(ID_17126040856905) ARDANZAREN OMENEZKO MINUTU BATEKO ISILUNEA SESTAON, MITINEAN

Lehendakarigaien lehia, lehendakari ohi baten heriotzak baldintzatuta

Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren heriotzak bigarren mailan utzi zituen atzo hautagaien mezuak. Alderdiek ekitaldiei eutsi zieten, dena den, eta ezberdinen arteko itunak eta neurri ekonomikoak izan zituzten hizpide.

(ID_17126040856905) ARDANZAREN OMENEZKO MINUTU BATEKO ISILUNEA SESTAON, MITINEAN
Ardanzaren omenezko minutu bateko isilunea Sestaon, EAJren mitinean. BERRIA
aitor biain
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren heriotzak guztiz baldintzatu du lehenago ere itzalpean zegoen hauteskunde kanpaina. Izan ere, alderdiak mezuak eta proposamenak gizarteratzen saiatu arren, apenas lortu duten zabalkunderik orain arte, eta atzo ere, kanpainako aurreneko astearen hasieran, lehendakari ohiaren heriotzaren albisteak bigarren mailan utzi zuen lehendakarigaien arteko lehia.

Ardanzaren heriotzaren berri izan bezain laster zabaldu ziren dolumin mezuak sare sozialetan, hala alderdi politikoen nola hautagaien kontuetan. Arratsaldeko ekitaldietan ere hizpide izan zuten hilberria gehienek, eta keinuak ere ugariak izan ziren. EAJk, esaterako, minutu bateko isilunea egin zuen Sestaoko mitinean (Bizkaia), eta iragarri zuen bertan behera utziko dituela ekitaldi guztiak hil beila jartzen dutenean eta hiletaren egunean; herritarrei oroimen ekitaldietan parte hartzeko deia ere egin zien. Sozialistek ere Ardanzaren jardun politikoa goretsi zuten Irunen (Gipuzkoa); Ajuriaeneko Ituna haren ekarpen nagusitzat jo zuen Anduezak.

Herri ikuspegia

EAJk bi ekitaldi nagusi zituen antolatuak atzo. Sestaon egin zuen horietako bat, Bizkaian. Iazko udal hauteskundeetan boto gehien atera zuen alderdia izan bazen ere, ia 2.500 boto galdu zituzten, eta PSE-EEk eta EH Bilduk jaso zituzten haietako asko. Zalantzatiei egin zien deia Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak. Inkesten arabera, Bilbo eta Santurtzi artean baitaude zalantzan dauden gehienak, Ortuzarrek azaldu zuenez.

Imanol Pradalesek, Ortuzarren moduan, Ardanza hartu zuen lehenik eta behin ahotan. Duela hilabete eta erdi ezagutu zuela jakinarazi zuen, eta hau esan ziola: «Imanol, talderik onena osatu eta Euskadiren pluraltasuna kontuan izan, guztiontzat gobernatzea oso inportantea baita. Hori egingo dut lehendakari, agur eta ohore».

Bestalde, lehentasunen artean jarri zuen haurren jaiotzak sustatzea, eta, horretarako, bi neurri jakin proposatu zituen: haur bakoitzarengatik ematen diren 200 euroko laguntzak handitzea eta ugalkortasun programak zabaltzea. Goizean, berriz, Donostian egin zuen ekitaldia, Osakidetzan 1.250 milioi euroko inbertsioa egingo dutela iragartzeko. «Herri itun bat» ere proposatu zien gainerako alderdi politikoei eta gizarte eragileei.

EH Bilduk, berriz, bozen osteko akordioetan jarri zuen arreta, jakin bai baitaki apirilaren 22tik aurrera alderdien arteko itunak ezinbestekoak izango direla. «Herri honek aurrerabideak behar ditu, eta gure ardura da horiek identifikatzea. Gaurtik aurrera, has gaitezen identifikatzen non egon daitezkeen desberdinen arteko adostasunak», adierazi zuen Otxandianok Andoainen egindako ekitaldian (Gipuzkoa). Izan ere, EH Bilduko lehendakarigaiak iritzi dio ezinbestekoa dela herri ikuspegia aintzat hartzea gaur egungo erronkei aurre egiteko. 

Arazo horien artean jarri zituen etxebizitza, Osakidetza, trantsizio ekologikoa eta burujabetza. Hain zuzen ere, Otxandianok nabarmendu zuen EH Bildu ari dela politika egiteko modu hori praktikan jartzen. Andoain bera jarri zuen adibide, non aurrekontuak hitzartu dituen Elkarrekin Podemosekin eta EAJrekin.

PSE-EEk ere zubigintza izan zuen hizpide atzo, Irunen (Gipuzkoa), Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea osatzen duten lurraldeen arteko batasuna eta lankidetza irudikatzeko egindako ekitaldian. Eneko Andueza lehendakarigaiak «zubiak apurtu nahi dituzten XIX. mendeko nazionalismoak» gaitzetsi zituen, eta horiei kontrajarri zien sozialistek proposatzen duten eredua, «zubiak eraikitzean, lankidetzan eta europeismoan» oinarritua. Ekitaldian parte hartu zuten Nafarroako lehendakari Maria Txibitek eta Akitania Berriko presidente Alain Roussetek.

Ekonomiari begira

PPko lehendakarigai Javier de Andresek ere bere alderdiko presidente Alberto Nuñez Feijooren babesa izan zuen atzo, Gasteizen. Gai ekonomikoetan zentratu zen hautagai popularra. Salatu zuen langile autonomoak desagertzeko arriskuan diren «espezieak» direla, eta haien itolarria arintzeko zerga onurak proposatu zituen. Ticket Bai ere kritikatu zuen De Andresek, «kostu handia» dakarkielako.

Soldatak igotzea da, berriz, Sumarren lehentasuna, familiek azken urteetan galdu duten erosahalmena berreskuratzeko. Jon Hernandez Arabako zerrendaburuak ohartarazi zuen herritar askok oinarrizko gastuei aurre egiteko «zailtasunak» dituztela, eta azaldu «neurri progresistekin» soilik egin ahal zaiola aurre horri.

Elkarrekin Podemosek, berriz, «kalitatezko hezkuntza publikoa» bermatzea du xede, eta, horretarako, maila guztietako ikastetxeak «publifikatzeko» konpromisoa hartu zuen atzo. Horrekin batera, ziurtatu zuen 1.000 biztanletik gorako udalerrietan ikastetxe publiko bat jarriko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.