«Lehendakaritzan ez egoteak ez du ekarri lehendakariaren konpromisoa ahultzea»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Aldaketa nabarmen batekin hasi zuen Emakundek legegintzaldia: 30 urtez Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan egon ostean, Berdintasun Sailera mugitu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak.

Zuentzat ezustea izan al zen aldaketa?

Legealdi bakoitza hastean, gobernua zelan antolatu erabakitzen da, helburuei erantzun egokia emateko. Legealdi honetan erabaki zen berdintasun saila eratzea eta gu bertan egotea. Urtebete baino gehiago pasatu da, eta ikusi dugu Lehendakaritzan ez egoteak ez duela ekarri lehendakariaren konpromisoa ahultzea: Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluko presidentea da, eta gertutik ezagutzen ditu proiektuak. Eta gu aurrera goaz, erakunde autonomo gisa gure lana egiten, eta sailean hainbat gauza eramaten.

Hortaz, ez zen izan Emakundeko zuzendaritzarekin eztabaidatutako erabaki bat.

Esan dizudan bezala, hori ez da gure eskumena. Erabakiak asmo onenekin hartzen dira, eta nik argi daukat honek ez duela ekarri berdintasunarekiko konpromisoa murriztea, baizik eta kontrakoa: Emakunderen aurrekontuak, adibidez, gora egin du.

Pisu politikoa galdu du Emakundek?

Esango nuke ezetz. Legealdia amaitzean egingo dugu balorazioa. Egia da Emakunde beti egon dela Lehendakaritzan, baina beste gobernu batzuetan halako mugimenduak ikusi izan ditugu.

Beraz, atzera-buelta izan dezake erabakiak?

Nik uste dut baietz. Baina niri ez dagokit hori erabakitzea.

Barne funtzionamenduan, alderik antzeman duzue?

Antzera gabiltza. Guk lanean jarraitzen dugu, are, konpromisoa indartuta; oso kezkatuta bainago gai batekin: ultraeskuina hartzen ari den indarrarekin. Ez dakit kontziente garen, batzuek haien diskurtsoak banalizatzen dituztelako, baina niri oso larria iruditzen zait: adostasunak lehertu dituzte. Simone de Beauvoirrek zioen krisi bat nahikoa dela eskubideetan atzera egiteko. Uste dut horrela gaudela: berdintasunaren arloan ezin da ezer egintzat hartu, beti dago atzera egiteko arriskua.

Abagune horretan, mugimendu feminista zelan ikusten duzu?

Mugimendu feministaren indarra funtsezkoa da berdintasunean aurrera egiteko; haiek bultzatuta gabiltza besteak. Baina uste dut arlo desberdinetan dauden andreekiko aliantzak ere ezinbestekoak direla: elkar elikatzen dugu. Bakoitzak bere aldarrikapenak eduki arren, helburu komun batzuk edo agenda bat adostu behar dugu, batez ere garai hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.