Alderdiak

Urkulluk babesa adierazi dio Pradalesen hautagaitzari

Elkar besarkatu dute Sabino Aranaren heriotzaren 120. urteurreneko ekitaldian, eta lehendakariak bere ondorengo izateko hautagaia babestu du.

ESPAÑA PARTIDOS PNV
Urkullu eta Pradales elkar besarkatzen, gaur, Sukarrietan (Bizkaia).
Paulo Ostolaza.
2023ko azaroaren 26a
18:44
Entzun

Azken egunetako zurrumurruak direla eta, batasun irudia eman du gaur EAJk. Hainbat hedabidek albistea aurreratu ostean, jeltzaleek atzo jakinarazi zuten Imanol Pradales dela EBB Euzkadi Buru Batzarrak oinarriei proposatuko dien lehendakarigaia, eta, ezinbestean, egun Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura diputatua dena protagonista izan da gaur Sukarrietan (Bizkaia). Sabino Aranaren jaioterrian egin dute alderdiaren sortzailearen heriotzaren 120. urteurreneko ekitaldian. EAJko buruzagien aurrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pradalesek elkarri eman dioten besarkadarena izan da eguneko irudia, ezbairik gabe.

Pradalesek hitz egin du kazetarien aurrean. Esan du ohorea dela EBBk bera proposatu izana lehendakarigai, baina gogorarazi du alderdiko militanteak direla azken hitza dutenak, eta erabaki horren zain dagoela nabarmendu du. Urtarrilaren 20ra arte ez da amaituko barne prozesua.

Urkulluren babesa, behintzat, badu. Lehendakariak kontatu du aspaldiko ezagunak direla, «ondo baino hobeto» ezagutzen duela, eta bere laguntza izango duela. Izan ere, Pradalesen irakasle izan zen bi urtez Portugaleteko (Bizkaia) Asti Leku ikastolan. Gehitu du Pradalesen ibilbidea aztertu duela, eta bidelagun izan duela azken urteetan. «Alderdiko gizon bat naiz, eta badakit nola den hau». Azkenik, azpimarratu du legegintzaldia ez dela amaitu, eta oraindik «eskubete lan» dutela egiteko. Ez du argitu hurrengo legealdian lehendakari izan nahi zuen, ezta bozetara noiz deituko duen ere.

Esku gaztetuak

Pradalesen izendapenaren inguruan, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek gaitzetsi egin ditu azken egunetako filtrazioak. Azaldu du EAJren barruan tentsioa sortzea izan dela haien helburua, eta «egia apur bat gezur askorekin» nahastu dutela. «Gu gurera, batasuna da indarra». Urkulluren ondorengoaren proposamenari esker, euskal erakundeak «esku gaztetuetan» geratuko direla esan du, «Euskadi askatasun nazional eta ongizate maila gorenera eramango duten eskuetan».

Eman duen hitzaldian, «euskal politikagintzaren espainolizazioaz» hitz egin du gehien. Adierazi du azken hilabeteetan kasu handiegia egiten ari zaiola Madrilen gertatzen ari denari, eta eskatu du EAJren jarduna eta hango «ikuskizuna» bereizteko. «Gure helburua da politiko publikoen bidez euskaldunak zoriontsu egitea», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.