Oroiteria jardunaldiak

Leiho bat ganbara itxian

Oroiteria proiektu multimediaren behin betiko bertsioa aurkeztu du BERRIAk. 1936ko gerrako eta frankismo garaiko testigantzak, mapak, datuak, bideoak eta irudiak biltzen ditu.

Ion Orzaiz.
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Atzo sareratu zuten Oroiteria webgunearen bertsio berritua (www.berria.eus/oroiteria/). Uztailaren 17tik zegoen ikusgai behin-behineko bertsioa, baina hamaika eduki berrirekin osatu dute. Atzo egin zuen egitasmoaren aurkezpena Amagoia Iban kazetari eta Oroiteriaren koordinatzaileak: «Emandako hitza bete du BERRIAk, eta hemen dago webgune osoa. Ibilbide zehatza, bisitariak bidaia egin dezan». Bost geltokitan banatu dute ibilbidea:

36KO GURE GERRA

Lekukotasunen polifonia

Ikus-entzunezkoak eta irakurtzekoak biltzen dituen atala da 36ko gure gerra. Ibanek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, «gerra eta jazarpena lehen pertsonan» bizi izan zutenen testigantzak azaltzen dira. Bideoei dagokienez, Ahotsak.eus egitasmoak azken urteotan bildutako elkarrizketatik aukeratutako zatiak dira. Hor aurkituko du bisitariak, besteak beste, Paxkuala Ormaetxea hernaniarraren kontakizuna, goizaldean etxetik entzuten zituen exekuzioei buruz: «Donostiara bidean joaten ginenean, fusilatzen zituztenen zapata mordoa ikusten genuen, errepide ertzean botata».

Irakurtzeko atalean, berriz, BERRIAn urteetan argitaratutako elkarrizketetako batzuk daude. Luis Ortiz bilbotarrari eginikoa, kasurako. Ehun urte bete ditu aurten Ortizek, eta webgunean irakurgai dagoen elkarrizketan, ahoan bilorik gabe hitz egiten du frankismoaren esklabo izan zen garaiari buruz, edota Gernikako bonbardaketaz: «Terrore bat izan zen hura. Leku guztietan odola gogoratzen dut, eta Gernika osoa sutan. Lau ordu aritu ginen hildako eta zaurituak jasotzen». Atal horretan dago Josefina Lamberto nafarraren kontakizuna ere: haren etxeko atea jo zuten falangistek 1936ko abuztuaren 15ean, metrailetak eskuetan. Aita Vicente eraman zuten UGTko kidea izatea egotzita. Josefinaren ahizpa, 14 urteko Maravillas ere haiekin joan zen. Ez ziren inoiz itzuli.

ZERGATIK

Horroreari neurria hartzen

«Ez da erraza gertatutakoari neurria hartzea», aitortu zuen Ibanek Oroiteria egitasmoaren aurkezpenean, baina hori da, hain zuzen, Zergatik atalaren helburua, horrorea datutan zehaztea: hildakoak, desagertuak, atxilotuak... Horretarako, infografiak, argazkiak, agiriak eta bideoak tartekatzen dira. Zer? galderari erantzuteaz gainera, ordea, zergatiak ere aztertu dituzte webgunearen arduradunek. Militarren altxamendua testuinguru historikoan jarri dute, eta gertaeren zioak azaldu, herrialdez herrialde, lau azpiataletan: Konspirazioa, Estatu kolpea, Gerra eta Jazarpen makina.

DATZAN

Gerrak utzitako zuloa

«Argentinan ez ezik, hemen ere baditugu gure desagertuak, eta ez dira bat edo bi». Desagerrarazitako milaka biktima horiei eskainia dago Datzan atala. Hego Euskal Herriko hobien mapa interaktiboa da, eta grafikoki islatzen du «1936ko gerrak eta ondorengo jazarpenak utzitako zuloa», Oroiteriaren koordinatzailearen esanetan.

Mikel P. Ansa kazetaria arduratu da mapa horiek osatzeaz, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Interneten erakusgai dituzten mapak oinarri hartuta, eta Gaindegiaren kartografia espaziala erabilita. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hobiak batera eta era interaktiboan azaltzen diren lehen aldia da honako hau. Hildakoak hobitik atera dituzten, lurpean dauden, ala desagerturik segitzen duten zehazten da. Atzo, gainera, bigarren mapa bat jarri zuten ikusgai: hobiratzeak hildako kopuruaren arabera sailkatzen dituena, alegia. Horrez gain, gerra fronteen eta bonbardaketen mapak ere eskaintzen ditu guneak.

GANBARATIK

Historia istorio txikietan

Lauaxetaren berokia, erretenean zegoen miliziano batek jateko erabiltzen zituen koilara eta sardexka, 64.160 zenbakidun milizianoaren plaka, fusilatzeko zain zegoen preso batek emazteari idatzitako gutuna... Gerra eta gerraoste garaiko altxor ugari biltzen ditu Ganbaratik atalak, Ibanen esanetan, horixe baita webgunearen helburuetako bat: ganbaran gordetako «kutunak» azaltzea.

Gerrako protagonisten erretratuak eta atzerriko telebista kateetan gatazkari buruz emandako bideoak ere ikusgai daude atal honetan. Atzotik, gainera, gerra garaiko doinu, bertso eta poema musikatuak ere entzungai dira Ahoz gora azpiatalean. Artista ugarik parte hartu dute doinu zaharren grabazio berrietan,a cappella abesten: Leire Bilbao, Maite Larburu, Mursego, Miren Narbaiza, Joseba Tapia, Xabi Bandini, La Basu, Xabier Montoia, Jon Enbeita, Mitxel Etxekopar, Mertxe Oliden, Mentxu Alkorta eta Jexux Mari Irazu. «Garai hartan, etxe barruan kantatzen ziren doinu horiek, eta gu ere saiatu gara grabazioei giro intimo hori ematen», azaldu zuen koordinatzaileak. Estreinakoz, baina, ahoz gora grabatu dituzte duela 80 urte ahapeka abesten zirenak.

ATERATZEKO ZORIAN

Iragana gaurkotzen

Webgunea etengabe berrituko duen atal honek, Ibanen arabera: «Gaur egun, pil-pilean segitzen dute oroimena berreskuratzeko lanek, eta horren isla izango da Ateratzeko zorian atala. Memoriari lotutako albisteak azalduko dira hor». Horrez gain, elkarte memorialisten zerrenda bat eta artxibategien beste bat ere izango dira. «Abiapuntu bat eman nahi diogu informazio gehiago aurkitu nahi duenari». Finean, plaza bat izanen da Oroiteria, «oroimenaren haria eten ez zedin, ahanzturaren katea hausten» diharduten horientzat guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.