Lehentasunak ezarrita, lanera

Eusko Jaurlaritzako sailburuek datozen asteetan emango dute legealdiko lehentasunen berri Eusko Legebiltzarrean. Horien artean daude Osakidetza, etxebizitza eta Ertzaintza.

Jauregi, Pedrosa, Martinez, Garcia eta Hurtado, atzo, Miramarren; atzean, Pradales. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jauregi, Pedrosa, Martinez, Garcia eta Hurtado, atzo, Miramarren; atzean, Pradales. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
aitor biain
2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako sailburuek uda aurretik ekin zioten euren lantaldeak osatu eta bide orriak fintzeari. Kargua hartzean zehaztu zituzten sailburuek zeintzuk izango ziren beraien lehentasunak, baina datozen asteetan emango dute horien berri xeheago Eusko Legebiltzarrean egingo dituzten agerraldietan. Pradalesek jakitera eman duenez, irailaren 16an hasiko dira agerraldi horiek. Lehendakariak sailburuei eskatu die datozen urteetarako egitekoen berri garbi eta xehe emateko. Ondorengoak dira orain arte zehaztu dituzten lehentasunetako batzuk:


OSASUNA: Herri ituna

Osasun publikoaren aldeko herri ituna lortzea da Pradalesen agintaldiko helburu nagusietako bat. Osakidetzak dituen arazoei irtenbidea eman nahi die, eta, asmo horri lortzeko, eragile guztien babesa lortu nahi du. Ahalik eta adostasunik zabalena lortzeko helburuarekin, Alberto Martinez Osasun sailburuak datorren ostegunean osatuko du mahaia. Lan egutegia eta metodologia zein izango diren jakinaraziko du orduan. Pradalesen nahia da sei hilabeteko epean lortzea ituna, eta osasun zerbitzu publikoa indartzeko ezinbesteko bultzada izatea. Horri lotuta, hain zuzen, lehen arreta «indartzea» eta itxaron zerrendak murriztea izango dira Martinezen erronkak, baita langileen lan baldintzak hobetzea eta profesional eskasiari aurre egitea ere. 

ETXEBIZITZA: Alokairua sustatzea 

Etxebizitza politika Pradalesen agintaldiko ardatzetako bat izango da, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ikusi bezala. Denis Itxaso sailburuaren ardura izango da hori gidatzea. Besteak beste, lehentasun izango du alokairurako etxebizitzen eskaintza handitzea, horretarako politikak sustatuz eta etxebizitza berriak eraikiz. Hain zuzen, datozen lau urteetan 7.000 etxebizitza babestu eraikitzea da haren helburua. 2015eko Etxebizitzaren Legea eta 2022-2036ko aldirako Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala izango ditu bereziki horretarako tresna. Baina baita Espainiako Etxebizitzaren Legea ere, zeinari helegitea jarria dion Jaurlaritzak, haren eskumenak urratzeagatik.

AUTOGOBERNUA: Eskumen berriak xede

Gernikako estatutua osatzea da lehendakariaren beste helburu nagusietako bat. Eusko Jaurlaritzak jaso gabe dituen eskumenak urte eta erdiko epean jaso nahi ditu. Hori lortzeko, buru-belarri ari da lanean jada Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua. Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroarekin bildu zen uztailean, eta adostu zuten urria amaitu aurretik eratzea bitariko batzordea. 

Denera, 29 eskumen daude oraindik ere Espainiatik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara aldatu gabe. Horietako batzuk laster eskualdatzea espero da. Bi aldeek badute gai horietan aurrera egiteko oinarria, aurreko legealdian jada txosten tekniko eta proposamen batzuk trukatu baitzituzten.

SEGURTASUNA: Ertzaintzako gatazka

Iñigo Urkulluren buruko minetako bat bilakatu zen Ertzaintzaren lan gatazka aurreko legealdiaren hondarrean. Josu Erkoreka Segurtasun sailburu ohiak ez zuen lortu onbideratzerik, eta Pradalesek Bingen Zupiriaren eskuetan utzi du sindikatuekin konponbide bat topatzeko ardura hori. Kargua hartu berritan, negoziaziorako borondatea agertu zuen Zupiriak, eta adierazi zuen poliziak «jokabide eredugarria» izan behar duela. Zentzu horretan, lehentasuna ertzainei «baliabide gehiago» ematea izango duela azpimarratu du. 

TURISMOA: Turismoaren zerga

Kargua hartu berritan iragarri zuen Javier Hurtado sailburuak turismoaren zerga indarrean jartzeko abagunea dela. Proposamena ez da berria, lehen ere egina baitu Jaurlaritzak, baina ez zuen onartu, horretarako adostasun nahikorik ez zuelako. Baina hainbeste handitu da turisten kopurua azkenaldian, ezen inork ez dion uko egin nahi diru gehigarri horri. Gaua Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako ostatu batean pasatzen duten turistek tasa bat ordain dezaten nahi da, «sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzeko». Urtea amaitu aurretik aurkeztu nahi du sailburuak lege proiektua. Zerga hori nork jaso beharko lukeen da eztabaida nagusia, ordea; udalek tasa izatea nahi dute, dirua hori beraiek jaso eta nahieran erabili ahal izateko. Hala eskatu dute hiriburuetako alkateek. Pisu turistikoak arautzea ere izango du egitekoen artean sailburuak. 

EKONOMIA: Europako funtsak

Pedro Azpiazuk Ekonomia eta Ogasun sailburu ohiak behin baino gehiagotan eskatu zion Pedro Sanchezi Europako funtsen kudeaketa erkidegoen esku uzteko, esleipena azkarragoa eta eraginkorragoa izan zedin. Kexu zen Azpiazu behar baino gutxiago eta beranduago iristen zelako dirua. Jaurlaritza berrian Mikel Torresek hartuko du funtsak kudeatzeko ardura, eta ikusi beharko da Azpiazuk lortu ez zuena lortzen duen. Aurreko legealdian onartu zen Enplegu Legea garatzea ere izango du helburu sailburuak, besteak beste. 

JUSTIZIA: Espetxe politika

EAJk espetxeen eta memoriaren kudeaketa PSEren esku utzi izanak kezka eragin du zenbait alderdi politikorengan eta eragilerengan. Izan ere, Maria Jesus San Jose sailburuak orain arte esandakoek iradoki dute Eusko Jaurlaritzak aurreko urteetan egindako bidea beste norabide batean jar dezakeela. Sailburuak helburu gisa jarri ditu presoek «egindako kaltea aitortzea» eta «erantzukizuna euren gain hartzea». Ikusteko dago horrek nola eragin dezakeen euskal presoei buruz hartu beharreko erabakietan; batez ere, gradu aldaketei dagokionez. Horrez gain, memoria eta bizikidetza alorrean ere orain arteko jardunbideari eutsiko dion ez dago argi, Gogorak «lerratuegi» jardun duela iritzi baitio sailburuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.