Koronabirusa. Jesus Loza. Medikua eta politikaria

«Lehenengo lerroan dauden langileak dena emanda ari dira»

Lozak berrogeialdian egon behar izan du, pertsona kutsatu batekin kontaktu zuzena izan zuelako; hura amaituta, medikuaren lanera itzuli da, Gasteizko Txagorritxu ospitalera.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Joan den otsailean, Jesus Lozak (Gasteiz, 1952) utzi zion Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria izateari, eta bere ohiko lanera itzuli zen, Gasteizko Txagorritxu erietxera. Lanean hasi eta gutxira, bete-betean harrapatu du koronabirusaren krisialdiak: lehenbizi, berrogeialdian egon behar izan zuen, kutsatutako mediku batekin kontaktuan egon zelako, eta,orain, gertutik ezagutzen du erietxean egiten ari diren ahalegin eskerga.

Nola jakin zenuen berrogeialdia egin behar zenuela, eta zer dela eta?

Oker ez banago, martxoaren 1ean deitu zidaten, esateko mediku batek positibo eman zuela koronabirusaren proban. Harekin egon nintzen ospitaleko bilera batean,eta, beraz, kontaktu zuzena izan zenez, berrogeialdian sartu behar izan nuen. Hamar egunez egon naiz etxean geldirik, tenperatura kontrolatuz, higiene neurriak hartuz eta inorekin kontakturik izan gabe. Ondoren, azterketa egin zidaten, emaitza negatiboa izan zen, eta, joan den astean, martxoaren 11n, lanean hasi nintzen berriro ospitalean.

Zenbat egun eman behar izan duzu etxean?

Berez, berrogeialdia hamalau egunekoa da, baina kontaktua izan nuenetik ohartarazi zidaten arte lau egun igaro ziren. Hortaz, gainerako hamar egunetan egon naiz konfinamenduan.

Eta, orain, eguneroko jarduerara bueltatu zara, baina ez eguneroko bizimodura, alarma egoeraren ondorioz konfinamendua herritar guztiei ezarri dietelako.

Bai, hala da. Orain, beste edozein herritarrekhartu beharreko neurriak baino ez ditut hartu behar: lanetik ateratzen naizenean, etxean egon, eskuak garbitu, gainerakoengandik metro eta erdira egon eta abar.

Eta zuk zer esango zenieke etxean dauden herritarrei?

Lasai egoteko eta agintarien oharrak betetzeko: benetan etxean gelditu, sukarrari adi egon, eskuak sarri garbitu, segurtasun tartea gorde, eta, sintomarik izanez gero, larrialdietara joan beharrean Osakidetzak emandako telefonoak erabili.

Uste duzu pandemia gainditzeko modua badagoela?

Bai, dudarik gabe. Hau denon artean geldiar aziko dugu: oso ondo iruditzen zait jendeak gauero osasun arloko langileei txalo jotzea, baina gure alde egin dezaketen gauzarik onena da aholkuei estu jarraitzea, ospitaleak kolapsa ez daitezen. Konfiantza izan behar dugu euskal osasun sistema publikoan, lehen mailakoa delako.

Zu medikua zara, eta Gasteizko Txagorritxu ospitalean lan egiten duzu. Zein da orain ospitalean dagoen egoera?

Txagorritxun jendea dena emanda ari da lanean; batez ere, lehenengo lerroan dauden langileak. Sekulako profesionaltasuna erakusten ari dira.

Baikorra zara izurriak izan dezakeen bilakaeraz?

Denok kontzientzia hartzen badugu eta nork bere aletxoa jartzen badu, hau gaindituko dugu. Baina oso garrantzitsua da txorakeriarik ez egitea.

«Txorakeriak» aipatzen dituzunean, zertaz ari zara?

Zorionez, gero eta gutxiago dira, baina oraindik, adibidez, ikusten dira kalean hiru lagun elkarren ondoan. Apurka-apurka ari gara ikasten, eta okindegietan, supermerkatuetan eta abarretan ikusten da jendeak segurtasun tarteari eusten diola.

Badakit ez gaudela ohituta eta denontzat berria dela, baina tartea gordetzea, agurtzerakoan eskua ez ematea eta horrelako gauza txikiak oso garrantzitsuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.