Lehen txostena aurkeztu du Talaia Feministak, «Euskal Herriaren egoera feminismotik irakurtzeko»

Sei gai jorratu ditu Talaia Feminista egitasmoak gaur Andoainen aurkeztu duen txostenean, eta trantsizio feministaren bidean «alarma gorriak eta itsasargiak» atzeman ditu.

TALAIA FEMINISTA
Talde sustatzaileko hainbat kide eta beste hainbat eragile bildu dira gaur Andoainen, Talaia Feministaren txostenaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko urtarrilaren 31
16:10
Entzun

«Hausnarketa kolektibo bat Euskal Herriaren egoera feminismotik irakurtzeko». Eraldaketa garai hauetan, horixe eskaini nahi du Talaia Feministak, urtero txosten bat osatuz. 2022ko abenduan egitasmoa jendaurrean aurkeztu ondoren, gaur aurkeztu dute lehen dokumentua, behin-behinekoa, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean hainbat partaidek egindako agerraldi batean.

Trantsizio feministaren bidean, egoeraren azterketa orokor bat landu dute, besteak beste, «alarma gorriak eta itsasargiak» atzemateko. Sei gai jorratu dituzte bereziki, eta emakumeengan duten eragina eta euskal estatu feministaranzko trantsizioan izandako eragina sakondu dute. Hona laburpena:

Klima krisia

Eguraldiaren gorabeherei lotutako albisteek eman zuten iaz klima larrialdiaren dimentsioa antzemateko modua: muturreko tenperaturak, bat-bateko ekaitzak, lehorteak eta halakoak gero eta maizago gertatzeak eragin du kezka: «Klimak erosoen bizi garenoi eragin digunean soilik bilakatu da egiazko buruhauste partekatu eta larria». Eta argi dio txostenak: «Kolapso ekologikoa ezin da osotasunean ulertu ez bada zaintza eta krisi sozialik gabe; eta horrek emakumeengan eta zaurgarriagoak diren herritarrengan du eragin handiagoa; jatorri, klase eta genero ardatzen eraginpean». Klima krisiak kapitalismoarekin eta «begirada produktibista eta merkantilistarekin» duen lotura berretsi dute: «Kolapsoa menderatzaile eta mendekoen zapalkuntza logikan eraiki da».

Hala ere, txostenak ohartarazi du klima krisia sarri «horikeriatik eta alarmismotik» jorratzen dela, eta horrek «beldurra eta blokeoa» dakartzala: «Ikarak eta izuak begirada kritikoa eragozten dute, eta egoeraren kudeaketa eta irtenbide desegokiak hartzera bidera gaitzakete». Dokumentuak salatzen du «azaleko irtenbideak» mahaigaineratzen direla, «krisi ekologikoaren oinarriei erreparatu beharrean», eta, ondorioz, auzia «indibidualizatu eta moralizatu» egiten dela, «errua zaurgarriagoak diren beste batzuei» leporatuz. «Erantzukizun politikoak estaltzen dira, egoerari aurre egiteko ahalduntze prozesua desbideratzen da, eta horrela, maiz, irtenbide ekosozial errealak planteatzeko abagunea antzutu egiten da».

Kolapsoari eman beharreko erantzunak jorratzean, «irtenbide faltsuak» aztertu dituzte txostenean, hau da, energia trantsizioa bultzatzeko enpresei bideratzen zaizkien laguntzak; besteak beste, Europako funtsak. «Finantzaketa publikoaren kantitate izugarriak gizartearen eta ingurumenaren beharrei erantzuten ez dien proposamen teknokapitalista asetzera doaz; hau da, kapitalismoaren ezaugarritzeari segida ematera».

Klima krisiaren aurrean, ekofeminismoa aldarrikatu dute: «Kolapsoak agerian utzi du bestelako bizitzak eraikitzearen urgentzia, eta horren oinarria da gure existentziaren ekodependentzia eta interdependentzia onartzea».

Hori ikusita, ekofeminismoa aldarrikatu dute. «Kolapsoak agerian utzi du bestelako bizitzak eraikitzearen urgentzia, eta horren oinarria da gure existentziaren ekodependentzia eta interdependentzia onartzea. Posizio horrek munduan gure egoteko modua eraldatzea dakar, galdetzea zerk egiten gaituen aske eta zein diren prozesu askatzaileak». Hala, proposatu dute prozesu sozioekonomikoak birkokatzea, planetaren muga biofisikoetara egokitzea, baliabideak kolektibitzatzea eta despribatizatzea eta funtsezko lanak duintzea, baina baita ere ohitura aldaketaz gogoetatzea: «Nahikotasunaren ikuspegitik, beharra kontzeptu indibidual eta kolektiboa birdefinitzea eta birbanaketa mekanismoak zehaztea».

