Konkolotxek neurriak eskatu ditu lehen haurtzaroan murgiltzea zabaltzeko

Ontzat jo du elkargoan gaia hizpidera ekarri izana, baina salatu du gaur egungo euskarazko eskaintza ez dela nahikoa.

(ID_13187877) KONKOLOTX - AGERRALDIA
Konkolotx elkarteak diru kanpaina aurkezteko egindako agerraldia, irailean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko abenduaren 14a
16:30
Entzun

Konkolotx elkarteak adierazi du euskararen iraupenerako «baitezpadakoa» dela lehen haurtzaroan murgiltzea zabaltzeko neurriak «lehenbailehen» hartzea eta gaiaren inguruko politika oso bat eraikitzea. Larunbatean Euskal Hirigune Elkargoan sortu zen eztabaidaren ondotik, «pozik» agertu da euskal haurtzaindegi eta haurtzain etxeak biltzen dituen elkartea, «gaia publikoki mahai gainean» ezarri delako. Haatik, azpimarratu du gaur egun haurtzaindegietan euskaraz eskaintzen den zerbitzua ez dela nahikoa, «ez burasoen nahikeria betetzeko, ez afixatzen den hizkuntza politika obratzeko».

Elkargoaren biltzar nagusian, haurtzaindegien inguruko arautegi berria bozkatu behar izan zuten hautetsiek, eta ezkerreko abertzaleek osatzen duten Bil Gaiten taldeak proposatu zuen euskarazko harrera orokortzea. Gaur egun, Leha programaren irizpideen arabera labelizatuak dira Ipar Euskal Herriko haurtzaindegiak, euskarak horietan duen presentzia kontuan hartuta.

«Elkargoaren haurtzaindegi guzien labelizazioa urrats inportantea izan daitekeela uste dugu baldin eta labelizazio hori hozka aski gora batean ezartzen bada», azaldu du Konkolotxek agiri batean. Elkartearen arabera, segurtatu behar da haurtzaindegi horiek  harrera «osoki euskaraz» eskainiko dutela, eta «ez soilik euskara pixka bat».

Horiek horrela, hiru eskaera egin ditu Konkolotxek: labelizazioa Iparraldeko harrera mota guzietara hedatzea, hau da, haurtzaindegietara, haurtzain etxeetara eta etxeko haurtzainengana; euskara hutsezko harrera tokiak Ipar Euskal Herri osora hedatzea, familia guziek parada ukan dezaten haurrak euskarazko harrera gune batean ezartzeko; eta lehen haurtzaroko langile euskaldunak lehenbailehen trebatzeko plan zabal bat abiatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.