Gehien kutsatzen duten ibilgailuek sarrera mugatua izango dute Euskal Herriko hiri handietan, beranduenez, 2025etik aurrera. Urte horretarako, emisio gutxiko eremuak izan beharko dituzte indarrean. Europako Batasunak onartutako zuzentarauei jarraituta, Frantziako eta Espainiako legediek gisa horretako eremuak eratzeko agindu dute. Hego Euskal Herrian, 50.000 biztanletik gorako hiriek ezarri beharko dituzte. Zazpi dira: Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo (Bizkaia), Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa). Guztiak dabiltza atzeratuta —2023rako behar zuten indarrean—, eta Madrilek bi aldiz atzeratu du legeak zehaztutako epemuga. Frantziak 150.000 biztanle baino gehiagoko hiri aglomerazioei ezarri die egitekoa. Horrenbestez, Ipar Euskal Herrian, Baionako aglomerazioan eratu beharko dute eremua.
Hirietako ongizatea hobetzea eta klima larrialdiari aurre egitea dute helburu emisio gutxiko eremuek. Gaur egun, errepideko garraioak sortua da munduan atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren %15. Emisio horiek gutxitu beharra dago Lurraren berotzea ahalik eta gehien apaltzeko. Baina, karbonoaz gain, trafikoak beste gai kutsagarri batzuk ere askatzen ditu, eta horrek hirietako aire kalitateari eragiten dio zuzenean. EB Europako Batasunaren arabera, 240.000 heriotza goiztiar inguru eragin zituen aire kutsadurak 2021ean, blokeko herrialdeetan. Hau da, trafiko istripuek eragindako heriotzak halako hamabi. Kutsadura akustikoa gutxitzea da beste helburuetako bat. Finean, herritarren bizi kalitatea eta osasuna hobetzea.
Aire kutsadurak 240.000 heriotza goiztiar eragin zituen Europako Batasunean 2021ean
Iruñea da Euskal Herrian emisio gutxiko eremu bat indarrean duen hiri bakarra. 2023rako jarri zuen martxan, baina, praktikan, izen aldaketa formal bat besterik ez zen izan. Udalak hala izendatu zuen aurretik indarrean zuen sarbide kontrolatuko eremua. Ez zen aldaketarik izan trafikoari ezarritako murrizketetan. Eremuaren perimetroa berdin mantendu zuen, Iruñeko Alde Zaharrera mugatuta, eta barrura sartzeko debekua orokorra da orain ere, ibilgailuaren kutsatze maila kontuan hartu gabe. Salbuetsita daude garraio publikoa, Alde Zaharreko bizilagunak, eremu barruko negozioetako titularrak eta 30 minutu baino gutxiagoko aparkaldiak.
Espainiako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak dioenez, ordea, emisio gutxiko eremuek «ibilgailuen emisio mailaren araberako klasifikazioan oinarrituta» mugatu behar dute sarbidea, eta Iruñeko Udalak ez du halakorik egin oraingoz, eta ez du horretarako proposamenik aurkeztu.
Gaur-gaurkoz, Bilbok eta Donostiak dituzte lanak aurreratuen. Biek jakinarazi dituzte ibilgailu kutsagarrienei erdialdean sartzea debekatzeko egitasmoak. Prozesu bat abiatuko dute herritarren eta gizarte eragileen ekarpenak eta alegazioak jasotzeko. Horiek aztertu ondoren, emisio gutxiko eremua arautuko duten ordenantzak onartuko dituzte. Bilboko udal gobernuak adierazi du 2024ko lehen hiruhilekoan onartzea espero duela.
Bizkaiko hiriburuan, emisio gutxiko eremuak Abando, Indautxu, Abandoibarra eta Zabalgunea hartuko ditu. «Trafiko handiena erakartzen duen gunea», udalaren esanetan. Eremu horretan, ezingo dira sartu B ingurumen etiketa duten ibilgailuak eta etiketarik ez dutenak. Dena den, B etiketadunak debekutik salbu geldituko dira urtebetez, araudia indarrean sartzen denetik aurrera kontatuta. Udalak eginiko ikerketa baten arabera, hirian dabiltzan ibilgailuen erdiak dira B motakoak eta etiketarik gabeak.
Aldaketak, pixkanaka
Ordenantza aurten indarrean sartzekoa den arren, sartzeko debekuak pixkanaka ezarriko dira, 2030era arte. Urte horretatik aurrera, kutsatze apaleko ibilgailuak baino ezingo dira sartu emisio gutxiko eremura; hau da, 0, Eko eta C etiketadunak.
Eremura sartzeko murrizketak indarrean izango dira astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 20:00etara. Debekutik salbuetsita geldituko dira eremuaren barruan bizi diren herritarren ibilgailuak, ordenantza indarrean sartu aurretik udaleko ibilgailu erroldan alta emanda badaude.
Bilbok bezala, Donostiak ere trantsiziorako aldi bat iragarri du. Bi fasetan sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua: lehen fasean, 2027a amaitu bitarte, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuei debekatuko zaie eremura sartzea. Hau da, gaur egun hirian ibili ohi diren ibilgailuen %90ek izango dute baimendua sartzea. Bigarren fasean, 2028tik aurrera, B etiketa dutenak ere ezingo dira sartu. 0, Eko eta C etiketadunek soilik izango dute baimena. Emisio gutxiko eremua Parte Zaharretik Araba parkeraino hedatuko da, eta erdialdea eta San Roke hartuko ditu.
