Lehendakarigaiak, joan-etorrian

Han eta hemen, honekin eta harekin. Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiek ez dute atsedenerako tarterik izan Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainan.

Lehendakarigaiak, ETB2n egindako debatean. MIGUEL TOÑA / EFE
Lehendakarigaiak, ETB2n egindako debatean. MIGUEL TOÑA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako bozetarako kanpaina gaur amaituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta alderdi guztiek prest dituzte hari amaiera emateko ekitaldiak: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar Bilbon arituko dira, eta PP, Gasteizen. Hasiera bezala, amaiera ere hiriburuetan egingo dute denek. Halere, ekitaldi batetik bestera hara eta hona aritu dira, eta guztien lan formulak ez dira berdinak izan; ondorioz, ezta lehendakarigaien protagonismoa ere. Ez behintzat ekitaldien antolaketari dagokionez.

Imanol Pradales

EAJ

Asteburuan argitaratu ziren inkestak kontuan izanez gero, agerikoa da EAJk lortu duela Imanol Pradales lehendakarigaia ezagutaraztea; herritarren %76,5ek ezagutzen dute, EITB Focusen arabera. Eta hori bada EAJk kanpainan propio landutako gai bat. Izan ere, elkarrizketa eta debate ugaritan parte hartzeaz gain, Pradales presente egon da EAJk kanpainan egindako ekitaldi handi guztietan —arratsaldeetan eta asteburuetan egindakoetan—, eta haren ardura izan da goizetan egin dituzten gaikako ekitaldi gehienak aurkeztea ere. Horrek batetik bestera aritzera behartu du, eta, Bizkaiko zerrendaburua den arren, lurralde hartatik kanpo egin ditu ekitaldi gehienak: gaur arte, 24tik hemezortzi.

Pradalesekin batera, protagonismo handiagoa izan dute Arabako eta Gipuzkoako zerrendakideek, Bizkaikoek baino. Nagusiki, Joseba Diez de Antxustegi eta Bakartxo Tejeria zerrendaburuek, baina baita Nerea Melgosa arabarrak ere. Haiek ez ezik, Andoni Ortuzar EBBko presidentea ere izan da gehien mugitu direnetako bat, eta, azken astean, baita Iñigo Urkullu lehendakaria ere.

Pello Otxandiano

EH Bildu

Bestelakoa izan da EH Bilduk Pello Otxandiano lehendakarigaiari emandako rola. Hura ere hasieran baino askoz ere ezagunagoa da —herritarren %69,4k ezagutzen dute, Focusen arabera— eta, ezinbestean, hura izan da ekitaldi handietan gehien parte hartu duen koalizioko kidea —hamaseitik 11tan izan da—; gainera, modu orekatuan egin du: Gasteizen —hiru aldiz—, Amurrion (Araba), Bilbon, Getxon, Gernikan, Santurtzin (Bizkaia), Donostian, Andoainen eta Tolosan (Gipuzkoa). Hark, baina, ez du EH Bilduk goizetan egindako gaikako ekitaldiak aurkeztu.

Gaikako prentsaurrekoetan, inor errepikatu gabe, gaiz gai banatu dituzte lanak: Julen Arzuaga segurtasunaz aritu izan da; Oihana Etxebarrieta, zaintzaz; Eraitz Saez de Egilaz, etxebizitzaz eta gazteez... Arratsaldeetan, berriz, Otxandiano falta izan denean, beste zerrendakide batzuek hartu izan dute lekukoa, Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiarekin batera: Mikel Otero, Nerea Kortajarena, Arkaitz Rodriguez, Ima Garrastatxu...

Eneko Andueza

PSE-EE

PSE-EEko Eneko Anduezaren estrategia EAJk landutakoaren antzekoa da, nahiz eta sozialistaren kasuan batez ere Bizkaian egin izan dituen ekitaldi gehienak. Izan ere, huts egin zuen Iruña Okako (Araba), Errenteriako (Gipuzkoa) eta Donostiako ekitaldietan; hain justu, RTVEko, ETB1eko eta ETB2ko debateak egin ziren arratsaldeetan. Hortik haratago ere sumatu daiteke debateek eta elkarrizketek haren agendan izan duten eragina, batez ere sozialistek goizetan egin dituzten gaikako ekitaldietan. Apirilaren 12ra bitarte, hark aurkeztu zituen halako guztiak, baina azken egunetan delegatu egin du lan hori; nagusiki, Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak egin ditu.

