Idoia Trenor. Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kidea

«Lehenik geuk aktibatu behar dugu ingurua euskalduntzeko»

Donostiako Bagera elkarteak liburu batean bildu ditu Euskal Herriko hamar lekutan euskararen alde egin diren egitasmoak. Gida liburu bat ere osatu dute egitasmo bat martxan jarri ahal izateko gakoekin.

Donostia
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal herritarren hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera bultzatzeko hainbat tokitan egin diren egitasmoak bildu ditu liburu batean Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Nola egin dute? Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma izenburupean, Idoia Trenor Bagerako kideak idatzi du liburua.

Zer dela-eta liburua idazteko erabakia?

Egian (Donostia), euskaraz bizitzearen aldeko egitasmo bat egin genuen, eta lan hori euskarriren batean biltzea interesgarria izango zela ikusi genuen. Baina inguruko herrietatik deiak jasotzen hasi ginen, gure esperientzia kontatzeko esanez. Beste herrietan ekinbide antzekoak martxan jarri ziren, eta guztiak jasotzea interesgarri ikusi genuen.

Nondik dator Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen esku hartzea lan horretan?

Egiako Euskara Batzordekoek ezin zieten dei guztiei erantzun, eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteari esan zion mesedez deiak erantzuteko. Guk Bageran aukera ona izan zitekeela ikusi genuen; hainbat herritara joaten hasi ginen Egiako esperientzia kontatzera. Sustapen lan bat izan zen, tokiz toki joan, gure esperientzia kontatu, eta ideiak eman genizkien. Esan genuen, «zergatik ez ditugu biltzen liburu batean ekinbide guztiak eta gako nagusiekin gida praktiko bat egin?» Beste herri batek horrelako ekinbide bat egin nahi badu, gida hartu eta eskura izatea zen gure asmoa. Aldundiari proiektua aurkeztu genion, eta onartu egin zuten; aukera bat bezala ikusi zuten haiek ere.

Kaleratu duzuen lanak bi zati ditu. Batean, euskararen aldeko ekinaldi bat diseinatzeko gida sortu duzue; zer aurki daiteke bestean?

Beste atalean, egitasmoen esperientziak bildu ditugu, hamar herri, auzo eta mugimendutakoak; besteak beste, Donostiako Piratak, Donostiako Egia eta Añorga auzoak, Lasarte-Oria, Astigarraga, Hernani (Gipuzkoa), Trapagaran, Arrigorriaga (Bizkaia), Aiaraldea eta Aguraingoak (Araba). Batzuk inguru nahiko euskalduneko esperientziak dira, eta beste batzuk —Agurain, Arrigorriaga eta Trapagaran, kasurako— apur bat erdaldunagokoak; haiei entzutea, beste errealitate bat ezagutzea izan da. Haien artean desberdinak ziren esperientziak elkartzea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun, ekinbide horiek edozein lekutan egitea posible dela erakusteko; berdin baitu mugimendu, talde, auzo erdaldun batean edo herri euskaldun batean egin.

Tokiko aktibazioa da ekinbide oinarria. Zeri egiten diozue erreferentzia?

Toki bakoitzean dauden hiztunak aktibatzea izan da helburua. Ez dira erdaldunentzako egitasmoak, euskaraz dakitenentzako dira. Mezua hau da: guk ez badugu egiten, nork egingo du? Guk geuk aktibatu behar dugu lehenik, gure ingurua euskaldundu nahi badugu. Horrelakoak gizarte aktibaziorako ekintzak dira. Leku batzuetan, dagoeneko aktibatuta zeuden hiztunak, baina, beste leku askotan, ez, eta egitasmo hauen bitartez hiztun horiek aktibatu egin dira; kontzientzian klik bat egin dute, baita beren ohituretan ere. Hizkuntzaren kontua oso plano pertsonalean geratzen den kontua dela uste dut, eta askotan arazo pertsonal moduan hartzen dugu. Ekinbide honen oinarrietako bat da eremu intimo hori konpartitzeko espazioa eskaintzea. Eta konpartitzeko espazio bat sortzean sortzen diren konplizitateek eta loturek dimentsio handiagoa ematen diote hizkuntzaren gaiari; dimentsio politikoa ematen diote azkenean; arazo pertsonala, arazo kolektiboa dela ikusten baita. Beste pertsona batzuen esperientziekin partekatzen dituzu zure esperientziak egitasmo horietan, eta bizipen horiei buelta emateko gako batzuk adosten dituzu. Hautu pertsonal bat da, modu kolektibo batean garatzen dena. Zentzu horretan aktibatzen da jendea.