Irizpide orokor horrek salbuespenak izango ditu, eta udalak aurreikusten du baimen batzuk ematea: besteak beste, eremu barruko bizilagunentzat, profesionalentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat. Herritarrek baimen bereziak eskuratzeko aukera ere izango dute, horretarako arrazoi justifikatu bat dagoenean.
Gasteizek ez du emisio gutxiko eremua sortzeko proiekturik aurkeztu, baina diseinatzeko lanean ari da. Parte hartze prozesu bat hasi zuen azaroan, eta herritarren eta gizarte eragileen 127 proposamen bildu ditu eremuak izan beharko lukeen funtzionamenduari buruz.
Udalak proposatuko du emisio gutxiko eremuak hiriko Alde Zaharra eta Zabalgunearen zati bat hartzea, eta murrizketak pixkanaka ezartzearen alde egin du. Lehenengo fasean, ingurumen etiketaren bat duten ibilgailu guztiek izango dute eremura sartzeko aukera. Bigarren fasean, 2027tik aurrera, ingurumen etiketaren araberako murrizketak ezarriko dira, eta eremua zabaldu egingo da Ramiro Maeztu, Domingo Beltran eta Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleetaraino. Horrez gain, ingurumen TAOa jarriko dute indarrean. Hau da, ibilgailuek zernbat kutsatzen duten, horren arabera ordaindu beharko dute aparkatzeko. Udalak aurreikusi du kale gune gehiagotara zabaltzea ohiko TAOa fase horretan. Hirugarren urratsa 2030ean izango da: are gehiago murriztuko da eremurako sarbidea, ibilgailuen etiketaren arabera, eta ingurumen TAOa hedatuko da.
Bilbok eta Donostiak ez bezala, Gasteizko Udalak adierazi du salbuespenak ezarriko dituela errenta apala duten herritarren ibilgailuentzat eta erretirotik hurbil dauden lanbide jakin batzuetako profesionalentzat.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuek azaldu dute kamera bidez kontrolatuko dituztela eremuetarako sarbideak. Kamerek automatikoki irakurriko dituzte ibilgailuen plakak, eta denbora errealean baieztatuko dute eremura sartzeko baimena duten ala ez.
Legedia betetzeko gehiago falta zaie Barakaldori, Getxori eta Iruni. Oraindik ez dute aurkeztu emisio gutxiko eremua ezartzeko proposamenik. Atzerapena dela eta, Espainiako arartekoa Barakaldo eta estatuko beste 32 hiri ikertzen hasi zen azaroan. Euskal Herriko hiririk handietan bosgarrenak ez ditu tramiteak hasi ere egin. Espainiako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen arabera, eremuek indarrean behar zuten 2023rako. Urtebeteko atzerapena onartu zuen iaz, eta 2025era arteko epea eman die orain lanak amaitu ez dituztenei.
Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoak ikerketa bat hasi zuen apirilean, Lapurdiko kostaldeko trafikoaren ezaugarriak identifikatzeko. Emaitzetan oinarrituta ekingo die emisio gutxiko eremua diseinatzeko lanei. Baionako aglomerazioak Tarnosetik (Okzitania) Hendaiara arteko (Lapurdi) kostaldea hartzen du —Lapurdiko 27 herri eta Landetako hiru—. Emisio gutxiko eremua tarte horretan ezarri beharko dute, eta aglomerazioko biztanleen erdiak hartu behar ditu gutxienez. Beraz, logikoena da Baionak, Miarritzek eta Angeluk osatzen duten hirigunean kokatzea.
Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako alkateak gizarte babeserako neurriak eskatu zizkion idatziz Pirinio Atlantikoetako prefetari, trafiko murrizketek baliabide ekonomiko urrieneko herritarrengan izango dituzten ondorioak arintzeko. Elkargoak iragarri du kontsultak egingo dituela herritarrekin eta interesatuta dauden eragileekin, araudian txertatu beharreko irizpide sozioekonomikoak zehazteko.
Baionak trantsizio ekologikorako bere plangintzan jasotzen duenez, emisio gutxiko eremu bat ezarriko du 2025erako, eta haren barrura sartzea debekatuko die ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuei —1997a baino lehen matrikulatutakoei—.
Ikusi gehiago
Argiak eta ilunak
Elkarte ekologistek emisio gutxiko eremuak ezarri beharra nabarmendu dute, aire kutsadura, kutsadura akustikoa eta atmosferara isurtzen diren berotegi gasak murrizteko. Baina ohartarazi dute ezinbestekoa dela eremuarekin batera beste neurri batzuk hartzea, helburuak bete daitezen.
Ekologistak Martxan-ek nabarmendu duenez, oinarrizko baldintzetako bat da autoentzako aparkalekuak murriztea, eta kalitatezko garraio publikoa eta bizikleta sistema publikoak indartzea. Hala egin ezean, «errebote efektu bat» gerta daiteke: trafikoa handitzea emisio gutxiko eremuaren inguruetan, eta emisio murrizketa soilik eremu babestuan gertatzea.
Etxebizitza politikak txertatu beharra ere aipatu du elkarteak. Ekologistak Martxan-en iritziz, emisio apaleko eremuak gentrifikazio prozesuak sustatu ditzake etxe politikekin uztartzen ez bada. Azken finean, trafiko mugatuko eremua ongizateko leku bihurtzen baita, zarata gutxiagokoa eta aire kalitate hobea duena. Etxe eskaria asko handitzen bada, esku hartze politikorik ezean, errenta apaleneko herritarrak eremu horretatik kanpo geldituko dira denborarekin.