Lehorteek eta uholdeek izanen duten eragin bortitzaz ohartarazi dute

Klima aldaketaren ondorio nabarmenak zerrendatu ditu Reseau Action Climat egiturak, Frantziako eskualdeka. Nicolas Goñi Bizi mugimenduko kideak Ipar Euskal Herriratu ditu.

Baiona Ttipia urpean, 2016ko uholdeen denboran. ISABELLE MIQUELESTORENA
Baiona Ttipia urpean, 2016ko uholdeen denboran. ISABELLE MIQUELESTORENA
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Etorkizuneko Ipar Euskal Herria: ur gutxiago, lehorte garai nabarmenagoak, ur zikloaren aldaketa, eurite bortitzak eta uholdeak, laborantzan eta barazkigintzan nagusi diren produktuak aldatu beharra, basogintza ere moldatu beharra, lur buztintsuen gorabeherek eragindako ondorioak etxeetan, kostaldearen higadurarenak ere bai... Klima aldaketaren ondorioak dira. 

RAC Reseau Action Climat egiturak (Klima Ekintza Sarea) Frantzia mailako lana atera du: eskualdez eskualde zerrendatu ditu gaur egungo eta etorkizun mugagarri bateko berotze klimatikoaren eraginak. Sintesi lana da, «erabakiak hartzeko tresna lagungarri» gisa erabilia izateko xedea duena. Lan horretan, beraz, Akitania Berriari buruzko datuak ere badira: klima aldaketaren ondorioen artean, batez ere, lehorteak aipatzen dituzte, horiek laborantzan duten eragina, sute arriskuak, eta itsas hegien higatzea.

RAC egiturako partaideetarik bat bada Bizi mugimendua, Ipar Euskal Herri mailan antolatua dena. Hain zuzen, RACen lanean agertzen diren Akitania Berriko datuak Ipar Euskal Herriratu ditu Bizi-ko kide Nicolas Goñik. Datu zehatzetan sartu aitzin, egoeraren analisi orokorra atera zaio Goñiri, kritikoa: «Ondorio handienak ez dira oraindik ikusten, eta bereziki irudikatzeko zailak dira gure eskualdean, betidanik nolazpait eskualde euritsua izan garelako, hezea, berdea, oihantsua. Orokorrean, gizartea ez da ongi ohartzen gertatzen ari diren aldaketen muntaz, eta oraindik segitzen dugu duela bost hamarkadako erreferentziekin; holako txosten bat ateratzen denean, ezustean harrapatzen gaitu».

Ura, altxor preziatua

«Ur gutxiago helduko zaigu, eta helduko zaigunak ziklo desberdina ukanen du», azaldu du Goñik. Udetan lehorte garai nabariagoak izanen dira, eta neguan, berriz, eurite trinkoagoak, uholdeak sortzeko modukoak; azken ondorio hori da, hain zuzen, Goñiren ustez kalte larrienak ekarriko dituena Ipar Euskal Herrian. Horrez gain, lehorteek, laborantzan ez ezik, oihangintzan eta hirigintzan ere eraginen dute bortizki.

Ipar Euskal Herrian —«azken hiru edo lau mendeetan» Goñiren erranetan— artoa da nagusitu den zereala; baldintza epel eta hezeak beharrezkoak ditu. Baina artoak ur gehien behar duen garaia da ur gutxien dagoen sasoia: hots, uztailean eta abuztuan. Hezetasuna beheiti doalako, geroz eta usuago, uzta txarrak emanen dituzten udak izanen dira, eta, emeki-emeki, ohiturak aldatzera behartuak izanen dira laborariak: bilakaerari jarraikiz, neguko zereal gehiago ekoiztu beharko direla uste du Goñik —zekalea, oloa, garagarra, adibidez—. Eta, barazkigintzan berdintsu: ur gutxiago behar dituzten espezieak lehenetsi, eta lurra lantzeko metodoak berrikusi beharko dira.

«Ez gaitzala aldaketak ezustean harrapatu: edozein planifikazio egiterakoan, pentsa dezagun nolako egoera izanen dugun bost hamarkadaren buruan»

NICOLAS GOÑI Bizi mugimenduko kidea

Lehorteek, bestalde, oihanetan ere aldaketak ekarriko dituzte. Orain arte Ipar Euskal Herrian gaindi nagusi izan diren bi zuhaitz espezie nahiko «sinboliko edo garrantzizko» aipatu ditu Goñik: haritza eta pagoa. Pagoak beharrezkoak dituen klima ezaugarriak zehaztu ditu gero: «Udak ez beroegi, eta ur nahikoa. Pagoa da klima aldaketarekin gehien sufrituko duena gure eskualdean». Adibidez, Irati eta Arbailako oihanetan badira pago anitz. Orain, maluruski, bertan idortu eta hiltzeko arriskuan dira, zeren berezkoak dituzten lurraldeen klima ez baitzaie haboro egokia. Horiek horrela, artoa ez den beste zenbait zereal ekoizten hasi beharko den gisan, pagoa ere ordezkatu beharko da. Oihangintza planetan moldaketak egin beharko direla azaldu du Goñik, orain arte hor ziren espezieak moztu eta ordezkatzeko momentuan «hegoalderago diren espezieak» jarriz.

Arbailetako oihana, Zuberoan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Arbailako oihana, Zuberoan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Klima aldaketak eragindako lehorteengandik kalteak jasanen dituen beste arlo bat hirigintza da. Horretan, beharbada, gizakia lasterrago eta zuzenkiago hunkia izanen da. «Lehorte garaietan lur buztintsuak kizkurtuko dira nolabait, eta bolumena txikituko zaie; aldiz, euria eginez gero, puztuko dira. Hori etxe azpitan izanik, pitzadurak sortuko ditu paretetan». Jadanik gertatzen den fenomeno bat da, baina oso zentimetro gutxiren afera da, jasangarria oraino; haatik, urtetik urtera emendatzeko arriskuan dago. Zehazkiago kokatu du problema Ipar Euskal Herrian: «Hori gertatuko da, batez ere, Hendaiatik Ahurti aldera, Lapurdi hego-mendebaldetik ipar-ekialdera».

Oihangintzak ez bezala, lehorteek etxeetan dituzten ondorioek, ordea, kostuak izanen dituzte norbanakoarendako. Eraikuntzaren eta asurantzen arloan arazoak sortuko dira: alde batetik, oso zaila bilakatuko baita eremu horietan eraikitzea; bestetik, asurantza konpainiek arrisku horiek guztiak kontuan hartuko baitituzte —eta hasiak dira jadanik— etxe bat aseguratzean, prezioak igoz edo aseguratzeari uko eginez batzuetan. Gainera, arazo horiei aurre egin beharko dion jendea ez da lehorteengatik bere murruetan pitzadurak agertzen ikusiko dituena soilik: higadurak, era berean, etxe andana bat arriskuan jartzen ditu gaur egun, eta hamarkada gutxi barne baliteke horiek hustu behar izatea, arriskutsuegia bilakatuko direlakoan. «Argi da Miarritze eta Bidarteko [Lapurdi] gune batzuetan», erran du Goñik, adibide gisa.

Azkenean, eta kontzientziak pizteko-edo, borobildu du: «Ez gaitzala aldaketak ezustean harrapatu: edozein planifikazio egiterakoan, pentsa dezagun nolako egoera izanen dugun bost hamarkadaren buruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.