Egitasmoen aurretik eta ondoren aldaketak nabariak izan dira?

Tokian toki ezberdina izaten da eragin hori; txikiagoa edo handiagoa, baina eragina izan du. Egia auzoan egitasmoa martxan jarri zenean, neurgailurik ez genuen jarri, baina Lasarte-Oriakoarekin frogatu ahal izan dugu benetan baliagarri ekinbidea. Egian egin den lanketa garrantzitsua izan da. Adibidez, lehen, denda batera sartu eta euskaraz egitean aurpegi txarra jarriko zuen dendariak, baina, ekinbidearen ondoren, ez du aurpegi txarrik jartzen; edo euskarazko harreman berriak sortu dira, edota zenbait kuadrilletan eragin handia eduki du. Txikiak dira aldaketak, baina txikitasunetik egiten dira handi; ate berriak irekitzen dira ekinaldi hauekin.

Beharrezkoak dira horrelako egitasmoak herritarrak aktibatzeko?

Nik uste dut baietz. Ez da hasiera eta bukaera bat duen kanpaina; lan ildo bat da, egiteko modu berri bat. Euskalgintzan milaka gauza egin dira hiztunen aktibaziorako, eta horregatik gaude gauden tokian. Euskalgintzan borrokatu egin delako eta aktibazio lan handia egin delako jarri dira ekinbide hauek martxan, horren aitortza ere beharrezkoa da. Ekinaldi hauek martxan jarri dituztenek ausardia erakutsi dute, eta ausardiaz jokatu dutela esperientzia hauek aktibatu dituzten herriek.

Nolako ohiturak ditugu euskararekiko Euskal Herrian?

Ohiturak aldatzea asko kostatzen da; kirola egiten hastea kostatzen den bezala, edo erretzaile bati erretzen uztea kostatzen zaion bezala. Hizkuntzekin ere gauza bera gertatzen da. Aitzakia bat, motibazio bat behar da hizkuntzaren ohiturei buelta emateko; horrelako egitasmo batek aldaketa horiek emateko testuingurua eskaintzen dizu. Hori da parte hartzaileek gehien aipatu dutena. Askok esan digute hasiera batean bakarrik parte hartzera ez zirela ausartzen, baina laster ikusi dute beste berrehun pertsona ari zirela beraiekin batera, eta horrek indarra eman die.

Zein izan da liburu hau idaztearen helburua?

Helburu nagusia posible dela erakustea izan da. Hortik dator izenburua: Nola egin dute?; eta gure erantzuna: nik ere egin dezaket, egin dezagun guk ere. Hamar esperientzia bildu ditugu, baina ez dira bakarrak. Helburua ahalik eta esperientzia gehienak piztea da. Lagungarria izan daiteke kontakizuna, ideia bilketa bat delako, eta egitea posible delako.

Altzan eta Intxaurrondon antzeko egitasmoak martxan jarriko dira. Zer egingo dute?

Intxaurrondon hogei egun euskaraz egingo dituzte, eta Altzan 21 egun egingo dituzte euskaraz, azaroaren 12tik abenduaren 3a bitarte. Ezaugarri desberdineko auzoak dira: Altzak auzoa baino herri baten itxura gehiago dauka; bost eremutan dago bereizita, eta konplikatua da, baina, tira, bakoitza bere modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.