Lehen hazia ereinda dago

Independentzia Eguna ospatuko dute bihar Larrabetzun, eta, ospakizunaren abaroan, lau herrik «udalerri independentistatzat» jo dute euren burua; bide berriak zabaldu ditu horrek.

Independentistak Sareko kideak Larrabetzun, otsailaren18an, igandeko Independentzia Eguna aurkezten. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Dena prest dago bihar Independentzia Eguna ospatzeko. Aurten Larrabetzun (Bizkaia) antolatuko dituzte ospakizun nagusiak, eta Burujabe hobe izango dute leloa, baina ez dira horiek izango berrikuntza bakarrak. Arlo politikoan, eguna antolatzen ibili diren herritar independentistek mozioa aurkeztu zuten joan den otsaileko osoko bilkuran Larrabetzuko Udalak bere burua «udalerri independentista» izenda zezan, eta mozioa onartu egin zen, EH Bilduko sei hautetsien aldeko botoekin eta EAJren bost zinegotzien abstentzioarekin.

Ez da bakarra izan: Dima, Arrankudiaga (Bizkaia) eta Bakaiku ere (Nafarroa) udalerri independentisten zerrenda horretan daude. Bihar 13:30ean egingo duten ekitaldi instituzionalean lau herrietako udal ordezkariek parte hartuko dute, eta euren herrietan onartutako mozioa irakurriko dute. Beste zenbait herritako ordezkariak, Udalbiltzakoak eta Kataluniatik iritsitako hautetsiak ere izango dira ekitaldian.

Hortaz, aurtengo Independentzia Eguna ez da izango ospakizun hutsa, eta lorratza utziko du gerora ere. «Larrabetzun ekitaldi sozial eta kultural ugari antolatzen dira, eta zaila da asteburu libre bat topatzea», azaldu du Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgile larrabetzuarrak. «Horregatik, Independentzia Eguna hemen antolatzeko proposamena egin zigutenean, guk erantzun genuen jai giroko egun ludiko bat izatekotan ez zuela merezi; guk aurrerapauso bat ekarriko zuen zerbait antolatu nahi genuen».

Alde horretatik, badirudi Larrabetzuko herritarren asmoa bete dela. Eguna ez da izango independentziaren aldeko aldarri hutsa: esaterako, goizean, Euskal estatua irudikatzen leloa izango duen ekitaldia antolatuko dute, eta hor gunea izango dute hezkuntzak, sozioekonomiak, feminismoak, aniztasunak, memoriak eta beste zenbait arlok.

«Eztabaida hori bultzatu nahi genuen», esan du Barandiaranek. «Independentzia ez da soilki hizkuntzari eta lurraldetasunari lotutako zerbait; hainbat arlo hartzen ditu, ezinezkoa delako arlo horiek Frantziaren eta Espainiaren menpe garatzea. Gaur egun, ez daukagu arrazoi bakar bat ere Frantziaren eta Espainiaren menpe jarraitzeko; ez dauka zentzurik».

«Pauso logikoa»

Eztabaida sozial hori bultzatzea ez da izango aurtengo Independentzia Egunaren lorpen bakarra. Lehenengo aldiz lau udalerrik independentziaren aldekoak direla argi eta garbi azaltzea ere badaaurrerapausoa. Independentistak sareak txalotu egin du lau udalerrion erabakia, eta uste du «pauso guztiz logikoa» dela. «Lau herri horietan galdeketa egin zuten, Gure Esku Dago-k bultzatu eta tokian tokiko plataformek antolatuta. Kasu guztietan, parte hartzea %60tik gorakoa izan zen, eta independentziaren aldeko botoa, %90etik gorakoa. Logikoa eta naturala da herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioak herriari entzutea eta aintzat hartzea», esan du Independentistak sareko Txutxi Ariznabarretak.

Oraingoz, «autoafirmazio» ekintza da lau udalerriek egindakoa, Ariznabarretak dioenez. Baina aurrerantzean arlo sinbolikoa gainditu eta bide berri bat jorratzeko aukera zabaldu al dute Larrabetzuk, Dimak, Arrankudiagak eta Bakaikuk? «Argi dago honekin bide bat irekitzen dela eta herri gehiagok bat egin dezaketela adierazpen horrekin», esan du Ariznabarretak, «baina herriek erabaki beharko dute nondik jo hemendik aurrera. Horrelako bide batean sartzekotan, unea, abagunea, egokitasuna eta abar aztertu beharko lirateke, non gauden eta zein bide jorratu nahi den. Ikusiko da, baina hazi bat ereinda dago».

