Udal eta foru hauteskundeak Elkarrizketa. Eneko Goia. EAJren Donostiako alkategaia

«Lehiatu nintzen Odon Elorzarekin, eta hark galdu zuen»

Donostia gobernatzeko «batuketa bat» beharko dela badaki Goiak, baina EAJ-PSE bikotik harago, ez du baztertu ezkerreko «hirukoa» egotea batuketa horretan, «Eneko Anduezari entzun eta gero».

JON URBE / FOKU.
xabier martin
Donostia
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Pandemiak irekitako parentesi luzearen amaieran, Donostiaren eguneroko arazoak indarrez azaleratu dira, eta etxebizitzarena handienetakoa da hiri garestien artean garestienean. Turismoa da beste auzi bizi-bizia Donostian, etxebizitzari zuzenean eragiten diona. Eneko Goiak (Donostia, 1972) «beste aldagai batzuk» aipatu ditu etxebizitzaren «aspaldiko arazoa» azaltzeko.

Ez al zaio neurriz gain joan udalari turismoaren hazkundea?

Oso garaiz aurre egin diogu. Hotel eta pisu turistiko gehiagorentzat baimenak ez ematea hartu dugun laugarren neurria da. Parte Zaharra eremu saturatua izendatu genuen aurretik, eta, gero, etxebizitza turistikoak arautu genituen; batzuk itxi eta isun batzuk ere jarri ditugu, horren harira. Fenomeno hori hazi den neurrian kudeatuz joan gara, garaiz.

Urte gutxian hotel mordoa eraiki dituzte hirian, ordea.

Donostiak defizit bat zeukan gaitasunean; denok geunden ados horretan 2015ean. Kursaalek zioen ezintasuna zuela kongresuak antolatzeko. Zinemaldiak ere esaten zuen ezin zela hazi. Kirol ekitaldi handiekin beste horrenbeste gertatzen zen. Egia da oso azkar eguneratu dugula egoera; beste hiri batzuetan hamar urteko prozesuak izan direnak gurean bostekoa izan da. Baina orain oreka dago.

Etxebizitzaren arazo mardulean ere ez du lagundu prozesu horrek, ezta?

Etxebizitzaren arazoa oso zaharra da Donostian; turismoak izan duen bilakaerarik gabe ere, arazo larria zen 2008an.

Ez al daude lotuak arazo biak?

Ez dut ukatuko turismoak eragiten duela, kontrolatzen ez bada behintzat, baina beste aldagai asko daude. Eta Donostiak inoiz baino biztanle gehiago dauzka orain.

Donostiar askok diote beren lekua galdu dutela Parte Zaharrean eta beste auzo batzuetan. Ez al da galdu oreka jadanik?

Ez. Hiriaren nortasunean dago turismora zuzenduta egotea. Gure arbasoek erabaki zuten hori, XIX. mendean; bestela, Kontxako badia ez litzateke hondartza izango, portua baizik. Gure historiaren parte da. Eta horrek aberastasun handia dakar, eta eragozpen batzuk ere bai. Eragozpen horiek ahalik eta ondoen kudeatu behar ditugu. Eguneko bisitari askoren arazoa beste arazo bat da, ordea, eta ez du soluzio errazik, ezin dugulako hesi bat jarri Aritzetan.

Zer diozu Donostia Venezia moduko hirien ereduan dabilela entzutean?

Barregarria da. Veneziak biztanleak galdu ditu; Donostiak irabazi egin ditu. Hiriko etxebizitzen %83 ohiko etxebizitzak dira; Donostiak etxe turistiko asko dituela? Getariak gehiago ditu biztanleko, baina han ez da arazoa, nonbait; bakarrik hemen. Jarrera politiko jakin bat ikusten dut hor.

Norberaren auzoan zahartu nahi izatea «eskisitoa» dela esan zenuen duela urtebete. Damu zara esan izanaz?

Ez naiz damutu, esaldi hori testuingurutik aterata erabiltzen ari direlako; ez nuen esan elkarrizketa batean. Auzo jakin batean, babes ofizialeko etxebizitza hartzeari jende asko ari zitzaion uko egiten, eta horren harira esan nuen ezinezkoa zela norberak nahi zuen auzoan babes ofizialeko etxebizitza aukerak sortzea. Unibertsitateko ikasle batzuen lan baten harira esan nuen, eta haien tutoreak baimenik gabe kaleratu zuen Eldiario.es-en. Eta larria da etika periodistikoaren ikuspuntutik.

