Etxebizitza

Lekuko gazteen ezinegona

Pandemiak airarazi egin ditu lur eta bizitegien prezioak Ipar Euskal Herrian. Lekuko gazte batzuen haserrea piztu du egoeraren larritzeak, eta ekintza talde batzuen sortzea erabaki dute. Hala gertatu da Gazte Ekintza eta BAM taldeentzat.

jarraia199376.jpg
2021eko ekainaren 19a
11:34
Entzun

Pandemia garaiak agerian utzi du bigarren etxebizitzek eta turismo masiboak lekuko jendearen etxebizitza eskubidearekin sortzen duten talka. Ipar Euskal Herria gehien bilatutako turismo lekuetako bat izanik kanpokoei alokatu zein saltzeko, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak areagotzen zaizkie bertako ikasle eta langileei. Hori ikusita, Iparraldeko gazteria talde zein modu ezberdinetan antolatu da, helburu berarekin: etxebizitza eskubide bat dela eta Euskal Herrian bizitzen jarraitu nahi dutela aldarrikatzea.

Koronabirus garaiak munduko leku gehienetako turismoa jaitsarazi du, baina 2020. urteko lehen konfinamendutik etengabe handituz joan da zona honetan. Hiriguneko jendetzatik urrundu nahi izateak eta Pirinio Atlantikoetan mantendu diren kutsatze tasa apalagoek bultzatuta, frantses turismoa eguneko 36.000 pertsonatan zenbatu da; horietarik hiru laurden, Ipar Euskal Herrian.

Urte hasieran, Parisko geltokietan, jendea Euskal Herrira etortzera bultzatzen zuen publizitatea agertu zen. Iragarki horien argazkiek haserrea piztu zuten sare sozialetan, eta hortik gutxira agertu ziren BAM eta Gazte Ekintza kolektiboak, bizilekuaren alorreko bidegabekeriari aurre egiteko xedez.

BAMeko partaideak, taldearen izenak adierazten duen moduan, Baionakoak, Angelukoak eta Miarritzekoak dira. Kapitalismoaren aurkako talde ezkertiar abertzale gisan definitzen dira; “argi eta garbi, gure kultura, gure lurra, gure hizkuntza eta gure eskubideak defenditu nahi ditugulako”. Halere, egitasmoak denei irekiak direla azaldu dute, orain arte egindako ekintzetan bezala, Ipar Euskal Herriko ahalik eta jende gehien hurbiltzera deitzen baitute.

Azken hilabeteotan egin diren bilkura eta ekintza horietan izan da Matias Lieber angeluarra. Ordura arte gaiaren inguruan militatzeko aukerarik ez izan arren, egoeraren larritasun mailaren kontzientzia bazuela azaldu du: “Duela urte batzuk, EHZn Habiter son Pays, question immobiliere et fonciere en pays basque nord liburua atxeman nuen. Hortik goiti hasi nintzen lagunekin gaia aipatzen. Beti erraten genuen zerbait egin behar zela, baina talde bat sortzea zailagoa da. Gaur, urrats hori egitea lortu dugu”. Pandemiak ekarri haserre handienetakoa etxebizitzaren egoerak eragin diela esplikatu du: “Gazteok hurbiletik hunkitzen gaituen arazoa da. Koronabirusaren etorreratik, are larriagoa bilakatu da, eta gaur aterabide bat atxeman ezean, berantegi izanen da. Horregatik erabaki genuen antolakunde hau sortzea”.

Gazte Ekintzak, bestalde, ezker ikuspegiko talde sozial, feminista eta ekologista bezala ezaugarritzen du bere burua, gazteen aldarrikapenak bildu eta zabaltzeko asmoa duena. Oraingoz, nagusiki Lapurdi kostaldeko gazteak elkartu diren arren, barnealdera ere hedatu nahiko lukete mugimendua: “Etxebizitzaren kontuarekin, konfinamendu ondotik dugun prezioen igoera kostak sufritu du batez ere, baina orain kostan pairatzen den egoera barnealdean ere sufritu eginen da hemendik denbora batera. Horrenbestez, leku guztietako gazteak mobilizatu nahiko genituzke, indarra, batuz gero, beti delako handiagoa” azaldu du kolektiboko kide den Amets Perezek. Ipar Euskal Herrian aspaldian lantzen den gaia izan arren, gazteagoa zelarik gaiaren inguruan militatzeko aukerarik izan ez zuela adierazi du. Gazte Ekintzak nahi hori asetzeko parada eman dio. “Pandemia egoera honetan bigarren etxebizitzen erosketa masiboa ikusi izana da gaiari lotzeko arrazoia. Agentzia higiezinen partetik jazarpen egoera batean sentitzen ginen, eskutitz bidez, afixak direla medio, edota dei errepikatuen bidez, sotilki, gure lurren saltzera behartzen gaituztelako. Horregatik gure leloetako bat da: Lurra behin saldua, betiko galdua da“.

