Ibon Sarasola. Hizkuntzalaria

«Lehenengo, hitz errazenak lantzen ditut, eta zailenak gerorako utzi»

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun

Ez da Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzain emerituak (Donostia, 1946) hiztegi bat sortzen duen lehenengo aldia. Izan ere, Koldo Mitxelenarekin lanean hasi zenetik, ez du besterik egin. 2007an Euskal Hiztegia zabaldu eta Hiztegi Batua Euskal Prosan hiztegiaren lanketan parte hartu zuen. Ibilbidean zehar, estrategia batzuk ikasi ditu. Esaterako, Egungo Euskararen Hiztegia ez du A hizkitik hasi, F letratik baizik. Atzo aurkeztu zuten euskararen «hiztegirik zehatzena»; 70.000 sarrera baino gehiago ditu, eta hamabost urte behar izan dituzte bukatzeko.

Zergatik hasi zara F letratik?

A letrarekin hasten bazara, leher eginda geratuko zara azkar-azkar. Lehendabizi, hitz errazak egin behar dituzu. Hori estrategia bat da. Adibidez, F letra hartu, eta pixkanaka-pixkanaka hitzak lantzen dituzu. Behin hitz errazenak eta motzenak eginda, ohartuko zara hiztegi erdia egina duzula; eta ez duzu utziko. Hiztegi osoa egiteko prest egongo zara. Eta, orduan bai, A eta gainerako letrak egingo dituzu. Zailagoak eta luzeegiak dira, baina ordurako praktika izango duzu.

Izan al duzue zailtasunik?

Ez dakit zailtasun hitz egokia den. Problemak dituzu eta konpondu egiten dituzu. Klase guztietako problemak agertu daitezke, noski. Baina kontuan hartu behar da pertsona bakoitza desberdina dela. Egin beharreko hiztegia handia eta luzea baldin bada, ni ez nintzateke hitz zail batekin hasiko. Lehenengo, hitz errazenak lantzen ditut, eta zailenak gerorako utzi. Hala ere, beste batzuek nahiago dute zuzenean hitz zailenekin hasi.

Zer du berezi hiztegiak?

Lehenengo, definitu beharko genuke berezi hitzak zer esan nahi duen. Baina, nire ustez, hiztegiak diferentzia nagusi bat du. Hiztegi normal batean hitz bat bilatzen baduzu, zer esan nahi duen azalduko dizute. Adibidez, «etxe» hitza bilatuta, horren esanahia jarriko dizute. Hiztegi honek, berriz, testuingurua eta adibideak dakartza; esaterako: «Etxeak hipotekatu egiten dira».

Hemendik aurrera, hiztegia osatu daiteke?

Teorian bai, baina nik ez dut lan hori egingo. Nik hiztegi horretan egin dudan lana amaitutzat eman dut. Beste batek jarraitu nahi badu edo antzeko zerbait egin nahi badu, ez dago arazorik.

Zer esan nahi du zuretzat hiztegia amaitu izanak?

Lasaitasuna eta ondo egote bat. Egin dudan zerbaitek funtzionatu du. Eta bere balioa ere badu. Horrek pozten nau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.