Hezkuntza. EHUko errektorearen kargu hartzea. Fernando Plazaola. EHUko ikerketa errektoreordea

«Lehen helburua da egungo ikerketa maila mantentzea»

Maite Asensio Lozano.
2013ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
EHUko Ikerketa errektoreorde kargua hartu zuen atzo Fernando Plazaola Muguruza Fisika Aplikatuko katedradunak (Legorreta, Gipuzkoa, 1958). Ibilbide oparoa du ikerkuntzan: hamar proiektu baino gehiago gidatu ditu, patente baten jabe da, eta biomedikuntzaren arloko ikerketa talde bateko arduradun ere bai.

Ikerketaz asko hitz egiten da azken aldian, mozketekin lotuta ia beti. Abagune horretan, zein dira datozen lau urteotarako erronka nagusiak?

Lehenbiziko helburua da gaur egungo ikerketa maila, gutxienez, mantentzea; Shangayko rankingean sartu gara, eta hor geratzeko lan asko egin behar dugu, oso lehia handia dagoelako. Horrek esan nahi du bikaintasun eta ikerketa taldeak indartu behar ditugula. Ikertzaile gazteak ere sortu behar ditugu, belaunaldien arteko erreleboa ona izan dadin.

Hortik doa 400 tesien xedea, ezta?

Bai. Gradu, graduondo eta doktorego programen artean oso koordinazio ona lortu behar dugu horretarako.

Txikiagoa bada ere, EHUn ere eragina izango dute Espainiako Gobernuaren mozketek. Hori nola orekatu pentsatu duzue?

Jaurlaritzak orain arte inbertsioa sendo mantendu du, eta espero dugu talde berriak ere hala jarraitzea. Baina gure ikerketa talde askok ministerioaren murrizketak jasan dituzte eta, horren aurrean, uste dut Europatik dirua ekarri behar dugula, bide hori jorratzen hasi behar dugula.

Ikerketa egiten duten enpresekin zein harreman eduki behar da?

Herri txikia gara, eta denon arteko loturak areagotu behar ditugu. Baina inguruko eragileekin ere loturak egin behar ditugu; adibidez, aurten Zabalduz programa abiatu dugu, eragileek planteatutako arazoak ikerketaren bidez jorratzeko, eta ikertutakoa gizarteratzeko. Euskampus bikaintasun izendapenak ere ezagutza poloak sortzeko balio behar digu; ikerketa taldeek, enpresek eta administrazioek osatuta, diziplina arteko sare zeharkakoak. Bestalde, mugaz gaindiko campusa sortzen ari gara, Baionako unibertsitate zentroekin elkarlana areagotzeko, besteak beste, tesiak partekatuz.

Ikerketa zientziekin lotzen da ia ezinbestean; BERC zentroek ere horiek jorratzen dituzte. Giza zientzietako ikerketa indartu behar da?

Bai. Zientzia eta teknologietako ikerketa sendotuago dago, baina alor guztietan lortu nahi dugu bikaintasuna, giza zientzietan eta biomedikuntzan ere. Diplomaturak gradu bihurtzeak ekarri du hainbat irakaslek ikertzeko denbora gehiago edukitzea; ikerketan sartzen lagundu behar diegu.

Eta euskarazko ikerketa nola indar daiteke?

Euskaraz oso gauza garrantzitsuak egiten ari gara, adibidez, baliabide telematikoak itzultzen. Ikerketa asko, ordea, nazioartean lehiatzen dira, eta ingelesez egin behar ditugu. Euskal Herriari lotutako gaietan du euskarak erronka handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.