18. Korrika

Lehen pausoa, amets batetik

Martin Ugalde kultur parketik abiatuko da 18. Korrika, gaur arratsaldean; euskalgintzan ari diren beharginek eramango dute lekukoa'Eman euskara elkarri' leloarekin igaroko du Euskal Herri osoa, Baiona duelarik helmuga

Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Izaten dira ametsak, betetzen diren ametsak. Eta izaten dira bidean geratzen diren ametsak. Edo hasi bai, baina aurrera egiten ez dutenak. Eta izaten dira ametsak, betetzen diren ametsak, eta ondoren beste bat sortzen dutenak. Euskarazko egunkari bat sortzea izan zuen amets, eta egia bihurtu zuen. Eta, amets horretatik, beste bat sortu zen: kultur parke bat egitea. Eta eraiki zuten. «Iraun dezala euskarak Buruntzako harri tontorrak adina», utzi zuen idatzita parkeko obretan lehen harria ipini zuenean. Martin Ugalde kultur parketik abiatuko da gaur 18. Korrika, Andoaindik (Gipuzkoa). Hamaika egun eta hamar gautan, Eman euskara elkarri leloarekin igaroko dute Euskal Herria alderik alde. Baionan amaituko dute bidea, hilaren 24an, igandearekin.

Barauts lantegia zen. Laborde. Eta hango langile izana Ugalde. Diru arazoek itota, pabiloi batzuk alokairuan jarri zituen enpresak, eta Euskaldunon Egunkaria-k hartu zuen bat. 1994a zen. Hiru urte baino gehiago zeramatzan lanean euskarazko egunkari bakarrak. Erosteko aukerarekin hartu zuen alokairuan Egunkaria-k pabiloi hura. Laborde lantegiaren egoera okertzen ari zen, eta 1997an eman zuen pausoa: enpresa gune osoa saltzea erabaki zuen, Egunkaria-ren egoitza barruan zela. Hari saltzeko prest zen Laborde, baina baldintza batekin: eraikin sail osoa erosi behar zuen.

Egunkaria-rentzat gehiegi zen: 20.000 metro koadro. Kultur parke bat sortzea erabaki zuten, eta Buruntzape enpresa sortuta egin zuten urrats hori Egunkaria-k berak, Graficas Lizarrak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak.

Martin Ugalderen izena jartzea ere erabaki zuten, urteetan egindako lanaren eskergarri. Ordurako hilak ziren harekin batera aritutako bi lagun: Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka. Ugaldek jarri zuen lehen harria, 2000. urtean, eta 2002ko ekainean ireki zuten.

Lehen lekukoa, langileek

Euskalgintzan ari diren elkarte eta enpresen topagune da gaur egun Martin Ugalde kultur parkea, eta, hain zuzen ere, euskalgintzako hamabi langilek abiatuko dute gaur 18. Korrika; parkearen barruan itzuli bat egingo dute.

Bidea hasteko ardura beharginen eskuetan utzita, Korrikaren aurtengo leloa —Eman euskara elkarri— egia bihurtzeko egiten duten lana aitortu nahi izan diete.

Martin Ugalde kultur parkean urteurren garaia ere bada. Hamar urte dira Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela; hamar urte dira BERRIA sortu zutela. Hogei urte dira Joxemi Zumalabe hil zela. Eta hogei urte dira Korrikak Martin Ugalde omendu zuela; hain zuzen ere, azken kilometroa egin eta gero, Zumalabek idatzitako gutun bat irakurri zuen Ugaldek Bilbon, amaierako ekitaldian.

Egun osorako jaia izango dute gaur Andoainen. Goizean, eskola umeek egingo dute lasterketa, eta eguerdirako triki-poteoa antolatu dute. Arratsaldean hasiko da lasterketa. Andoaingo Goiko Plazatik Martin Ugalde kultur parkera kalejiran joango dira herritarrak, trikitilariek, buruhandiek eta bestelakoek lagunduta; 15:00etan jarri dute ordua. Korrika hasi aurreko ekitaldiari 16:00etan ekingo diote. Lasterketa bera 16:30ean hasiko da, eta lehen metroak kultur parkean bertan egingo dituzte, barruko plazan. Euskalgintzako hamabi beharginek eramango dute lekukoa hasierako metro horietan, eta, haien ostean, Pirritx eta Porrotx pailazoek.

Andoainen ordu erdi inguru egingo du Korrikak, baina gero ere izango da ekitaldirik herrian; 18:00etarako, batukada antolatu dute, Zume plazatik Goiko Plazara, eta 19:00etarako, kontzertuak.

Korrikak berak aurrera egingo du bitartean. Adunatik barrena, Tolosaldera sartuko da aurrena, eta, ondoren, Goierrira. Nafarroara gauez pasatuko da, eta Iruñera ostiralean iritsiko da. Larunbata Nafarroa Beherean eta Zuberoan egingo du, eta igandea eta astelehena, Nafarroan. Gasteiz izango da datorren hiriburua, astearte arratsean. Bilbora datorren ostegunean helduko da, eta Donostiara, larunbatean. Baionara datorren igande eguerdian iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.