Greba feminista orokorra

Iazko azaroaren 30ean mugimendu feministak hainbat eragile sozial eta sindikalekin egindako greba feminista orokorra «historikotzat» jo du txostenak. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko grebak aukera eman du ikusgai eta auzitan jartzeko zaintza lanak feminizatuta eta familiarizatuta daudela ordaindu gabeak direnean, eta prekarizatuta daudela lan ordainduak direnean. «Munduan, zaintza izendatzen dugun hori gorputz desjabetuek egiten duten lan ez-ordaindua da gehienetan». Eta pribatizazioa ere salatzeko balio izan du, oro har, «sare publiko osoa txikitzen» ari delakoan: «Zaintzan, negoziorako merkatua hedatzen ari da».

Mugimendu feministak eta sindikatuek «elkarlana sakondu» dute egitasmo horren bidez. Eta, gainerako greba feministetan egin bezala, azaroaren 30ean grebaren kontzeptua gehiago zabaldu zela ere uste du Talaiak: lan ordainduaren eremura mugatu izan dira hamarkadetan lanuzteak, baina greba feministek «lan ez-ordaindua politizatu» dute. «Sindikalgintzaren subjektu subalternoak bilakatu dira borrokaren subjektu eta protagonista». Sektore feminizatuetako langileen beste borroka sindikalak ere gogora ekarri dituzte, eta argi ondorioztatu dute: «Sindikalgintza feministaren garaia da».

Azaroaren 30eko greba «historikotzat» jo dute, eta nabarmendu dute greba feministek «lan ez-ordaindua» politizatu dute.

Hala, grebaren helburuak bete egin direla uste dute Talaiakoek, eta, besteak beste, zaintza sistema publiko-komunitarioaren «proposamen politikoa» hedatu dela. Baina ohartarazi dute komunitarioa kontzeptuarekin «kontuz ibili» belar dela: «Hitz hori eskuinak ere erabiltzen du, eta elitizazioa, karitatea, feminizazioa eta familiarizazioa birsortu ditzake. Guretzat, komunitatea ez da norbanakoen batuketa soila, baizik eta lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituen izaki taldeen multzoa. Menderakuntza sistema horien disputa da esparru komunitarioan dagokiguna».

Talaia Feministaren aurkezpena, gaur. A. CANELLADA / FOKU
Talaia Feministaren aurkezpena, gaur. A. CANELLADA / FOKU

Bizitza garestitzea

Inflazioak azken urteetan ekarri duen prezio igoerari atal bat eskaini diote txostenean, bizitza garestitzeak eta prekarizatzeak kalte berezia egiten dielako andreei: «Baliabide material gutxiago daude emakumeen esku; enegarren krisi honi aurre egiteko ardura emakumeen bizkar uzten da, ikusezinak diren eremu pribatuetan, etxeetan, geratzen baita; krisiari aurre egiteko hartutako erabaki politiko eta ekonomikoak ez dira berdin iristen emakumeengana».

Lan baldintzek eragina duten arren, harago ulertzen dute Talaiakoek prekaritatea: «Bizitzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeko ziurgabetasunarekin batera sortzen eta hedatzen da prekaritatea. Egun, errealitate hori normalizatzen eta instituzionalizatzen ari da. Horrek dakar hautatutako bizi proiektuari ezin ekitea eta ustekabeko egoerei aurre egin ezin izatea». Hala, elikagaien, etxebizitzaren eta energiaren garestitzea aztertu dute; «prekarizazio eta pobretze prozesuak azkartu» egin dituela ondorioztatu dute, eta beharrizan horiek «merkatuaren esku» edota «espekulazioaren eraginpean» egoteari egotzi diote.

Bizimodua garestitu eta prekarizatu dela ikusita, «bizirauteko» hainbat estrategia abiatzen dituzte herritarrek, hala nola gutxiago kontsumitzea, tartean premiazkoak diren gaiak; zorpetzea, nahiz eta «gero eta korapilatsuagoa» den; erakundeek pribatizatzen dituzten zerbitzuak familien gain uztea, eta bereziki andreen gain, «doako ekonomia» deiturikoan; edota «bizitza merkantilizatzea», esaterako, osasun aseguru pribatuen bidez. Politika sozialek bestelako «arazoak» eragiten dituztela azaldu dute txostenean: «Batetik, laguntzen izaera asistentziala da; eta bestetik, familian oinarritzen da, eta hala, familia bilakatzen dute sostengurako gune nagusi, eta emakumeen zaintzaile rola indartzen».

Prekaritatea normalizatzen ari dela salatu dute txostenean: «Bizitzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeko ziurgabetasunarekin batera sortzen eta hedatzen da prekaritatea».

