ALEJANDRO VALLEJO
«Kezka nuen semea ni bezalakoa izatea»
Gogoan du Alejandro Vallejok (Legazpi, Gipuzkoa, 1963), talidomida hitza aditu zuen lehen aldia. «1993an izan zen. ‘Zurea akaso talidomida kasu bat izango da’, esan zidan traumatologo batek. Talidomida. Ordura arte ez nuen inoiz aditu. Atera, eta paper batean apuntatu nuen», oroitu du. «2010ean erreparatu nion berriro gaiari. Interneten idatzi nuen: talidomida. Eta ikertzen hasi nintzen». Besoetan eta zangoetan malformazio agerikoak ditu. Urteotan, gaiarekin arduratuta, hainbat azterketa mediko egin ditu, eta berriki, ia segurutzat jo dute talidomidak elbarritu zuela. Badaki amak botika bat hartu zuela haurdunaldian —«ez da izenarekin oroitzen, nola ba»—, eta behin betiko argitu nahi luke auzia, onurarik ekar badezake, hartzeko: «Talidomidak eragindakoa dela ziurtatuko balute, aurretik hartu ahalko nuke erretiroa». Eta pasatako mina arintzeko. «Semea jaio zenean, esaterako, nire kezka zen ni bezalakoa izatea».
IZASKUN ETXANIZ
«Inork ez zidan aipatu talidomida»
Koskortu arteko oroitzapenen artean ebakuntza asko ditu, jaiotzatiko malformazioak osatzeko ahalegin ugari. Hala ere, Izaskun Etxaniz Betegirentzat (Urretxu, Gipuzkoa, 1962) izen arrotza zen. «Operazio asko izan ditut, mediku asko pasatu ditut, baina inork ez zidan aipatu talidomida». Bere malformazioen kausa zein izan zitekeen jakin nahian makina bat neke izandakoa dela dio, eta medikuei ere egina diela galdera. «Ezkondu, eta familia izan nahi genuela eta, azterketa genetikoak egin nituen; esan zidaten ez nuela deus genetikoa». Lagun baten bidez izan zuen, lehendabizikoz, talidomidaren berri, orain dela urte batzuk. Bere elbarritasuna horrek eragindakoa bada, argitzea nahiko luke, bizi hobea izateko. «Ez dakit inoiz kalte-ordainik izango den; badira, izan bitez premia handiagoa dutenentzat. Ni konforme nintzateke erretiro aurreratuarekin...». Lan babestuan dihardu, eta, hein batean, bizitza normala egin duela dio. «Ni jaio nintzenean, gurasoei esan zieten ez nintzela ibiliko. Gaizki edo ongi, bagabiltza».
MARIANO GARMENDIA
«Gaiak amari barrua nahasten dio»
Poliklinikan jaio nintzen, Donostian, 1977an. Amari esan zioten naturala zela nirea, gauza natural bat». Elbarritasun agerikoa du eskuetan eta oinetan Mariano Garmendiak (Legorreta, Gipuzkoa). «%90eko elbarritasuna didate aitortua». Orain gutxi erreparatu zion talidomida hitzari: «Talidomidaren inguruan egiten ari ziren epaiketaren harira. Hasieran hurbildu nintzen elkartera laguntza emateko; ez nuen uste nik horrelakorik nuenik». Zientziak, ordea, baietz dio. «Medikuaren txostenaren arabera, ia probabilitate osoz malformazioak talidomidak eragindakoak dira». Badaki amak haurdun zegoela botika bat hartu zuela. «Baina, jakina, ez da izenarekin akordatzen». Eta, ustez talidomidak eragindako biktima gazteenetarikoa bada ere, ez da erraza orain dela ia berrogei urteko aztarnak aurkitzea. «Poliklinikan esan zidaten ez dela garai hartako agiririk geratzen, 1982ko uholdeen ondorioz paperak galdu egin zirela». Minbera ere bada bidea: «Nire amari gai honek gogorarazi egin dio gertatutakoa: barrua nahasten dio».
MARIA JOSEFA OSKOZ
«Banekien amak zerbait hartu zuela»
Talidomidaren berri orain dela gutxi izan du Maria Josefa Oskozek (Aranatz, Nafarroa, 1962), auziaren inguruko epaiketaren harira. Eskuineko eskuan duen malformazioa —«%68ko elbarritasuna dut»— izen arraroko botika horrek eragindakoa izan zitekeela bururatu, eta gizarte laguntzaile batekin hasi zen egoera aztertzen. Motiboak baditu susmoak izateko. «Banekien, haurdun zegoela, amak zerbait hartu zuela», azaldu du. Hil zen hura aspaldi, eta hartu zuen botikaren izenik ez du inork gogoan. Epaiketaren harira, kaltetuek jaso ditzaketen kalte-ordainei buruzko zifrak idatzita ikusi ditu hedabideetan. Irria eragiten diote. «Ematen du milioidunak egingo garela». Arazoaren jatorria onartuko baliote, gutxiagorekin konformatuko litzatekeela argi du. «Pentsio bat lortuko banu, gutxienez». Elbarritasunak ez dio eragotzi familia bat sortzea, ezta hura aurrera ateratzea ere, baina traba izan da: «Ezin izan dut fabrikatara-eta lanera joan, eta ez dut kotizatzerik izan». Azterketa genetikoen emaitzen zain dago.
LEHEN PERTSONAN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu