Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du datorren irailaren 8an, Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) horretarako baimena eman baitio. Hala jakinarazio dio konpainia parekideak berak BERRIAri. 28 urtean gertatu ez dena posible izanen da aurten, eta, horregatik, «aldaketa garrantzitsua» dela azaldu du konpainiak: «Lehenbizikoz udalaren errekonozimendua jaso dugu, eta, modu horretan, konpainia bat garela onartuko du herriak». Gaur arratsaldean izan dute horren berri.
Ikusi gehiago
Orain arte, manifestazio baten moduan atera behar izan dute Jaizkibel konpainiakoek, eskatuta ere udalak ez zielako konpainia gisa desfilatzeko baimenik ematen. «Zenbait urtetan, baimena eskatu izan diogu udalari, baina udalak ez zigun erantzuten; edo baimena ematen zigun, baina beste kale batzuetatik desfilatzeko». Ondorioz, manifestazio baten moduan irtetea zen «modu bakarra» berdintasunaren aldeko aldarria kalera eramateko.
Iaz Igor Enparan alkateak hartu zuen kargua (Abotsanitz alderdikoa), ordura arte agintean egon ziren jeltzaleei alkatetzaren lekukoa hartuta. Hark propio erran zien konpainiakoei baimena eskatzeko udalari, baina Jaizkibelekoek soilik entseguetarako baimena eskatu zuten, eta ez alarde egunean desfilatzekoa. Irailaren 8koa ohi bezala egitea erabaki zuten: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari manifestazio gisa ateratzeko baimena eskatzea. Halere, udalak entseguetarako baimena onartu egin zien, eta alarde egunean Guadalupen egiten duten mezarako ere toki bat gorde zuen konpainiako ordezkarientzat. Alarde egunean, berriz, ohi bezala atera ziren.
Aurten, baina, iazkoa gogoan izanda, hausnarketa egin dute taldean, eta erabaki dute baimena eskatzea udalari. Inoiz jaso gabeko erantzuna eman diete: konpainia gisa ateratzen ahalko dira. Konpainiak adierazi du erantzun hori «historikoa» izan dela, herrian inoiz gertatu ez den zerbait delako: udalak berak berdintasunaren alde egiten duen konpainia bakarrari aitortza egitea.
Pausoka
Izan ere, Abotsanitzek iragarri zuen aurten «administrazioaren urtea» izanen dela, Enparanek berak urte hasieran erran baitzuen udala ari zela baimen guztiak kudeatzen aurten. Eta hala gertatu da, errandakoa bete baitu. Udalak berak erran izan duenez, astero ari dira bilkurak egiten gaiari konponbidea emateko bidean; eta aitortu dute bide horretan urratsak egiten ari direla.
Zehazki, iaz hasi zen Enparanen gobernuaren «konponbiderako bidea»: hark sustatu zituen bai alarde baztertzaileari eta bai Jaizkibel konpainiari harrera egiteko orduan eginiko berritasunak. Hain justu ere, erran zuen pozgarria zela alderdi guztiak egon izana «harrera instituzionalaren gunean» —Hondarribiko EAJk ez zion harrerarik egin Jaizkibeli; eta Hondarribiko EH Bilduk, Emakundek eta Arartekoak ez zioten harrerarik egin hautu baztertzaileari—; gogoratu zuen hori gertatzen zen lehen aldia zela aldarri parekidea hasi eta horren ondoriozko gatazka hasi zenetik. Argi zuen keinua ezinbestekoa zela: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea». Alde horretatik, «maila instituzionalean urratsak» egin zirela azpimarratu zuen.
Etorkizunera begira, aurrerantzean egin beharreko pausoak herritarren artean «adostu» behar direla azaldu zuen, eta azpimarratu herrian «adiskidetze» prozesu bat behar dela horren atariko. Iaz desadostasunak antzeman baziren ere, udalean talde politiko guztiek adierazpen instituzional batean bat egin dutela azaldu zuen, eta horri eman behar zaiola garrantzia.
Izan ere, jeltzaleek hautu parekideari bizkar eman izan diote, inoiz gutxi izan dute hartu-emanik Jaizkibelekin, harrerarik ez zioten egiten; eta alarde baztertzaileari, berriz, maiz erakutsi izan diote atxikimendua.