Lehia estua, EHU hobetzeko peskizan

Bihar egingo dituzte EHUko errektoretzarako bozak; Joxerramon Bengoetxea eta Eva Ferreira arituko dira lehian. 50.590 pertsona daude botoa ematera deituta. Botoa haztatua da; lotura iraunkorra duten 2.326 irakasle doktoreen botoak %56ko pisua du.

EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Bihar egun erabakigarria izango da EHU Euskal Herriko Unibertsitatearentzat; hurrengo sei urteetarako lemazaina nor izango duten aukeratuko dute errektoretzarako hauteskundeetan. Errektoreak eta bere taldeak esku bete lan izango dute, asko baitira unibertsitate publikoaren beharrak: lan baldintzak hobetzea, digitalizazioa sustatzea, euskararen erabilerarako eta prestigiorako akuilu izatea, finantzaketa hobetzea… Bi hautagaitzak hilabeteetan aritu dira lanean biharko egunari begira. Honatx prozesuaren gako nagusiak:

1

Hautagaitzak

Bihar, bi errektoregai egongo dira aukeran. Ez da horrelakorik gertatu 2008tik; orduan, Iñaki Goirizelaia eta Marisol Esteban aritu ziren lehian; harrezkero, hautagaitza bakarra egon da, 2012an, 2016an eta 2020an. Orain, berriz, Eva Ferreira edo Joxerramon Bengoetxea hautatzeko aukera izango dute unibertsitate publikoko langileek eta ikasleek.

Ferreira Barakaldon (Bizkaia) sortu zen, 1963an, eta ikasketaz Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn. Aurrez ere unibertsitate publikoaren kudeaketan aritua da. Azken agintaldian, EHUko errektorea izan da; 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia. Unibasquen zuzendaria ere izan da; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate sistemaren kalitatea aztertzeaz arduratzen da agentzia hori.

Bengoetxea, berriz, Irunen (Gipuzkoa) jaioa da, 1963an. Ibilbide luzea egina du akademian. Zuzenbidean doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean eta Zuzenbidearen Filosofian katedraduna EHUn. Zenbait sari jaso ditu bere lanagatik: Eusko Ikaskuntza Saria eta Jesus Maria Leizaola sariak, besteak beste. Gainera, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko letradua izan zen, baita Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea ere 1998tik 2001era.

2

Hauteskunde kanpaina

Botoen arrantzan, hilaren 8an hasi zen hauteskunde kanpaina, eta atzo amaitu zen. Hautsak harrotuta egon dira. Ferreiraren taldeko Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde eta hautagaiak dimisioa eman zuen, troll kontu bat sortu zuelako X sare sozialean, Bengoetxearen taldea iraintzeko. Ferreirak «atsekabea» adierazi zuen, baita gertatutakoa gaitzetsi ere: «Modu pertsonalean, oso atsekabetuta nago. Ez nuen ekintza horien berri, jokabide guztiz pertsonala izan baita. Mezu horien edukia eta jokabidea bera guztiz onartezinak iruditzen zaizkit».

Alabaina, tentsioa ez da horretara mugatu. Bengotxearen taldeak Ferreirarenari egotzi zion zailtasunak ipintzen ari zirela eztabaida publikorako. Leporatu zieten Ikasle Kontseiluak antolatutako eztabaidan publikorik ez egoteko ahaleginak egitea, eta EITBn eztabaida bakar bat egin nahi izatea, Radio Euskadin, gaztelera hutsean. Lehenengo eztabaida joan zen asteartean egin zuten, EHUren Leioako campusean (Bizkaia), Ikasleak Kontseiluak antolatuta, eta nahi zuen orori eman zioten azkenean bertan egoteko eta galdetzeko aukera; nagusiki gazteleraz izan zen. Bigarren eztabaida ostegunean izan zen, Radio Euskadin, gazteleraz. Ez dute euskara hutsean eztabaidarik egin.

3

Bozketa

Bihar izango da bozketa eguna. 09:00etan zabalduko dituzte hautetsontziak, eta 18:00ak arte izango dute botoa emateko aukera. 50.590 lagun daude hautetsontzietara deituta; irakasleek eta ikasleek beren zentroetan emango dute botoa, eta Tekazel kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikariek campusetako hiru errektoreordetzetan eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Mila hautetsontzi baino gehiago jarriko dituzte. Egunean bertan jakingo da nor izango den errektorea, 20:30 aldera; BERRIAk bertatik bertara jorratuko du.

Botoa haztatua da; alegia, EHUko kide guztien boto paperak ez du balio bera. 2.326 dira lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak; beraien botoak du pisurik handiena —%56,25 dagokie—.

Askoz gehiago dira unibertsitate publikoko ikasleak: 42.837. Beraien botoak, baina, balio txikiagoa izango du: %22,08koa. Horien atzetik daude Tekazelak: 1.977 langile dira, eta beraien botoak %12,08ko pisua du; 1.649 dira lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreak edo lotura iraunkorrik ez duten irakasle eta ikertzaile doktoreak, eta %8ko balioa du beren botoak; eta beste irakasleak eta ikertzaileak: 1.801 dira, eta beraien botoak %1,59 balio du.

Botoa aldez aurretik modu presentzialean emateko aukera ere egon da, hilaren 18tik 21era. Ordea, kanpoan dauden ikasleek nahiz langileek ez dute aukerarik edukiko modu telematikoan botoa igortzeko; Bengoetxearen taldeak galdegin zuen, baina Hauteskunde Batzorde Nagusiak ukatu egin zuen.

Horiek horrela, parte hartzea gakoa izango da, nor joango den hautetsontzietara eta nor ez. Historikoki txikia izaten da EHUko hauteskundeetako parte hartzea. Esaterako, azken hauteskundeetan, Eva Ferreira soilik aurkeztu zenean, %7,7ko parte hartzea egon zen. Bereziki, estudianteen parte hartzea izaten da txikia: %2,1 baino ez ziren joan. 

4

Aurrera begirakoak

Eta zer gertatuko da bihartik aurrera? Hauteskunde prozesuari dagokionez, abenduaren 3an aldarrikatuko dute behin betiko errektorea. Hortik aurrera, izango dute zereginik. Esaterako, finantzaketari dagokionez, bi errektoregaiek hitzemana dute ahaleginduko direla barne produktu gordinaren %1 unibertsitate publikoarentzat izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.