Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako azterketei «planto» egiteko deia egin du Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Batzar orokorra egin zuen atzo Gasteizen, eta bertan berretsi zuen LOMCEren azterketen inguruan iaz hartu zuten jarrera aurtengo ikasturtera ere zabaltzea. Hala, hezkuntza sistema propioaren alde urratsak egiteko eskatu dute hezkuntza plataformek: «Herri gisa, egin diezaiogun aurre LOMCEri». Horretarako, ikastetxeetan hitzaldiak egingo dituztela aurreratu dute. Familia «objektoreak» ere bilatuko dituzte, ikasleei azterketa egiteko baimenik emango ez dietenak.
Eusko Jaurlaritzara eta Nafarroako Gobernura begira ere jarri dira Hezkuntza Plataformen Topagunekoak. Espainiako Gobernuak agindutako azterketak ez ditzatela egin eskatu diete. Izan ere, eta, plataformen iritziz, «ikasleen ebaluazio jarraitua erabat dinamitatzen dute» azterketa horiek, eta «ikasleen sailkatzea eta banaketa ahalbidera dezakete».
Orain artekoarekin, pozik
Iazko bidetik jarraitu nahi du aurten ere Hezkuntza Plataformen Topaguneak, aurreko ikasturtean lortutako emaitzekin gustura baitago. Plataformen topaguneak esan duenez, iragan azaroaren 28an egindako mobilizazioari esker, «gaia kalera ateratzea eta agenda politikora eramatea» lortu zuten.
Iaz Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 30 ikastetxetan zuen aurreikusia Eusko Jaurlaritzak azterketak egitea. Baina, «soilik», Kristau Eskolei dagozkien hamahirutan eta eskola publiko bakarrean egin zituen. «Gainontzeko hamalau eskola publikotan eta bi ikastolatan planto egin zuten».
Lehen hezkuntzako azterketarik ez egitea berretsi dute plataformek
Hezkuntza sistema propioa defendatzen jarraitzeko eskatu du plataformen topaguneak.Iaz lortutako emaitzekin gustura daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu