Lehen hizkuntza eta harreman sarea, euskararen transmisiorako gakoak

Euskararen familia bidezko transmisioaz gogoetatzen ari dira Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan. Gaiari buruzko azterketa bat aurkeztu dute

Jon Aizpurua euskal filologoak EHUko ikastaro batean aurkeztu zuen eginiko azterketa, Donostiako Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskarak gurasoengandik seme-alabenganako jauzia egin dezan, hizkuntza gaitasuna bezain garrantzitsua da erabilera. Adibide bat: guraso euskaldun bakarra duten familietan, hark euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen badu, kasuen %88tan gauzatu egingo da transmisioa; hau da, seme-alabek ere euskara lehen hizkuntza gisa hartuko dute ia kasu guztietan. Euskaraz dakien guraso horrek lehen hizkuntza gisa erdara erabiltzen duenean, ordea, panorama bestelakoa da, seme-alaben artean euskararen transmisioa %49ra erortzen baita.

Euskararen familia bidezko transmisioaren inguruan Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko udako ikastaro batean, transmisio hori nola gertatzen den ulertzeko gakoak izan zituzten hizpide atzo, Donostiako Miramar jauregian. Saio horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan Saileko Jon Aizpurua zerbitzuburuak eta Agurtzane Ortiz teknikariak gaiaren inguruko azterketa kuantitatibo eta kualitatibo bat aurkeztu zuten.

Bilduriko datuekin, ondorioztatu dute euskararen transmisioan eragiten duten bi faktore nagusiak «euskara erabiltzeko erraztasuna» eta «harreman sarea edo gune soziolinguistikoa» direla. Aurrena lehen hizkuntzarekin «erabat lotuta» dagoela azaldu du Aizpuruak, eta, bigarrenari dagokionez, azpimarratu du familiak ez direla gune bakartuak, eta inguruneak «asko» eragiten diela.

Lehen hizkuntza

Azterketan erabili dituzten datuak Eustatek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko inkestetatik ateratakoak dira. Horien arabera, gurasoen hizkuntza gaitasuna da euskararen transmisioa baldintzatzen duten lehen eragileetako bat: bi guraso euskalduneko familietan, euskararen transmisioa %90ekoa da, hain zuzen.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2 eta 15 urteko haurren laurdenak (%26,9) guraso euskaldunak ditu, eta beste laurden bat (%25,2) familia «mistoetan» bizi da. Ia erdiek (%46,9), aldiz, ez dute guraso euskaldunik. Euskaraz jakiteak ez du, baina, hizkuntzaren transmisioa bermatzen, eta hor «modu naturalean edo kontzientean» etxean euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute ikertzaileek. «Gurasoak euskaldunak direnean, baina lehen hizkuntza euskara ez denean, alde esanguratsua dago seme-alaben lehen hizkuntzan», azaldu du Aizpuruak.

Halaber, euskaraz dakien guraso bakarreko familiei dagokienez, sexuaren aldagaia ere aintzat hartu dute azterketan: euskalduna ama denean, kasuen %52tan gertatzen da transmisioa, eta, aita denetan, berriz, kasuen %36tan.

Ingurunearen garrantzia

Inguruneak ere eragin zuzena du euskararen familia bidezko transmisioan, eta hori kontuan izan dute ikertzaileek. Aizpuruaren arabera, «eremu euskaldunean egoteak lagundu egiten du; inguru erdaldun batean bizitzea, aldiz, transmisiorako oztopo da, ahalegin handiagoa eskatzen baitu». Hala, azterketak hiru ingurune soziolinguistiko ezberdindu ditu datuak islatzeko: euskaldunak %35 baino gutxiago direna, euskaldunak %35 eta %65 bitarte direna, eta euskaldunak %65 baino gehiago direna.

Lehenengo gunean, euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen duten bi guraso dituzten familiak soilik %5 dira. Bigarrenean, berriz, %38,9 dira, eta, hirugarrenean, azkenik, erdiak baino gehiago (%56,1).

Datu horien «pisua» ulertarazteko, gune horietako bakoitzean zenbat jende bizi den ere gogoratu du Ortizek: «Gune erdaldunenean, biztanleriaren %46 bizi da; bigarrenean, %37; eta euskaldunenean, %16 inguru».

Hirugarren gunean, euskararen transmisioa «ia erabatekoa» da, teknikariak nabarmendu duenez; lehenengoan, berriz, gurasoen %66k ez dute euskara transmititzen.

Euskara erabiltzeko erraztasuna eta ingurune soziolinguistiko euskalduna bermatuta daudenean euskaren transmisioa «modu naturalean» gertatzen den modura, bi faktoreetako batek huts egiten duenean gurasoek euskararen transmisioa modu «kontziente» batean egiten dutela nabarmendu dute azterketaren egileek.

Seme-alabeieuskaraz egiteko erabakia hartzera eramaten dituzten lau arrazoi identifikatu dituzte ikertzaileek: belaunez belauneko transmisioa, Euskal Herrian bizi eta euskaldun sentitzea, gurasoek eurek euskara ikasteko egindako ahalegina eta euskara jakitearen balio instrumentala. Adituek, bestalde, ohartarazi dute, haurrei euskaraz egiteaz gain, transmisiorako garrantzitsua dela gurasoek ere elkarrekin euskaraz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.