Noizko turismoaren tasa? Ematen du Donostiaren interesen aurka ari dela Jaurlaritza...

Alde ez da ari, behintzat. Espero dut gogoeta egingo dutela, eta uste dugun baino lehenago helduko dela. PSOE Sevillan ere proposatzen ari da. Bartzelonan, Parisen, Erroman... hiri askotan dago jadanik. Ez dut dudarik hurrengo legegintzaldian iritsiko dela.

Baina zertarako erabiliko da tasa horren bidez bildutako dirua?

Hiriko zerbitzuen kalitatea bermatzeko, eta turismoak sor ditzakeen eragozpenei aurre egiteko.

San Bartolomeko merkataritza zentroa egin egingo da?

Proiektu hori Bildurena da. Gauzak azaltzean, komeni da kredoa ez hastea Pontzio Pilatorekin, jatorritik baizik. Bilduk etxe honen ardura hartu zuenean [udalarena], Odon Elorzaren jatorrizko proiektuak zulo handia zuela ikusi zuen, eta proiektua gaurkotu zuen. Orduko talde guztiok babestu genuen hori, operazioa bideragarria izan zedin. Niri ez zait larria iruditzen proiektu hori egitea. San Bartolemeko eremu apaldua pizten lagunduko luke, eta aparkalekuekin ere bai, kalea oinezkoentzako bihurtzeko.

Odon Elorzak Arartekora jo du proiektu horren aurka. Zer iruditzen zaizu?

Ez dut gogo handirik Odon Elorzarekin sestran sartzeko, baina berak egindako operazio horretan bere balorazioa izan zen etxebizitzaren metro karratua 9.000 euroan salduko zela. Ez daukat ezer gehiagorik esateko.

Arnasa hartu zenuen PSEren primarioak Marisol Garmendiak irabazi zituela ikusita? Askok diote Elorza lehiakide gogorragoa izango zela.

Ez; biharamunean Elorzak esan zuen nik lo ondo egin nuela, baina nik lo ondo egiten dut Realak irabazten duenean. Lehiatu nintzen Elorzarekin, eta hark galdu zuen. Baina nahiago dut edukiei buruz aritu, pertsonei buruz baino.

Garraio arazoak agerikoak dira Donostian. Metroak lagunduko du horretan?

Bai, jakina. Topoaren obrak arazoak sortu ditu, normala denez, baina erantzun diegu, eta, gaur egun, aurreikusitakoaren arabera doa. Pasanteak aldaketa handia ekarriko du, ekarpen bikaina. Espazio urbano berriak sortuko dira; hiriaren gainazala aldatu egingo da Eason, oinezkoentzat eta bizikletentzat.

Donostiarrei baino gehiago, Donostiara datozenei ez al die mesede egiten metroa deitu dutenak?

Gaizki al dago Errenteriatik edo Lasartetik Donostiara etortzea? Nahiago dut lanera, ikastera edo erostera etortzen direnak garraio jasangarri batean etortzea autoan etortzea baino. Gako metropolitano batean bizi gara. Topoa ez da Amaratik hondartzara joateko.

EH Bilduko Juan Karlos Izagirre ez duzu urrun inkestetan. PSE-EEren segurtasun sare horrek lasaitasuna ematen dizu?

Lasai ez da behin ere egon behar. Ez dago ezer idatzita, ez emaitzen inguruan, ezta geroko formulen inguruan ere.

Itunei buruz ez al dago idatzita PSEren babesa edukiko duzula?

Ez, emaitzen arabera izango baita hori. Udalean egonkortasuna egotea garrantzitsua da. Batuketa bat beharko da, baina ikusiko da zein den. Eneko Anduezari entzun eta gero, agian hiruko bat egiteko gogoa izango du [EH Bildu-PSE-EE, Elkarrekin Podemos].

Ez al da hori fikzio politika?

[Jose Antonio] Santanori galdetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.