Fakultatera, zientziarekiko zuzeneko harremanera bueltatuta dago Juan Ignacio Perez Iglesias (Salamanca, Espainia, 1960). Ikasleekin ari da lan bat prestatzen kazetaria bulegora heldu denean. Ikasturte bukaera da, eta badute lana. Zientzia zabaltzen ere bai: EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria da.
Zientziari buruzko gaietan ezezagutza handia dauka gizarteak?
Ez dago ezagutza handia. Baina ez dakit zentzurik duen esateak ezagutza handia edo txikia dela. Konparazioak erabili beharko genituzke. Gero eta ezagutza handiagoa dago. Inkestetan, galdetzen zaio jendeari ezagutza zientifikoaz. Txikia dela iruditzen zaigu zientzialarioi, baina ez dago modurik esateko asko edo gutxi den. Alderaketa, bai, azter daiteke. Nola geunden orain lau, zortzi edo hamasei urte? Hobetuz joan gara. Zientzia da arrotzen edo zailen egiten den ezagutza. Espainian, inkesta batean, jendeari eskatu zioten esateko zientzialari baten izena; %60k ez zekiten bat ere. Hemen ez dira oso ezberdinak izango datuak. Idazle baten izena lehenago emango lukete.
Letrak eta zientziak. Letrak jarri al ditugu zientziarekin gainetik?
Jendeak ezagutza literario handiagoa dauka zientifikoa baino. Herrikoiagoa da. Ez dut esaten askok irakurtzen dutenik edo asko irakurtzen denik. Baina bai zientziaren gainetik dagoela.
Zientziarekin lotutako gai askok eragiten dute eztabaida gizartean: transgenikoak, energia nuklearra, uhin elektromagnetikoak... Maiz jarrera ezagutzarik gabe hartzen dela uste duzu?
Transgenikoen kasua da argiena. Jendeari galdetuz gero genetikoki eraldatutako tomate bat janda gene horiek bere organismora pasatuko diren, baietz diote askok. Beldurra dauka jendeak transgenikoekin, eta kontra jartzen da.
Eta gaiari buruz ezagutza izango balute, iritzia aldatuko lukete?
Ez halabeharrez. Asko dakiten batzuek ere aurkako jarrera bera dute. Baina ni lasaiago nengoke erabakia jakintzaz hartuta. Hazi transgenikoen kasuan erabakitzeko, adibidez, nahiago nuke ganoraz erabakiko balitz, azken erabakia bat edo beste izanda ere.
Kultura zientifikoa hedatzeko ardura zientzialariek daukate?
Eskolaren betebeharra da hori. Ikertzen duenaren rola, berriz, beste bat da. Eskolak eman behar du oinarrizko ezagutza, irizpideak edukitzeko. Zientzialariok azaldu behar dugu zer egiten dugun, eta zertarako. Baina kultura zientifikoa hedatzeko ardura batez ere eskolarena da.
Zientzialariaren lanen artean dago egiten duena helaraztea?
Zientzialari batzuk komunikatzaile onak dira, eta beste batzuk, ez. Horrelakoetan, hobe da profesionalek egitea. Ez naiz arau zurrunen aldekoa; denok ez dugu berdin egin behar. Zientzian ari diren erakundeek, hala ere, erakunde gisa, erantzukizuna dute egiten duten hori gizarteratzeko.
Hutsune bat dago hor, zientziaren komunikazioaren alorrean?
Ez nuke esango. Lana egiten da. Baina beste gauza bat da gizarteak mezu horiek hartzen dituen edo ez. Pertsonaia ezagun baten izena entzutean, buruko belarri eta begi mentalak irekitzen zaizkie askori; galaxia, ama zelula eta halako kontzeptuekin, berriz, itxi.
Ez dirudizu oso baikor. Nola bizi duzu egoera hori Kultura Zientifikoko Katedraren buru gisara?
Kontziente naiz jendeari futbola eta pertsonaia ezagunak interesatzen zaizkiola. Eta horrela izango da epe luzerako. Gure rola da apurka-apurka jende gehiagorengana iristea, interesa sortzea.
Inkestak aztertuta, hala ere, ez da txarrena egoera: irudi ona duzue zientzialariok; jendeak uste du aurrekontu handiagoa behar duela ikerketak... Itxurakeria zantzua ere badute erantzunek?
Inkesta horien emaitzak ez ditut askorik sinesten. Segun eta galdera erantzun askekoa edo hautatzekoa den, oso emaitza desberdinak lortzen dira. Hedabideek badakite jendeari zer interesatzen zaion. Ordaintzeko prest dagoen hori interesatzen zaio jendeari. Azkenaldian zabaldu da ideia bat. Frogatu da ehun ekonomikoa oso ahula dela, batez ere Espainian —turismoa, eraikuntza...—. Jendea hasi da sinesten beste garapen ekonomiko bat beharrezkoa dela, eta ezagutza behar dela horretarako. Ezagutzaren gizartea.
Zientziaren eta ikerketaren garrantzia nabarmentzeko, esaten dute hala gaindituko dela krisia.
Lelokeria hutsa da hori. Zientziak ez du emaitzarik izaten epe laburrera. Eta politikariek jakin badakite hori; horregatik egiten dituzte mozketak, ez dutelako prezioa ordaintzen epe laburrera.
Murrizketak aipatzen dira batean eta bestean. Zu ikusten ari zarenagatik, nolakoa da egoera?
Mozketak izan dira, baina errektoretzak eta Hezkuntza Sailak nahiko ondo kudeatu dituzte. Inbertsio maila duina mantentzen ari da. 2004an, errektoretzara heldu nintzenean, ikasleko gastuari erreparatuta oso atzean zegoen EHU [Espainiako] estatukoekin alderatuta; ikasleko 6.000 euro inguruan genbiltzan gu, eta estatuko onenak, 9.000 euro inguruan. Orain estatuan ondoen finantzatuta dauden unibertsitateak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatea direla uste dut. Mozketak, bai, nabaritzen dira; ikasleen praktiketan, adibidez. Soldata ere izoztu digute, eta hori ez zaio inori gustatzen. Baina jarduera egiteko adina badago.
Ikerketarako aurrekontua Europarekin alderatzen dugu maiz...
Orain BPGaren %2 inguruan gaude. Gehiago bideratuko nuke nik: %3ra iristea nahiko nuke. Gauzak bide horretatik joango dira. Ikerketan eta ezagutzan inbertitzeak aberastasuna eta ongizatea dakar.
Gazteen ihesak kezka sortu du.
Kanpora doaz asko. Ez nau kezkatzen, gero itzultzeko kapaz baldin bagara. Jende asko erretiratuko da hamar urteotan. Hezkuntzan bertan ere jende asko beharko da. Epe ertainera begira, alderantzizko joera izango da, beraz. Kanpora joatea beti da ona. Arriskua da gero bueltatu nahi ez izatea. Baldintzak sortu behar dira.
Ikerketa. Eragin soziala. Juan Ignacio Perez Iglesias. EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria
«Lelokeria hutsa da esatea krisia zientziarekin gaindituko dela»
Gizartean kultura zientifikoa hedatzeko zereginean dabil EHUko errektore ohia. Ez dago bereziki baikor jendearen interesaz. Krisiarekin ezagutzaren garrantzia bistan jarri dela uste du, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu