Koronabirusa. Rakel Mateo. Psikoterapeuta

«Leku eman behar zaio minari ere»

Pandemiak bizitza sozialean ezarritako mugek zuzenean baldintzatu dituzte herritar askoren dolu prozesuak; min ematen dutela onartzea «funtsezkoa» dela nabarmendu du Mateok.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ohi baino jende gehiago zendu da azken hilabeteetan, pandemiaren eraginez. Ezohiko egoera honetan ezarritako mugek, gainera, are zailago bilakatu dituzte hildakoen hurbilekoen doluak. Hain justu, bide horretan laguntza emateko sortu zuten Goizargi Elkartea, 2012an, Iruñean. Elkarteko lehendakaria eta psikologoa da Rakel Mateo (Iruñea, 1980).

Nola eragiten du pandemiak heriotza baten ondoko dolu prozesuetan?

Zuzen-zuzenean baldintzatu ditu, baina ez du berdin eragin dolu guztietan. Bi erreakzio oso desberdin antzeman ditut. Batzuentzat, nolabaiteko arindua izan da besteekin harremanik ezin izatea. Heriotza batek sortutako minaren aurrean, zenbaitek premiazkoa dute bakardadea, eta, gaur egungo mugekin, aukera izan dute horrela jokatzeko, inori azalpen askorik eman beharrik gabe. Kontrara, beste batzuetan oso nabarmena izan da eragin duen kaltea. Zenbait kasutan, hutsune handia eragin du maite duten pertsonekin egoteko aukerarik ez izateak.

Horiek nola pasatu dute dolua?

Gogorra ari da izaten, dudarik gabe. Izan ere, batzuek behar-beharrezkoa dute kontaktu fisikoa; premiazkoa dute bestearen besarkada bat, eta, noski, neurriek asko oztopatu dute hori. Orain, ikasi beharko dugu ikusten beste pertsonekiko hurbiltasunak ez duela zertan lotua egon elkar ikustearekin edo elkar ukitzearekin.

Oztopo horiekin, gerta daiteke dolu prozesuak luzeagoak izatea?

Ez dut uste denboran neurtu behar direnik, baina, gogortasunari dagokionez, bistakoa da eragindako kaltea. Guk hiru dolu mota bereizten ditugu: funtzionalak, zailagoak direnak eta patologikoak. Azkenaldian, jende gehiagorengan ikus daitezke dolua bereziki zaila dela erakusten duten adierazleak. Dolu horietan, emozioak biziagotu egiten dira.

Zer sentimendu azaltzen da indar handiagoz?

Izua. Jendea beldur da hau guztia ez ote den inoiz ere bukatuko, eta horrek badu eragina doluan. Kutsatzeari ere badiote beldurra. Pentsa, birusarengatik hil diren pertsonen senideek zuzenean lotzen dute gaitza heriotzarekin. Muturreko egoerak bizi izan dituzte, eta horrek arrastoa uzten du. Gainera, sumatzen da inguruko giroak ez duela laguntzen.

Nolakoa da giroa, bada?

Orokorrean, guztiok gaude haserre gertatzen ari denarekin, eta, aldi berean, goibel eta etsita gaude. Uste dut orain bola gris bat dugula begien aurrean, eta horrek oztopatu egiten du argia ikustea. Azken batean, denok gaude dolu prozesu batean sartuta; jadanik ez dugu lehen genuen hori; galera handia izan dugu. Kontua da dolu sozialaz gain beste batzuek heriotza baten ondoko dolua ere bizi behar dutela.

Pertsona anitzentzat ukendu dira hildakoaren omenez egindako errituak, edota hilerrietara egiten diren bisitak.

Bai, zentzu handia dute. Laguntzen digute gauzak benetan gertatu direla ikusten. Esaterako, ez dugu hiletarik egiten inor hil ez bada. Errituak egiteak, izan hilerrira joateak edo beste edozerk, laguntzen du prozesuan aurrera egiten, egoera onartzen eta errealago bihurtzen.

Emozioak partekatzeak mina arintzen du?

Ez beti; gertatutakoa onartzea da kontua. Bakoitzak bere sentimenduak partekatzeak lagundu dezake, baina norberaren araberakoa da. Batzuek izaten dute premia hori; beste batzuentzat, berriz, konpromiso soziala baizik ez da horrelako hitzorduetan parte hartzea.

Aipatu duzu pandemia garaian jende gehiagok izan dituela dolu zailak. Jende gehiagok jo du zuen elkartera laguntza bila?

Gure kasuan, lehendik ere hasiak ginen nabaritzen gero eta jende gehiagok eskatzen diela laguntza profesionalei. Zorionez, pixkanaka bada ere, ari gara ikasten geure buruari baimena eman behar diogula laguntza eskatzeko. Dena dela, ez da ariketa erraza. Hori egiteko, lehenik gai izan behar dugu gaizki gaudela onartzeko, eta horretan gabezia handiak ditugu. Aurten, beste urte batzuetan baino jende gehiagori lagundu diogu doluan, baina aldea ez da hain handia oraindik ere. Denbora behar da horretarako.

Uste duzu aurrerago etorriko zaizkizuela laguntza eske?

Agian, bai. Jende asko ari da hiltzen, eta ez nolanahiko egoera batean. Beharbada, batzuk hemendik pixka batera ohartuko dira laguntza behar dutela, nahiz eta oraindik ez jakin. Batzuetan, konplikatua da hori norberarengan ikustea. Zer esanik ez, gaizki egotearen inguruan sortu dugun estigma aintzat harturik.

Nola ikas daiteke dolu prozesuaren emozioak kudeatzen?

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da doluak min ematen duela onartzea. Ez dugu saiatu behar hori aldatzen. Gero, geure buruari gogorarazi behar diogu ez dugula zertan modu jakin batean jokatu. Besterik ezean, gizartea bera arduratuko da esateaz zer egin behar dugun. Saia gaitezen hari jaramonik ez egiten. Heriotza batek zauri bat uzten du gugan, eta ez da sendatzen egun batetik bestera. Komeni da lizentziak ematea geure buruari, sakon hartzea arnasa, eta, ahal den neurrian, konfiantza izatea.

Nola laguntzen ahal dute ingurukoek?

Bidean lagundu behar diegu, ondoan egon, eta arretaz erreparatu pertsona horrek benetan behar duenari. Askotan, espero dugu doluan den pertsona guk geuk nahi genukeen bezala egotea, eta, are gehiago, gu geu bihurtzen gara protagonista besteen doluetan ere. Ulertu behar dugu pertsona hori ez dela egonen guk espero edo nahi dugun bezala, eta hori onartu besterik ezin dugu egin. Sufritzen ari denari zer egin behar duen esaten diogun bakoitzean, blokeatu egin ditzakegu haren prozesu emozionalak.

Jendeak behar baino azkarrago egin nahi izaten du aurrera?

Bai, zalantzarik gabe. Presaka ibiltzen gara, eta hori galdegiten diogu geure buruari. Uste dugu triste egoteak ez digula utziko egunerokoari eusten eta gure eginbeharrak betetzen. Horretan tematzen gara, obsesionatzeraino. Zenbat aldiz aditu behar izan dugu: 'Horrela zaude oraindik?'. Doluak prozesu motelak dira, eta hori ez da txarra. Leku eman behar zaio minari ere.

Zer leku eman behar zaio?

Bakoitzak behar duena, baina argi dago ez dela aski gaur egun orokorrean ematen zaionarekin. Mina sentitzea eskubide bat da, eta ukatu egiten zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.