Euskara. 'Eta hemendik aurrera zer?' dokumentua

LEHENTASUNAK

2016ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan egindakoari eustea aipatu dute lehentasunen artean, ikusten baitute atzerapausoak emateko arriskua ere. Adin taldeei begira, lehentasun nagusia gazteak direla nabarmendu dute.

Dimentsio makrosoziala

Diskurtsoa. «Behar da euskararen gaineko diskurtso partekatua, hizkuntza hautu ezberdinen errespetua eta euskararen aurrerabiderako eraginkortasuna aintzat hartzen dituena». «Euskarari soineko berri bat josi behar zaio, diskurtso berritu bat, argiari lotua, baikorra, erakargarria, partekatua».

Legitimitatea. «Euskararen erabileraren aldeko giroa indartu behar da». «Erabiltzaile potentzialen berri erraz jakiteko ikur edo irudia landu eta zabaldu behar litzateke».

Legea. «EAEn dugun araubidea lege bitarteko eraginkorra izan da, eta etorkizunari begira ere egokia izaten segitzen du, garapenerako aukerak ematen baititu». «Oso bereziki zaindu beharko da lege arau sektorialetan hizkuntzen trataera egokia txertatzea».

Lurraldea. «Euskara biziberritzeak euskararen lurralde osorako helburu komuna izan behar du. Egokia litzateke lurraldeetako herri erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza garatzea».

Espainia eta Europa. «Europan hizkuntza aniztasunak etorkizunean hartzen duen norabideak eragin lezake euskararen bilakaeran». «Espainiako Estatuan ahalbidetu behar da hizkuntza hitzarmen berri bat, Espainiaren eleaniztasuna praktikan bere egin dezaten estatuko erakundeek, eta gaztelania ez beste hizkuntza ofizialek izan dezaten adin nagusiko hizkuntzen legezko aitormena estatuan eta erabiliak izateko aukera estatuko erakundeetan».

Administrazioa. «Administrazioari lotutako zerbitzu publikoen esparruan (Polizia, osasun zerbitzua, justizia eta gainerako guztiak hartuta) arreta elebidunerako gaitasuna borobiltzea oso garrantzitsua da».

Dimentsio mikrosoziala

Harreman sareak. «Lehentasunak finkatzerakoan berebiziko garrantzia behar dute aisialdiak,IKTek, hedabideek, alor sozioekonomikoak eta lan munduak». «Garrantzi betekoa da gizarteak berezkoak dituen eremuetako eragile naturalek —enpresari, sindikatu, hedabide, alderdi politiko, kirol erakunde, arte eta kulturgile eta abarrek— beren ohizko jardunean euskararen erabilera ere integratu dezaten pausoak ematea».

Trinkotasuna. «Behar-beharrezkoa da hiztun komunitatea trinkotzea. Horretarako, besteak beste, garrantzizkoa da arnasguneak garatzea, hizkuntza erabileretan euskara hizkuntza nagusi den eremu geografikoak eta, batez ere, esparru sozio-funtzionalak izatea, hedatzea eta indartzea».

Norbanakoaren dimentsioa

Gaitasun erlatiboa. «Gaitasun erlatiboa da egungo herritar elebidun askoren ahulezia, bereziki mintzajardunari dagokionez. Ahozko gaitasuna urria bada, nekez erabiliko da hizkuntza hori». «Garrantzitsua izango da euskararen transmisioa lantzen denean zeregin hori ikuspegi kognitibo soiletik ez planteatzea eta hizkuntza sozializazioaren alderdia sendotzea».

Hezkuntza. «Arreta jarri beharko genuke, beste zenbaiten artean, irakasleen euskara gaitasun komunikatiboa hobetzean eta eskola inguruneko jarduera ez-akademikoetako hizkuntzan». «Eskola barruan ahozkotasuna lantzeak hobekuntza nabarmenak ekar ditzake».

Euskaltegiak. «Gutxieneko maila baterainoko ikas-prozesua aprobetxamendu akademikoaren arabera doakoa izatera iristea eragingarria izango litzateke».

Motibazioa. «Lehen mailako arreta eskatzen duen gorabehera da motibazioarena». «Herritarren hizkuntzarekiko atxikimendua elikatu egin behar da, eta euskararen aldeko sentiberatze lana etengabe egin, erreferentzialtasuna duten arlo eta mota guztietako lidergoen eta portaera eredugarrien zabalkundea tarteko». «Garrantzitsua da erreferenteak izatea edo sortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.