«Guk geure burua herri independentista izendatu dugu, baina horrek konpromiso bat ere eskatzen digu», esan du Barandiaranek. «Domekatik aurrera jarraitu beharko dugu pentsatzen zer egin dezakegun burujabe bizi ahal izateko, eta prest egongo gara gure bultzada eta prozesu honetan ikasi duguna beste herri batzuekin partekatzeko».

Udalerriek independentziaren alde egin dezaketen lanaz berba egiten hasita, atoan dator burura Kataluniako esperientzia. Han badago independentziaren aldeko udalerrien elkarte bat, lanean urteak daramatzana eta prozesu subiranistan zeresan handia izan duena.

Eudald Calvo (Argentona, Katalunia, 1986) Kataluniako AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Batzarreko presidenteordea da, Argentonako alkatea izateaz gain: «Elkartea 2010ean sortu zen, independentismoaren gorakadarekin batera», esan du. «Elkarte zibilak —ANC eta Omnium— egiten ari ziren lanaz gain, independentziaren alde argi eta garbi zeuden udalak batzeko beharra ere ikusi zen». Orain, 787 udalerri daude AMIn, eta, horiekin batera, beste 52 tokiko instituzio —eskualde mailako kontseilu, diputazio eta beste—.

Calvok dioenez, euren burua defendatzeko modua ere bazen elkarte bat osatzea, Espainiako Estatua garai hartan hasi baitzen Espainiako bandera jartzeari edo erregearen irudia erakusteari uko egiten zioten udalerriei jazartzen. Ez hori bakarrik: «Prozesuan argi dago herritarrek izan dutela rol nagusia, baina udalerriek ere zeregin garrantzitsua izan dute. Gogoratu behar da Arenys de Munten[2009ko irailean] egindako galdeketa hartan dagoela mugimenduaren sorburua, eta hango udalak babes osoa eman ziela galdeketa antolatu nahi zuten herritarrei. Berdin gertatu zen gero etorri ziren galdeketetan».

Urriaren 1eko erreferenduma ere, Generalitateak antolatzen zuen arren, udalerrien parte hartzeari esker egin zen: «Herri gehienetan udal aretoetan jarri zituzten hautetsontziak. Prozesu osoan, oso garrantzitsua izan da udalerrien ekarpena».

Calvok aspalditik du harremana Euskal Herriarekin; behin baino gehiagotan egon da hemen hautetsi gisa edo bere indar politikoa ordezkatuz (CUP), eta bihar ere Larrabetzun egongo da Independentzia Eguneko ekitaldi instituzionalean parte hartzeko.

Bere eskarmentuan oinarrituta, Calvok pentsatzen du Kataluniako AMIren eredua aztergai izan daitekeela beste zenbait lekutan ere: «Ni ez nago toki bateko ereduak esportatzearen alde, normalean errealitateak desberdinak izaten direlako eta horrek ez duelako funtzionatzen, baina oso interesgarria da ikustea Herrialde Katalanen eta Euskal Herriaren artean dauden paralelismoak. Seguru asko, Euskal Herriak ikas dezake Kataluniako esperientziatik; lorpenetatik, eta egindako akatsetatik ere bai».

Horregatik, «interesgarri» deritzo independentziaren alde dauden euskal udalak modu koordinatuan lanean hasteko ideiari: «Aitortu behar dut hasieran apur bat harritu ninduela, AMIk harreman handia izan duelako Udalbiltzarekin, eta pentsatzen nuen agian Udalbiltzak betetzen zuela esparru hori, baina ulertzen dut arlo desberdinak direla. Ikusiko dugu nolako ibilbidea egiten duten; guri, sostengu osoa ematea baino ez dagokigu», esan du.

Calvok dioenez, handia izan da udalek Kataluniako independentziaren aldeko prozesuari ekarritakoa. Orain badirudi prozesu hori, ostera ere, bidegurutze batean dagoela, nondik aurrera egin asmatu ezinik. Udalerrietan egon daiteke prozesua biziberritzeko giltzetako bat? «Nik horretaz ez dut dudarik», esan du Calvok. «Lehenago ere, prozesuak oztopo handiak aurkitu ditu. Orain arte, jakin dugu zailtasun horiek gainditzen; zoritxarrez, badirudi estaturik gabeko nazio guztiak horretara ohitzen ari garela, estatuen jarrera itxia ikusita. Udalerriek rol garrantzitsua izango dute, indarra egin behar baita. Nahiago genuke hala ez balitz, baina beharbada guri egokituko zaigu aldarrikapen independentistari eustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.