Jilete ekitaldi ugaritan izan da arratsaldeetan ere, eta haren pare Denis Itxaso Gipuzkoako zerrendaburua. Horiez gain, nabarmentzeko beste bi izen dira Patricia Campelo eta Javier Hurtado, Bizkaiko eta Arabako zerrendetako bigarrenak. Eta, noski, kanpotik iritsitako laguntza: besteak beste, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez eta haren ministroak, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu ohia.

Javier de Andres

PP

PPko lehendakarigai Javier de Andresek ez du hutsik egin, eta kanpainako egun bakoitzean izan du ekitaldiren bat, izan goizean izan arratsaldean. De Andres Alderdi Popularraren Arabako zerrendaburua da, eta horri men eginez, lurralde hartan egin ditu ekitaldien ia erdiak —hamabostetik zazpi—. Eta hortik atera denean, kasik beste bi hiriburuetara joateko izan da: hiru aldiz joan da Bilbora, eta bi aldiz Donostiara. Gasteizen, berriz, hiru ekitalditan parte hartu du; eta laugarrena izango du amaierako ekitaldia.

De Andresekin batera, alderdiaren ekitaldietan parte hartu dute zerrendetan ageri diren beste zenbait kidek. Halere, Madrildik iritsitako alderdikideen presentzia nabarmendu da nagusiki. Alberto Nuñez Feijoo Espainiako PPko presidentea lau ekitalditan izan da, eta amaierako ekitaldian ere parte hartzekoa da. Harekin batera, Cuca Gamarra idazkari nagusia ere protagonista izan da azken asteburuan, eta, aste honen hasieran, baita Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayuso ere.

Miren Gorrotxategi

Elkarrekin Podemos

Miren Gorrotxategi da Elkarrekin Podemos koalizioaren lehendakarigaia, eta hura izan da protagonista ETBko bi debateetan zein hedabideei eskainitako elkarrizketa gehienetan. Koalizioaren ekitaldiei dagokienez ere, hura izan da ekitaldi handienetako protagonista, Irene Montero, Ione Belarra eta Pablo Iglesias Espainiako ministro ohiekin, eta Roberto Uriarte eta Pilar Garrido diputatu ohiekin batera.

Halere, protagonismo berezia izan du Arabako zerrendaburu Juantxo Lopez Uraldek. Aliantza Berdeko burua izan zen koalizioaren ordezkaria RTVEk antolatutako debatean, baina baita ekitaldi ugaritan ere; batez ere, azken astean. Hain zuzen, EITB Focusaren azken zundaketak Araban soilik eman zion Elkarrekin Podemosi eserlekuen lehian aritzeko beharrezko botoen %3.

Alba Garcia

Sumar

Sumarreko lehendakarigai Alba Garcia Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean aritu da nagusiki, eta ez horrenbeste Araban —bi aldiz egon da—. Gainera, Garcia izan bada ere Sumarren kanpainako protagonista nagusia, bada hark baino ekitaldi gehiagotan parte hartu duen koaliziokide bat: Andeka Larrea Gipuzkoako zerrendaburua —ETB1eko debatean ere izan zen—. Batez ere, azken astean egin du gora haren parte hartzeak, lehendakarigaiak elkarrizketa eta debate sorta betean aritu direnean.

Horiekin batera, Jon Hernandez Arabako zerrendaburua eta Carmen Muñoz Bizkaiko zerrendako bigarrena dira ekitaldi sarritan egon diren beste bi; eta Madrildik Euskal Herrira bidea egin dutenen artean Yolanda Diaz Lan ministroa eta Iñigo Errejon Kongresuko eleduna, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.