Errealitate horri aurre egiteko, «egiturazko aldaketak» galdegin dituzte, eta bi bide seinalatu. Lehenik, «lankidetza publiko-pribatuaren logikaren ordez publiko-komunitarioaren logika ezartzea», eta zerbitzu publikoen aldeko apustua egitea. «Dudarik gabe, publikoak, unibertsalak eta euskaldunak izan behar dira. Funtsezko sektoreak eremu publikoak hartu behar ditu bere gain, eta merkatutik kanpo utzi». Bigarrenik, «lurraldean errotutako subiranotasunen» alde egin dute; besteak beste, elikaduraren eta energiaren arloetan.

Euskararen aurkako oldarraldia

Euskararen alde inoiz egindako manifestazio handienetako bat utzi zuen iazko azaroaren 4ak: Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, 70.000 lagunek salatu zuten Bilbon euskararen aurkako oldarraldia. «Euskararen biziberritzea helburu duten politiken aurkako sententziez» gain, oldarraldiaren barruan kokatu du Talaiak EAEko Hezkuntza Legean murgiltze eredua onartu ez izana ere: «Hizkuntza eredu baztertzaileak betikotzea blindatu du eta, beraz, ateak itxi dizkio ikasleak euskarara unibertsalki eskolaren bitartez iristeari». Hori dela eta, txostenean argi aldarrikatu dute: «Euskara ikasteko bide eta autopista guztiak ireki behar dira premiaz: doakoa, unibertsala eta masiboa izan behar du euskalduntzeak».

Izan ere, txostenak azaldu du euskalduntze politika «liberalak» gailendu direla Euskal Herrian: «Nagusiki administrazio publikoko langileei lan liberazioak eskaintzen zaizkie euskara doan ikasteko, eta gainontzekoek, merkatuaren legera, ordainduta ikasi behar dute, horretarako aukera badute. Politika klasista bihurtu da. Eskubide bat pribilegio bihurtu da, beste behin». Hortaz, euskararen biziberritzea «merkatutik atera» egin behar dela uste dute. Kontseiluak azken hilabeteetan egindako eskaeraren ildotik, Talaiak ere «herri akordio bat» galdegin du euskararen alorrean.

Edonola ere, txostenak nabarmendu du badela antzekotasun bat berdintasun eta hizkuntza politiken artean, eta, era berean, emakumeen eta euskararen zapalkuntzek oinarrian dutela «supremazismoa». Bi desberdinkeriak «mimetikoak» direla esplikatu dute: «Pentsamendu euskarafoboa oinarrian pentsamendu menderatzaile bat da, hau da, gutxiegitasuna sortu, indartu eta iraunaraztea du helburu; eta normaltzat jotzea. Naturalizazioa deitu ohi zaio horri: menderatua berezko dituen ezaugarriengatik dago dagoen lekuan gizartearen botere hierarkian, ez inork mendeko lekura kondenatu duelako. Naturalizazioak ere badu beste izendapen bat: indarkeria sinbolikoa».

Emakumeen eta euskararen zapalkuntzek oinarrian «supremazismoa» dutela azaldu dute txostenean.

Hala, minorizazio eta mendekotasun egoera hori eragin duten arrazoiak kontuan izan gabe eta neurri positiboak hartu gabe, zail da euskara biziberritzea. Eta berdintasun politiketara ere eraman dute planteamendua, gogora ekarrita berdintasunaren aldeko neurri positiboak gizonen eskubideen aurkakotzat dauzkatela askok: «Emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko politikak nola egin daitezke statu quo-a gordez?». Gainera, aldarrikatu dute euskara «emantzipaziorako lekua» dela: «Euskarak lekua hartu behar du emantzipazio borroka guztietan, eta emantzipazio borrokak lekua euskalgintzan».

Indarkeria matxista

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak, Mario Lopez Gernika Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiak eta Patrick Poivre d’Arvor (PPDA) kazetari frantziarrak egindako sexu erasoak hizpide hartu dituzte txostenean indarkeria matxistaz aritzeko. Hiru gertaera horiek izandako oihartzuna eta gaitzespena aurrerapausotzat jo dute: «Indarkeria matxistaren eta erasoen ulerkera zabalago baten erakusgarri da. Mugimendu feministaren lanketa eta gogoetei esker, asko ikasi eta aurreratu dugu: izendatu egin ditugu pairatzen ditugun indarkeria guztiak, seinalatu egin ditugu, eta salatu. Bortizkeriaren ulerkera horrek politizazio bat ekarri du, marko teoriko berri bat: jada ez da sekula izango puntualki gertatzen den zerbait, ez da berriz izango emakume batzuei gertatzen zaien zerbait».

