-emanetan ongi moldatzen da; bertsolariei eta kazetariei egokitu izan zaien ezaugarria da hori, eta bertsolari eta kazetari izanda, zer gutxiago.

«Inoiz» ez zuen bere burua Ordiziako udal bulegorik nagusienean eserita imajinatuko, baina hortxe dago. Bildu koalizioarekin aurkeztu zen, lehen agintaldian eta koalizio berri batekin. Azken momentuan Espainiako Justiziak baleko joa eta kanpaina bezpera arte epai argirik jaso gabe egon ostean iritsi zen Eguren Ordiziako tronura.
Ia lau urte pasatu dira egun haietatik, eta ordiziarrak egin du bere ibilbidea lehen egunetatik gaurdaino. Argi du ezingo lukeela egin duen guztia egin bere lantalderik gabe: «Ni udaleko lantaldearen pieza bat gehiago naiz». Pieza bat gehiago, eta «agerikoena».


Garaiak ez dira onenak, baina kudeaketa on bat egitea da garrantzitsuena Egurenentzat, eta, haren ustez, garai txarretan «ezinbestekoa» izaten da kudeaketa «kontrolatua eta neurtua» egitea. «Egoera guztiek aberasten zaituzte pertsonalki, baita talde mailan ere».

Lagunak eta etsaiak

Lagunak eta ezagunak ez zitzaizkion falta alkatetzara sartzerakoan, baina azken urteotan nabaritu du ezagun gehiago dituela, baita lagun batzuk gehiago ere. Kalean jendeak geratu egiten du, eta Egurenek zailtasunak izaten ditu, «orain ez, astelehenean etorri» esateko. Familiak kontuak eskatzen dizkio batzuetan, baina hori du alkate izateak, «egunean 24 orduz lan egin behar, eta gehiago ezin, ez dituelako». Gainera, iazko martxotik Udalbiltzako zuzendaritzako kidea ere bada, eta han Euskal Herritartasuna ildoaren ardura du.
Dena den, herrian guztiak ez dira lagunak; etsairen bat edo beste ere sortu zaio; etsaiak baino gehiago, «arerioak»; «ideia politikoak partekatzen ez dituztenak dira, gehienbat».


Gauzak eman eta kendu

Pozik alkate izateaz eta harro Ordiziako Udalean egoteaz. Baditu alde onak, baina txarren bat edo beste ere bai. Etxekoak ditu gogoan Egurenek; emaztea eta bi seme-alabak. Denbora falta da arazorik handiena; «udaletxetik etxera berandu joaten naiz, eta neuretzat denborarik ez dut».

Eta nahi gabe edo nahita, buruhausteak ez zaizkio falta izan agintaldian zehar Egureni. Zaborra biltzeko atez ateko sistema jarri zuten Ordizian. Iskanbila handia sortu du kontuak, «benetako egoerari eta arrazoi teknikoei begiratu beharrean dena bide politikora eramanda», Egurenen ustez. Baina «muinean eta oinarrian» egiten ari zenaz oso seguru zegoela azaldu du.
Egurenek aitortu du ez dela «erraza» izan hondakinen «eztabaida» horri aurre egitea. Dena dela, pozik dago, badagoelako jendea hasieran kontra egon arren orain kalean gelditu eta sistema berriarekin «gustura» dagoela esaten diona. Hala ere, Ordiziako alkatea kritiko ere azaldu da bere buruarekin, eta ez du uste guztia «ondo» egin dutenik: «Azaltzeko moduak alda zitezkeen, baina oso argi geneukan zer egiten ari ginen».


Zurrunbilo politikoan sartu izanaz damu da, baina hartutako erabakietan irmo sinesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.