Lehentasuntzat jo du Urkulluk helduen euskalduntzea

Euskaltegietako arduradunekin bilera bat egin dute Eusko Jaurlaritzako agintariek Maizpide euskaltegian

Urkullu eta Uriarte, atzo, Lazkaoko Maizpide euskaltegian. JUANAN RUIZ / ARP.
urtzi urkizu
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Aurtengo Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan lehentasunezko lerroetan jarri dugu helduen euskalduntzea». Iñigo Urkullu lehendakariak euskaltegi publiko nahiz pribatuetako arduradunen aurrean egin zituen hitz horiek atzo, Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide euskaltegi-barnetegian. 25 urte bete ditu aurten Maizpidek, eta, Urkullurekin batera, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ere parte hartu zuen euskaltegira egindako bisitan. Bilera labur bat ere izan zuten euskaltegietako ordezkariekin.

Urkulluk gogorarazi zuen ikasturte honetarako 31 milioi euroko diru laguntza deialdia egin duela euskaltegietarako. HABEk 106 euskaltegi homologatu ditu sarean. Eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan, 36.000 ikasle daude. «Gure gizarteak elebitasunean aurrera egiten jarrai dezan, euskaltegiok funtsezko zeregina betetzen duzue», nabarmendu zuen lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzak «konpromiso sendo» bat hartu du euskararekin eta bizikidetzarekin, Urkulluren esanetan. «Gure herriaren eraikuntzan euskara biziberritzea zutoin bat da».

Bestalde, lehendakariak gonbita egin zien elebakarrei, euskara ikasteko urratsa egin dezaten: «Ez dezatela izan zalantzarik. Pertsona legez aberastuko dira, eta aldi berean ekarpen handia egingo diote gizarteari».

Jean Haritxelar zenaren lana ere goraipatu zuen Urkulluk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.