Hala ere, hainbat ohartarazpen egin dituzte dokumentuan. Bat: «Eraso batek gizartea astintzen duenean, ohikoa da erasotzailea munstro gisa aurkeztea. Aterabiderik sinpleena da erasoa gizon gaixo baten burutazioa balitz bezala aurkeztea, gertaera bakan bat, gizarte patriarkalarekin loturarik ez duena, eta gutarra ez den munstro batek egina. Bestea seinalatzeak bertan goxo jarraitu nahi dutenak lasaitu egiten ditu». Bi: «Hau guztia patriarkatuaren oldarraldi batean kokatzen da: emakumeen kontzientzia hartzearekin batera, erantzun patriarkala gero eta oldarkorragoa dela. Gizonen arteko konplizitatea eta indarkeria matxistaren negazionismoa bizi-bizirik daude».

Arrisku horiek ikusita, txostenean txalotu egin dute andreek elkartasunez erreakzionatu izana: «Ahizpatasuna indarkeria matxistari erantzuteko arma ahaltsu bihurtu da. Nik sinesten dizut, lelo bat baino gehiago, posizio politiko bat da: ahizpatasunetik, emakumeen hitza aintzat hartu eta zalantzan ez jartzea esan nahi du; eremu judizial eta instituzionalak gainditzen ditu, eta ekintza feminista solidarioaren lurraldean kokatzen da». Emakumeak antolatuta egotearen garrantzia ere nabarmendu dute, Rubialesen aurkako kasuan, esaterako: «Emakumeen arteko antolakuntzaren garrantzia ukaezina da. Emakume futbolariak sindikatuta zeuden, eta emakumeen baldintzak hobetzeko ibilbide bat egina zuten. Eta, antolaketa horri esker, erasoari kolektibo gisa erantzun diote».

Bortizkeriarekin lotutako albisteak aztertuta, txalotu dute «indarkeria matxistaren ulerkera zabalago bat» erakusten dutela, mugimendu feministak hamarkadetan egindako lanketari esker.

Aldiz, ez dira hain baikor mintzatu bortizkeriaren aurkako politika publikoez: «Neurri partzialak gailentzen dira. Ez da kontuan hartzen indarkeria matxistaren egiturazko izaera; ondorioz, neurri asistentzialistak eta banakakoak eskaintzen dituzte». Deitoratu dute bortizkeria molde jakin batzuei soilik erreparatzea, arreta zerbitzuak «zurrunak» eta denboran mugatuak izatea, horren ondorioz birbiktimizazioa sustatzea... Halere, bortxari aurre egiteko eredu «eraldatzaile» bat martxan jartzen ari dira erakunde batzuetan, «erantzun komunitarioa eta neurri integralak bultzatzen dituena, pertsonengan fokua jarrita».

Hain zuzen, eredu hori garatzea eta zabaltzea galdegin dute, baita justizia feministaren bidea jorratzea ere, eta autodefentsa feminista aldarrikatu dute. Izan ere, ondorioztatu dute ez dela askapen prozesurik izango indarkeria matxistari aurre egin ezean: «Indarkeria matxistari aurre egiteko estrategian ezinbestekoa da politika publikoak diseinatzea ikuspegi integral batekin. Ez da nahikoa indarkeria matxistari aurre egitea; funtsezkoa da patriarkatua eraistea, haren eskutik doan kapitalismo kolonialarekin batera».

Abaia soinekoaren debekua

Euskal Herrira modu apalean iritsitako eztabaida bati heldu dio Talaiak azken atalean. Frantziako Gobernuak hezkuntza sistema publikoan abaia soineko arabiarra erabiltzeko debekua orokortu zuen iaz. Argudiatu zuenez, Frantzia estatu laikoa denez gero, debekatuta dago eskoletan zein gobernu eraikinetan sinbolo erlijiosoak modu esplizituan erabiltzea, baina Talaiakoak ez datoz bat ikuspegi horrekin: «Abaia ez da adierazpen erlijiosoa duen jantzi bat, baizik eta beduinoen jantzi tradizionala, esanahi kulturala duena. Abaia debekatzeak musulmanen eta arabiarren estigmatizazioa dakar».

Txostenean gogora ekarri dute antzeko hainbat erabaki hartu izan dituela Frantziako Gobernuak. Gai «konplexua» izaki, horren bueltan emandako argudioak eta kontakizunak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute kalte egingo diela andreei: «Halako neurriek emakumeen gorputza eta autodeterminazioa mugatzen dituzte, kontrol sozialerako eta uniformizaziorako tresna dira eta nerabezaroan identitatea sortzeko prozesua oztopatzen dute. Era berean, polemikak gazteen artean jarrera arrazistak indartzen eta normalizatzen laguntzen du». Feminismoaren barruan ere tentuz eztabaidatzera deitu dute: «Feminismoak borroka inklusiboa izan behar du, errespetuzko espazioak eraikitzea bultzatu eta eraldaketarako askotariko estrategiak proposatu behar dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.