Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. Ana Beltran. PPNko presidentegaia

«Leial jokatu dugu, aldaketa baino hobea zelako zegoena»

UPNren kritiko, baina UPNrekiko leial. Ez du uste PPk eskuinean UPNri aurre egiteko aukera galdu duela; haren ustez, lehentasuna Nafarroaren nortasunaren defentsa da, alderdi abertzaleen mehatxuaren kontra.

joxerra senar
Iruñea
2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Enpresa munduari lotuta egon da Ana Beltran (1966, Zaragoza, Espainia). 23 urte egin ditu hainbat upeltegi kudeatzen. Duela lau urte eman zuen politikarako jauzia, eta parlamentuaren jarduerak harritu du: «Txarrerako atentzioa eman dit gai batzuk errepikakorrak izatea; zenbaitetan, eraginkortasun gutxikoak». Beltranek irmo dio gogoko duela kalera atera, eta jendearen arazo eta beharrak entzutea: «Ni ez nauzue ikusi, kazetaririk gabe joaten naizelako. Hilabete daramat herrietara joaten, eta bene-benetan jendearekin egotera. Niri balio dit». Maiatzaren 24an zatiketa handia egongo dela uste du,

Zeintzuk dira PPren programaren ardatzak?

Lehenik, enplegua sortzea, neurri zehatzen bitartez. Bigarrenik, gizartearen ardatz nagusi gisa, familia eta pertsonarik pobreenak. Hirugarrenik, Nafarroaren nortasuna defenditzea, erkidego bereizi moduan, Espainia herrialde handiaren barruan.

Nafarroaren nortasunaren defentsa diozu, baina autogobernuari makina bat eraso egin zaizkio: PPk errekurtsoak jarri dizkio hainbat foru legeri, VWen BEZaren auzia…

Eta VWena nori esker konpondu zen? Gauza bat da Nafarroak Espainiaren barruan bere estatus juridiko-politikoari eustea eta ez alderdi abertzaleek nahi duten anexio hori, eta beste gauza bat da foru erregimena. Guk ekintzen bidez defenditu dugu.

VWen BEZari dagokionez, ez al du agerian utzi Espainiaren eta Nafarroaren arteko erlazioak erabat asimetrikoak direla, eta ez al da Nafarroa ahulduta atera?

Auzia Espainiako Ogasun Agentziak piztu zuen, eta jendeak sinetsiko du edo ez, baina agentzia hori gobernutik independente da. Auzia PPk konpondu du, UPNk ez baitu gaitasunik hori konpontzeko, eta zer esanik ez gainerako alderdiek; hitz egin eta kritikatu dute, baina ez dute ahalmenik erabakitzeko.

Oposizioko alderdi askok leporatzen dizuete zuen agintaldian izan dela zentralizazio olde handiena, Aznarren edo sozialisten garaian baino handiagoa.

Hori ez da horrela. Ezkerreko gehiengoa duen parlamentu honek erabaki du Espainiako Gobernuaren aurkako legeak ezartzea. Adibidez, Nafarroako Kontseiluak edo parlamentuko letratuek ohartarazi dute lege gehienak konstituzioaren aurkakoak zirela. PPk errekurtsoak aurkezteko betebeharra zuen.

Hor daude PPri bete-betean eragiten dieten ustelkeria kasuak. Aldarrika dezake PPko hautagai batek zintzotasuna?

Bai, noski. Nik zintzotasuna eta esfortzu pertsonala aldarrikatzen ditut, eta gauza bera esan dezaket PPko zerrendako gainerako kideez. Ustelkeria kasuek min itzela egiten digute esfortzuz eta zintzotasunez lan egiten dugun guztioi. Diru publikoarekin aberastu diren guztiei, lehenik errugabetasun printzipioa, baina justiziak zigortzen baditu, bete dezatela zigorra eta, batez ere,itzul dezatela dirua. Inoiz ez daitezela politikara itzuli. Betoa betiko.

Zer balorazio egiten duzu Barcinaren legealdiaren inguruan?

UPNk eta Barcinak ez dute jakin lurralde hau zailtasunetatik ateratzen. Ez dute izan ahalmenik proposamenik aurkezteko.

UPNk hiru urte eman ditu bakarrik, baina une erabakigarrietan babestu duzue. Zergatik?

Gobernuari egonkortasuna emateko neurri oro babestu dugu. Nafarroako Gobernuarekiko leial jokatu dugu, hobe zelako zegoena aldaketa baino.

Ez al da kontraesana?

Ez. Gai ekonomikoetan, osasunean eta beste hainbat esparrutan gure irizpidea izan arren, horren gainetik dago Nafarroako egonkortasun instituzionala bermatzea eta galaraztea ezker nazionalismo erradikala gobernuan sartzea.

Zerrendetatik at dago Eloy Villanueva. Cerverak egindako salaketak zerikusirik izan du?

Ez, inondik ere ez. Ez da hori arrazoia. Hautagaitzan ez aurkeztea proposatu zuen.

Udan, Enrique Martin de Marcosek presidentetza utzi zuen Genovari «babes eta komunikazio falta» egotzita. Ados zeunden?

Enrique Martinek errespetu handiena merezi du nire aldetik. Berarekin batera lan egin dut, baina ez nago batere ados adierazpen horrekin.

Nolakoa da egun Genovarekin dagoen harremana?

Ona, zuzena. Ona, behar den bezala.

Inkestek ordezkaritza ematen diote Ciudadanos alderdiari. Botoak kenduko dizkizuen beldur zarete?

Benetan uste dut Nafarroako PPk direnak eta ez direnak egin dituela bere lanean, eta horrek sendotu duela etorkizunera begira. Herritarrek pentsa dezakete hauteskunde orokorrak direla, eta eskatzen dugu bozkatzeko pentsatuz foru hauteskundeak direla. Ciudanos eta Podemosek proposamenak mahai gainean jarri ahala, jendeak bere tokian jarriko ditu.

Zuentzat zailtasun gehigarria al da Rajoyren gobernuaren gestioa? Promesa gehienak ez zituen bete…

Ez dut onartzen interpretazio hori. BEZaren eta beste zerga batzuen igoerari buruz, esan dezaket legealdia oraindik ez dela amaitu. Haren zeregin nagusia zen aurreko gobernuak utzitako zulotik eta kiebratik ateratzea Espainia.

Bankuetan ez zuela eurorik jarriko esan, eta kapitalizazio zuzenean 60.000 milioi euro erabili dira, eta zati handi bat galdutzat ematen da...

Hori, zure ustez. Zer gertatuko zen baldin eta finantza erakunde horiek kiebra jo izan balute eta aurreztaileak ezer gabe geratu izan balira? Horregatik egin zen.

Jose Javier Esparzak orain eraberritzea aldarrikatzen du. Zer deritzozu?

Esparzak beruna darama hegaletan. Kontseilari izan zen, eta denbora asko darama politikan eta, gainera, orain ezin du neurriez hitz egin, gobernuan egon zenean ez baitzituen hartu.

Mundu guztiak barneratua dauka UPNk PPren botoak izango dituela. Hala al da?

Guretzat garrantzitsuena Nafarroako egonkortasun instituzionala da, eta guretzat premisa nagusia da alderdi nazionalistek ez dutela Nafarroaren nortasuna nahi.

Euskal nazionalismoaren mamua astintzea oraindik errentagarria da?

UPNri buruz ariko zara... Guk ez dugu nahi... Euskal alderdiak ez datoz, hemen daudelako. Hori da lehen premisa, baina haien asmoak anexioaren aldekoak dira, eta guri oso gogorrak eta onartezinak egiten zaizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.