JAURLARITZA

Lehendakari kargua hartu eta gero jakinaraziko du Urkulluk Jaurlaritzaren osaera

Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean. Murgak azaldu du Urkulluri esan diola "bere esanetara" dagoela.

Ortuzar, Urkullu eta Mendia, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 2a
13:50
Entzun

Eusko Legebiltzarrean bihar egingo dute Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko saioa. Bi hautagai daude: EAJkoa, Iñigo Urkullu, eta EH Bildukoa, Maddalen Iriarte. Biharko saioan, 90 minutuz hitz egiteko aukera izango dute biek, eta arratsaldean izango da alderdien arteko eztabaida; amaieran, bozketa.

Urkulluren hitzaldiak lau zati izango ditu; lehenbizikoan, koronabirusaren izurriaz eta ondorioez mintzatuko da, eta, jarraian, legealdiko ardatz nagusiez; gero, gobernu programa xehatuko du, eta, azkenik, autogobernuaz jardungo du. EH Bilduk jakinarazi duenez, berriz, Iriartek «bestelako politikak eta gobernantza eredu ezberdin bat posible eta beharrezkoak direla» azalduko du inbestidura saioan.

Bozketa horretan, ezuste handirik ezean, Urkulluk eskuratuko du lehendakari izateko babesa, EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio bat egin eta gero. Gobernu akordio osoa bihar bertan ezagutaraziko dute alderdiek, eta oraindik jakiteko dago gobernua nork osatuko duen ere.

Edozein modutan, osagai batzuk ezagutzen hasi dira jada. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, 11 sailez osatutako Jaurlaritza bat izango da, eta ziurtzat jotzen dute bi lehendakariorde egongo direla, alderdi bakoitzeko bat. Iñigo Urkulluk larunbatean egingo du lehendakari karguaren zina egiteko ekitaldia, Gernikako juntetxean (Bizkaia), eta ekitaldi horren ostean emango du gobernua osatuko duten pertsonen berri.

Horiek datorren asteartean hartuko dute sailburu kargua, eta asteartean bertan egingo du Jaurlaritza berriak aurreneko gobernu kontseilua.

Ikusteko dago egungo sailburuetatik nortzuek jarraituko duten karguan eta nortzuek ez. Gaiaz galdetu diote Nekane Murga Osasun sailburuari: "Nik lehendakariari esan diot bere esanetara nagoela, beti egon naizen bezala, postu honetan edo nire gaitasunen arabera eta Euskadik eta Osakidetzak behar dutenaren arabera lan egin dezakedala uste duen postuan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.