Agentziak, arazoaren ikur

Arrazoi honek berak eraman zituen gazteak kolektiboaren lehen ekintzan higiezin agentziengana zuzentzera. Modu honetan, apirilaren 15ean ekintza paraleloa egin zuten, ordu berean Donibane Lohizuneko Barnes Côte Basque eta Angeluko Carmen Immobilier higiezinetara joan, afixak ezarri eta banderolak eutsiz. Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten. “Gure helburu nagusia justizia soziala lortzea da, eta, horretarako, Ipar Euskal Herriko arazoei erantzuteko kapaz izan nahiko genuke. Etxebizitzaren gaiak gazteen belaunaldi osoa zuzenean ukitzen duenez, agentzia higiezinetan protesta eginez hastea erabaki genuen” azaldu du Perezek. Bat egin du hastapenetik kolektiboan den Elaia Hegik: “Hemengoak garen gazteoi ez zaigu zuzena iruditzen betidanik bizi eta lan egiten dugun lekuan bizitzen jarraitzeko aukerarik ez izatea. Merkatuaren legearen araberako salgaia ez, etxebizitza oinarrizko eskubidea da. Gauzak mugiarazten saiatzeko talde konkretu batean sartu nahi nuen aspalditik; Gazte Ekintzaren asmoen berri eduki nuelarik, ez nuen zalantzarik ukan”.

Horrenbestez, bide beretik jarraitu zuten, hilabete bereko 23an Miarritzeko Prestant higiezin agentziaren pareko ekimenarekin. Agentzia horrek Bidarteko etxebizitza bat 18,9 milioi eurotan salgai jarri izana salatzeko. Kasu hori Ipar Euskal Herrian jazotzen ari den prezioen hegaldatzearen “erakusle esanguratsu bat” baino ez dela deitoratu dute gazteek. Izan ere, Getarian bi etxebizitzatik bat bigarren etxebizitza da; Miarritzen, joan den urtean, itsasorantz bistak dituen apartamentu bateko metro koadroa 40.000 euro baino gehiagotan saldu zen; Ipar Euskal Herrian badira 54.152 bizitoki huts; azken zazpi urteotan, alokairuaren prezioak %51 egin du gora. “Zifrek dena esaten dute”, dio Hegik. “Iduritzen zaigu ez dela bidezkoa Lapurdin bizi eta lan egiten dugunok gure herrietatik alde egin behar izatea beste batzuek, lurraldearen erakargarritasunaz baliaturik, etxebizitzekin lor ditzaketen etekinak besterik ez dituztelako buruan. Instituzioek gutiegi arautzen duten merkatu batean, badira gazteen beharrei inolako kasurik egin gabe beren lurrak edo etxebizitzak txeke handiena egiteko gai denari saltzen dizkiotenak”.

Perezek kolektiboak higiezin agentzietan egindako ekimenen moldea gogorarazi ditu: “Gure helburua gazteen aldarrikapenak bildu eta ahalik eta gehien zabaltzea da, eta, horregatik, bortizkeria ez erabiltzea hartu genuen ildo nagusitzat. Horretarako, desobedientzia zibila tresna polita iruditu zaigu”. Hegik azaldu du, “egoeraren arduradun bakarrak ez izan arren”, gisa batez, agentziak badirela “etxebizitzaren gaian bizi dugun egoera jasanezinaren ikur. Arazoaren parte diren heinean, konponbidearen parte ere izan behar dute. Haien esku da jarrera etikoagoak izatea; adibidez, urte osoko alokairuak eskaintzen dituzten jabeak bezero gisa lehenetsiz edo prezio batzuetatik gorako salerosketei uko eginez”.

“Herria hiltzen ez uzteko” asmoak bultzatuta, BAMeko kideek, maiatzaren 13an, Miarritzeko itsasargian ekimena antolatu zuten. Minzanbu gaztetxetik sare sozialetan hedatutako deialdia zela medio, leku ezberdinetako herritar andana agertu zen, kideen xedeekin bat eginez. Bertan, Ez da salgai! zioen pankarta erraldoia zabaldu zuten, argazki turistikoen paisaia izan ohi den lekuan. “Gure lehen ekintza egiteko ahalik eta ikusgarriena den leku bat atxeman nahi genuen, urrundik ikusten zen leku bat, gaiaren handitasunaren moduko ekintza bat egiteko”, adierazi du Lieberrek.

BAMek luxuzko ostatu eta etxebizitzak eraikitzeko, Donibane Lohizuneko Lafiteniako kanpina suntsitu nahi duen Carlos Lafitenia Beach Club proiektuaren kontrako mobilizazioa antolatu zuen, gero, maiatzaren 22an. Gazte Ekintzak, ekainaren 5ean Ezpeletan elkarretaratzea egin zuen, eta hango eskakizunak izan ziren Airbnb eta alokairuen erregulazioa, urte osorako alokairuak —udan etxea uzteko beharrik gabe—, etxebizitza turistikoen merkatua arautzea eta espekulazioaren aurkako neurriak.

Denen beharra

Honekin batera, borrokatzen jarraitzeko asmo argia erakutsi dute bi kolektiboek. Matias Lieber: “BAM taldea antolakunde tiki bat baizik ez da. Ez dugu sekulan pentsatu bakarrik aitzinatzea, besteen laguntza behar dugu horretarako. Beste talde ainitz sortzen ikusi nahi ditugu, hiri eta herri guzietan; horrela indartsuak izango ginateke. Soilik elkarrekin lortu dezakegu herria biziaraztea!”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.