Lehen epaian errudun jo dute Cabezudo

Bi urte eta hiru hileko zigorra jarri diote lekuko bat hertsatzegatik eta Justizia trabatzeagatik

jokin sagarzazu
Donostia
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Aurrenekoan, errudun. Kote Cabezudo argazkilariari bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri diote, haren aurkako lehen epaiketan. Horrez gain, 5.040 euroko isun bat ordaindu beharko du, eta biktimari 8.000 euro eman beharko dizkio eragindako kalte moralengatik. Argazkilari zen garaian modeloei sexu abusuak egitea leporatuta jarritako hogeitik gora salaketarengatik ari dira ikertzen Cabezudo. Auzibidea hainbat piezatan dago banatuta egun, eta horietako bati dagokio ezarritako zigorra. Iazko maiatzaz geroztik, behin-behinean preso dago, Martuteneko espetxean.

Donostiako Epaitegiko Zigor alorreko 4. aretoko epaimahaiak epaitu zuen urtarrilean, beste auzietan lekuko gisara deklaratzera zihoan neska baten argazkiak Interneten jartzea leporatuta. Neska biluzik azaltzen zen irudi horietan, emakume hori ere modelo aritu baitzen Cabezudorentzat.

Epaimahaiak hertsatze delitu bat leporatu dio, eta Justiziaren lana oztopatzea egotzi. Frogatutzat eman du neska biluzik azaltzen den Interneteko argazkia 20 urte lehenago egin ziola Cabezudok berak. Intimitatearen aurkako delitu bat ere leporatzen zion akusazio partikularrak, baina epaimahaiak absolbitu egin du.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan, sona eta onespena zituen inguruan, baina azken urteotan hainbat salaketa jarri dituzte haren kontra sexu abusuengatik. Beste bi piezen instrukzioa amaitua du auzitegiak, eta aurki espero dute aldeek epaiketa.

Kasuak hainbat gorabehera izan ditu. Akusazioak Ana Isabel Perez Asenjo instrukzio epailea salatu zuen, prebarikazioagatik eta delituak ez pertsegitzeagatik—egotzi zion Cabezudok Interneten zeuzkala artean modeloen argazkiak, eta ez zuela neurririk hartzen horren kontra—. EAEko Auzitegi Nagusiak Julian Garcia Marcos epailearen esku utzi zuen instrukzioa, baina, aurreko epaileak helegitea jarri, eta auzitegiak arrazoia eman zion. Dena den, Perez Asenjori ez diote ikerketaren ardura itzuli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.