Jaia eta aldarria. Biak uztartu nahi ditu Sortzen elkarteak bihar Iruñean ospatuko duen festan. D ereduaren aldeko aldarria, baina baita hezkuntza burujabetzaren eta landa eremuko ikastetxeen aldekoa ere. Antoniutti parkea izanen da Sortzen jaiaren epizentroa, eta handik, Iruñeko bazter guztietara hedatuko dira euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko doinuak.
Festa ofizialki hasi aurretik ere, Udaletxe plazatik Antoniuttira joanen den «kalejira aldarrikatzaileak» berotuko du giroa. «Bozgorailua jarriko diegu Antsoaingo Ezkaba ikastetxearen aldarriei, euskarazko laugarren gela zabaldu nahi baitute», azaldu dute festaren antolatzaileek, ohar batean. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak euskarazko hiru gela soilik zabaldu nahi ditu Antsoaingo zentroan, «baina hiru familia kanpoan utziko ditu erabaki horrek, eta atea irekiko dio masifikazioari».
10:30ean, festari hasiera emateko suziria botako dute Antoniutti parkeko agertoki nagusitik. Aurten, Lekarozko eskolako familiek piztuko dute etxafuegoa. «Herriko eskola berriz irekitzea lortu dute Lekarozen, eta ospatzeko modukoa da hori, Nafarroako landa eremuko zenbait eskola ixten eta desagertzen ari diren garaian», diote Sortzen-ekoek.
Ekitaldi nagusia 13:30ean hasiko da, eta, bertan, D ereduaren iragana, oraina eta geroa uztartuko ditu Sortzen-ek: «Duela bederatzi urte D eredua ezartzea lortu zuten Noainen; aurten, berriz, Tafallan, Lodosan eta Caparroson. Herri horietako familiak elkartuko ditugu. Haritz kimu bana eta ekitaldirako espresuki sortutako testu bat oparituko diete Noaingo ikasleek D ereduko familia berri horiei». Horren ostean, dantzak, zirkua, haurrentzako jokoak, azoka eta kontzertuak izanen dira Antoniutti parkeko oholtza gainean.
Lekarozko familiek botako dute Sortzen jaiaren suziria
Iruñeko Antoniutti parkean eginen dute euskarazko eskola publikoaren aldeko festa. «Hezkuntza burujabetza» aldarrikatuko du Sortzen-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu