Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakurri dute presoen sakabanaketa politikaren berri ematea asmo duen liburua. Sindikatuetako ordezkariek, presoen senideek, alderdi politikoetako kideek, kazetariek eta abarrek hartu dute parte ekimenean; esaterako, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohi eta preso ohiak, Laura Mintegi EHUko irakasle eta idazleak, Arkaitz Estiballes bertsolariak eta Kepa Martinez de Lagos Herria 2000Eliza plataformako kideak.
Etxerat elkarteak asteazkenean jakinarazi zuen hiru presoren senide eta lagunek istripua izan zutela Alacantetik bueltan, eta istripua gogoan izan du Sarek. Presoen urruntze politika amaitzeko, oinarrizkotzat jo du "sentsibilitate ezberdinak barnebilduko dituen eta sigla edo helburu politiko jakinen gainetik egongo den sare herritarra osatzen eta indartzen jarraitzea".