«Lema kolpea»: Mendoza badoa

Dimisioa aurkeztu dio Barkos presidenteari Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak, eta kargua utziko du. Maria Solana ariko da ordezko, gobernuko eleduna; gaur bertan hartuko du ardura berria

arantxa iraola
2017ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
«Politikaren munduan, aldaketak zigor edo lema kolpe gisa ulertzen dituzte askok, eta ez da hori gure interpretazioa, inondik inora». Era horretan solastatu zen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza (Carcar, Nafarroa, 1954) BERRIAn joan den urteko irailaren 18an eskaini zuen elkarrizketan, departamenduko bi zuzendari nagusiren kargu gabetzeaz argibideak emateko garaian. Atzo albiste izan zen «lema kolpeak» ekarri zuen, berriz, berak kargua uztea: Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosi dimisioa aurkeztu ziola jakin zen arratsaldean, hark onartu egin diola, eta gaur Nafarroako Gobernuko eledun Maria Solanak hartuko duela Hezkuntza kontseilari kargua. Hedabideak tituluz bete dituen agintaldi baten amaiera dakar albisteak. Mendozak zuzendutako departamendua albiste iturri izan da zenbaitetan sailean hartutako erabakien ondorioz gobernu barruan desadostasunak agerian geratu direlako —hezkuntzarako antolatutako lan eskaintza publikoaren harira, esaterako, laukoan hizkuntza gaietan dauden pitzadurak gordin biluztu ziren—, beste askotan oposizioak hezkuntza gaietan ere hortzakzorrotz eta aseezin erakutsi dituelako, eta hainbatetan sektore barruan ongi ulertu ez diren erabakiak hartu direlako. Mendozak ez du zehaztu, hala ere, zein izan den orain lema uztera eraman duen zioa.

Atzo politikariek egin zituzten adierazpenek agerian utzi zuten Mendozaren agintaldi malkartsua. Lauko gobernuko taldeek ere hizpide izan zuten haren jardun gorabeheratsua. Horra Ezkerrako Maria de Simon: «Hainbat polemika eta interpretazio oker eragin ditu». Edo EH Bilduko ordezkari Miren Aranoa: «Erabaki asko hartu behar izan ditu: zenbaitetan zuzen, eta beste hainbatetan, ez».PPNn eta UPNn, agerikoa poza. Horra PPNko Ana Beltran eleduna: «Oso albiste ona da hezkuntzarentzat». Eta UPNko Javier Esparza: «Berandu dator, hezkuntza egoera kaotiko batera eramanda». Ekarri dituen «aldaketak» nabarmendu zituen Geroa Baik, eta agintaldi osoan «kritika» latzen aurrean jardun behar izan duela gogorarazi zuen.

Zalantzarik gabe, Mendozaren jardun polemikoenen artean hezkuntzarako deitutako lan eskaintza publikoa dago; aurrena harrabotsa ozendu zen hizkuntz eskakizunengatik: 320 lanpostu eskaini zituzten, 228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Euskaltzaletasunetik urrunen daudenen kritikak entzun ziren orduan. Gero jakin zen Madrilen helegite baten harira, kolokan zegoela lan eskaintza hori, eta, azkenean, onartu zen euskarazko 120 lanpostu kenduta. Sektore euskaltzaleenak aztoratu ziren orduan. Alde guztietatik jaso ditu kritikak Mendozak.

D eredua zabaltzen

D eredua eremu ez-euskaldunean dauden eskola publikoetara eramatea ere egokitu zaio; erronka handia izan da eredua eskaintzen duten ikastetxeak ugaritzen joatea, eta horretarako komunikazio kanpaina egokiak egin diren auzitan jarri da hainbatetan. PAI ereduaren ebaluazioa egiteko asmoa ere hasieratik adierazi zuen. Eta aski kritiko azaldu zuen iritzia: «PAI ezarri zen aurreikuspenik eta planifikaziorik gabe».Izan dira gehiago; 2015ko urrian, esate baterako, departamenduak atzera egin zuen hizkuntza eskolen buruzagitzarako egindako izendapenean: Imanol Haranburu euskara irakaslea hautatu zuen kargurako, baina ETAko kide ohia zela-eta UPNren inguruko sektoreetan sorturiko kritiken harira, atzera egin zuen.«Ahulezia hori erakutsi duen gobernuarentzat ez dut lan egin nahi», salatu zuen Haranburuk.

Batetik, arbuioa; bestetik, kritikak. Testuliburuetatik Euskal Herria kentzeko araua baliogabetu zenean, esaterako, UPN oldartu zitzaion; unibertsitateko beken deialdia aldatu zenean—sistema publikoa lehenesteko—atzera bota behar izan zuen gero baldintzetako bat, kritiken ondorioz. Polemiketako baten zurrunbiloan halaxe mintzatu zen: «Departamenduan gaude berriak ateratzeko, ez berria izateko». Usu berri izanda doa, ordea, etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.