Euskal presoak

Lekualdatzeen «erritmo motela» salatu du Foro Sozial Iraunkorrak

Premiazko ikusten du presoak hurbiltzearen «aldi baterako etapa» gainditzea

Gabonetan presoen alde egindako mobilizazioa, Donostian. FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 3a
12:28
Entzun

Joan den astean iragarri zuten beste zazpi preso Euskal Herrira ekarriko zituztela. Foro Sozial Iraunkorrak ontzat eman du iragarpena eta, oro har, azken hilabeteetan espetxe politikaren alor horretan izan den aldaketa: izan ere, lekualdatze horiek gauzatzen direnean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren presoen erdiak Euskal Herriko espetxeetan egongo dira. Baina, aldi berean, nabarmendu nahi izan du lekualdatze horiek izaten ari diren «erritmo motela»: «Lekualdatzeak ezin dira tantaz tantakoak izan, eta ezin dira egon Madrilen eztabaida politikoan eta etengabeko krispazioaren mende».

Foro Sozialaren ustez, argi dago lekualdatzeen etapa hau «aldi baterakoa» dela, eta pentsatzen du «premiazkoa eta zentzuzkoa» dela fase hori gainditzea, horrek aukera emango lukeelako «presoen auziari konponbide integrala emateko baldintza hobeetan».

Foro Sozialaren arabera, bi dira gaur egun irekita dauden «eztabaida nagusiak»: alde batetik, «salbuespeneko legea gainditzea eta araudi arrunta aplikatzea», horrek dakarren guztiarekin irteteko baimen arruntak eskuratzeko, graduetan aurrera egin ahal izateko eta beste zenbait arlotan; eta, bigarrenik, «birgizarteratze plan orokor bat» definitzea, Foro Sozialaren ustez eragile guztiekin adostu beharko litzatekeena, presoak ere aintzat hartuz. «Plan horri esker, presoei euren banakako birgizarteratze ibilbidean lagunduko litzaieke, bai baldintzapeko askatasunerako bidean, bai ondoren gizarteratzeko eta laneratzeko bidean», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.