Asteartean Antzara Eguna izan zen Lekeition (Bizkaian), eta gutxienez sei eraso matxista eta bi homofobo egin zituzten, Lekeitioko Udalak «gogor» salatu duenez. Irailaren 1ean egindako Bajada Egunean ere beste eraso homofobo bat egin zutela esan dute. Eraso horiek ikusirik, portuko eremuko txosnak ez dituzte irekiko gaur, eta elkarretaratze bat egingo dute 20:00etan, Abadeen moilan, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean, txosna batzordeak antolatuta.
Ikusi gehiago:Arraiozko bestetan lagun talde bati eraso LGTBIfoboa egin diotela salatu dute
Udalekoek esan dute Lekeitio «askatasunean eta libre» bizi den herri bat izatea nahi dutela: «Ez gara nekatuko esaten: denon askatasuna da garrantzitsuena, eta hori elkarrenganako errespetu osotik dator».
Eraso matxistak eta homofoboak jasan dituztenei «babes osoa» adierazi die udalak, eta haien eskura jarri ditu gizarte zerbitzuak. Herriko mugimendu feministak adierazi du «planto» egingo dietela eraso guztiei: «Kaleak eta gauak gureak dira, eta elkarrekin antolatuko gara erasoen aurrean autodefentsa feministari ekiteko».