Ipar Euskal Herriko Ikastolen Kontseilua gaur bildu da, Seaskak Kanbon duen egoitzan (Lapurdi), eta han hartutako erabakietako bat da nork ordezkatuko duen Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena. «Gero eta lan karga handiagoari» erantzuteko asmoz, hiru kidez osatutako lehendakarikidetza bat izango da arduraduna: Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatuko dute hirukotea.
Ikusi gehiago
Seaskak azaldu duenez, lehendakarikidetza bat osatzeak «zereginak hobeki banatzen» lagunduko du. Hala, Etxartek, Layusek eta Etxeberrik nork bere zereginak izango dituzte zuzendaritza berrian. Etxartek hartuko du Seaskaren bozeramaile kargua, baita Ikastolen Elkartearekiko lotura lanak egin ere. Layus, berriz, langileez eta kanpo harremanez arduratuko da, eta Etxeberri, ikastolen eta herriko etxeen arteko harremanez eta garapenaz.
Denera, Seaskako batzorde eragilea zazpi gurasok eta langileen bi ordezkarik osatuko dute; hura urtarrilaren 10ean bilduko da lehenengoz. Lehendakarikide berriek, berriz, urtarrilaren 13an hartuko dute kargua.
Biltzarrean Ipar Euskal Herriko 39 ikastoletako ia 150 ordezkarik parte hartu dute gaur, eta, izendapenez gain, gehiengo osoz onartu dituzte 2023-2024ko ikasturteko txosten morala eta kontuak ere.
«Berrikusteko» garaia
Jorajuriaren agurra ere izan da biltzarra. BERRIAk egindako elkarrizketa batekin jakinarazi zuen Seaskako lehendakaritza utziko zuela, abenduaren 12an. Bost urte egin ditu karguan, eta azaldu zuen garaia dela «aurpegiz aldatzeko eta berrikusteko nola segituko duen Seaskak». Aurrez aurre dituzten erronketako bat da eraikuntzekin duten arazoari aurre egitea, Frantziako legediak ez baitie uzten laguntza publikorik izaten egoitzak ezartzeko. Era berean, Frantziako Estatuarekin duten hitzarmena iraungita dago, eta hori berritzeko negoziatu nahian ari dira, Paris zurrunbilo politiko betean den bitartean.