Lehia, garapenaren gainetik

Enpresak nazioartekotzeko politikak ikertu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako GKEen koordinakundeak, eta ondorioztatu du giza garapeneko irizpideak ez direla oinarri.

Lankidetzan diharduten gobernuz kanpoko erakundeek BIlbon egindako protesta bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hainbat dira norbere herrialdetik atera eta nazioartera jauzi egitea erabakitzen duten enpresak. Halakoetan, indarrean dira enpresak nazioartekotzeko kanpo politikak, haien jardunak beste herrialdeetan izan dezakeen ondorioak gogoan hartzeko. Hain zuzen, enpresa horiek giza garapen iraunkorraren eta giza eskubideen irizpideen jakitun egon behar dute, urraketarik izan ez dadin. Halere, aurkakoa diote ikerketek: enpresen arteko lehiakortasuna gailentzen da, eta bazter uzten dituzte beste herrialdeetan jarduteko politika horiek. Euskal enpresak ere horren parte dira, GKE gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dutenez.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garapenerako GKEen koordinakundeak ikerketa bat bultzatu du, enpresek nazioartekotzean zer politika erabiltzen duten aztertzeko, hau da, ikertzeko ea gobernuek zehaztutako irizpideetan oinarritzen diren ala ez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako eta hiru lurraldeetako foru aldundietako kanpo politikak hartu dituzte hizpide. OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak egin du azterlana: Giza garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Enpresak nazioartekotzeko Euskadiko politikaren bereizgarri nagusiak. 2017an ere antzeko lan bat argitaratu zuten, baina orduan Jaurlaritzaren politikak baino ez zituzten aztertu. Hau hurrengo urratsa da.

Gorka Martija ikerketaren egileetako bat da, eta helburuak izan ditu aipagai. Batetik, jakin nahi zuten ea Jaurlaritzak aintzat hartu dituen lehen ikerketan eginiko gomendioak, ea kanpo politikak aldatu dituen ala ez. Bestetik, ikerketa eremua zabaldu nahi zuten, eta aldundietan ere arreta jarri. Horretarako, 2017-2019 urteak hartu dituzte lagintzat, eta, aurreko ikerketarekin alderatuta, ondorio nagusi batzuk atera dituzte: «Jaurlaritzak barneratu ditu puntu batzuk, baina elementu periferikoak dira, eta ez dira nahikoak». Zehaztu du, esate baterako, Agenda 2030 programari dagozkion irizpide batzuk aintzat hartu dituela, baina ikuspuntu kualitatibotik eta kuantitatibotik ez zaiela «aski» iruditzen.

Lagundu, baina ez zuzendu

Bada ondorio gehiago ere. Martijak jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kanpo ekintzaren marka ez dela giza garapen iraunkorra. «Politika nahiko konplexua da, eta eragileak ikertu ditugu emaitza horretara iristeko: batzuek era zuzenago batean hartzen dute parte; besteek, modu periferikoago batean». Zehazki, zuzeneko eragina dutenei dagokienez, Jaurlaritzako eta aldundietako ekonomia garapeneko sailak izan dituzte oinarri, eta, zeharkakoetan, kanpo ekintzari lotutakoak. Izan ere, uste zuten kanpo ekintzako eragileek esku hartze garrantzitsua izan zezaketela irizpideak ezartzean, baina ondorioztatu dute ez dutela indarrik: «Ez dute borondaterik beste ikuspuntu kritiko bat eskaintzeko, ez dute beste aukerarik giza garapen iraunkorra eta giza eskubideak bermatzeko». Martijak, beraz, nabarmendu du kanpo politiketan enpresa lehiakortasuna gailentzen dela, eta kanpo ekintzarako sailak zeregin bakarra duela: ekonomia garapeneko departamentuek zuzentzen dituzten politikak bultzatzea.

Konpromisoak ere aztertu dituzte ikerketan. Martijak adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zenbait konpromiso hartu zituela EAEko garapenerako politiken koherentziarako erreferentzia esparrua agirian, 2015ean. «Hor aipatu zuten politika ekonomikoak etengabeko hazkundeari eta lehiakortasun hutsari lotutakoak direla, eta ez direla bateragarriak giza garapen iraunkorreko irizpideekin». Beraz, ikerketaren egileak azpimarratu du dokumentuan islatutako hutsune horiek bete eta enpresak nazioartekotzeko politikan txertatzeko konpromisoa hartu zuela Urkulluk. Halere, uste du horretarako «moldatu» egin behar dela politika horren ideia.

Gomendio sorta bat

Martijaren arabera, apurka iritsi dira zehaztasunetara, ikerketa «esparru zabal eta orokor batetik» hasita. Ondorioen ostean, berriz, proposamen sorta bat egin dute. «Egun enpresak nazioartekotzeko politika hegemonikoa kolokan dago, eta, ondorioz, haien benetako izaera; beraz, ildo estrategikotik aldaketarako esfortzua egin behar da: enpresa lehiakortasuna eta merkatuan aurrera egitea ezin dira ia-ia irizpide bakarrak izan».

Enpresen eta Giza Eskubideen Euskal Zentro bat sortzea da proposamenetako bat. «Borondaterik ezari lotutako hutsune bat dago giza garapen jasangarrien eta giza eskubideen eremuan; zentroaren egitekoa hori betetzea litzateke». Funtzioen artean izango luke, bestek beste, politika publikoen definizioan parte hartzea eta egun ez dauden irizpideak txertatzea, beste herrialdeetan salaketak jasotzea, eta, neurri batean, zigorrak ezartzea.

Horrez gain, azterlanean proposatu dute Basque Consortium plataforman parte hartzen duten eragileen «espektroa» ere zabaltzea. Jaurlaritza, hiru diputazioak eta merkataritza ganberak daude erakunde horretan, eta Martijak uste du publikoaren eta pribatuaren arteko «aliantza bat» sustatzen duela. Beraz, funtsezkotzat jo dute plataforma horretara ekonomia sozial eta solidarioko eragileak batzea, baita sindikatuak eta GKEak ere, garapen iraunkorraren eta giza eskubideen alde jardun ahal izateko. Hala, egileek uste dute posible izango dela gobernantza publikoen «ikuspuntu orokorra» aldatzea, «lehiakortasun hutsa» ez dadin izan irizpide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.