Leku eske auzapezak

Geroan elkargoko ordezkaritzan pisua galduko duten beldurra dute herri txikietako alkateek, eta jada «urrun» sentitzen direla diote

Auzapezen Biltzarrak atzo Izpuran egindako bilkura. BERRIA.
Eneko Etxegarai Urain.
Izpura
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko instituzionalizazio prozesuan ordezkaritza ereduaren enegarren kapitulua izan da Auzapezen Biltzarraren azken bilkura. Aurten aurkeztu beharra du Euskal Elkargoak «proiektu komunitarioa», baina gobernantza itun berri bat ere izango da, eta hor barruan bere funtzioak zein izan behar duen eztabaidatu du Auzapezen Biltzarrak, Izpuran (Nafarroa Beherea). Lekua eskatu dute auzapezek. Ordezkaritza duten 158 herrietatik 70 alkate izan dira bilkuran, baita Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria ere.

Duela urtebete elkargoa sortu zenetik «barnealdeko herri txikiek botere politikoa urruntzen» sentitu dutela azaldu du Lucien Betbeder Lekorneko alkate (Lapurdi) eta Auzapezen Biltzarreko lehendakariak. Mixel Etxebest Mauleko auzapezak gehitu du sortze prozesuan sufragio unibertsala izan balitz elkargorik ez zela izango; «herri txikiek ez zuten alde bozkatuko». Baina, haren arabera, «nola egin lurraldeak bere osotasunean elkargoarekin bat egiten segi dezan?». Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapezak azaldu du ez duela uste Iparraldeko hamar herri elkargoen garaitik «inplikazio txikiagoa edo handiagoa» dutenik orain herri txikiek.

Etxegaraik Euskal Elkargoko ordezkaritza modua defenditu du: «Herri txikienak 61 biztanle ditu, handienak 51.000, eta herri denek ordezkaritza bera dute». Ordezkari bana daukate. Baina banaketa demografikoa kontuan hartzeko kontseilu komunitarioari beste 75 ordezkari gehitu zizkiotela oroitarazi du, eta azpimarratu Frantziako Estatuko ordezkari kopururik handiena duen hirigune elkargoa dela.

Bi hipotesi

Ipar Euskal Herriko instituzionalizazio prozesuan aditu modura parte hartu zuen Jean Gourdou zuzenbide irakaslea gonbidatu dute Izpurako bilkurara, eta Auzapezen Biltzarraz bi hipotesi azaldu ditu. Batetik, Euskal Elkargoak pixkanaka integratzea, hamar herri elkargoen poloak pixkanaka ordezkatzen joateko. Nabarmendu du lurraldean zinezko egituraketa bat egitea eta informazioa igoaraztea esan nahiko lukeela aukera horrek. Bestetik, Pirinio Atlantikoetako alkateen biltzarrarekin, mendialdekoekin edota Hego Euskal Herrikoekin solaskide gisa ikusten du Auzapezen Biltzarraren geroa Gourdouk. Hipotesi horretan aholkularitza funtziotik atera beharko duela esan du. Betbederrek ohartarazi dio «biak egiten» segitu nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.