Lehen ekitaldia, bihar Iruñean

Egin Dezagun Bidea herri ekimenak manifestaziora deitu du biharko, Iruñeko Golem aretoetan, 12:00etan

joxerra senar
Iruñea
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egin Dezagun Bidea, presoen eskubideen aldeko herri ekimena, bidea egiten hasi da Nafarroan ere. Bihar, lehen urratsa egingo du; izan ere, manifestaziora deitu dituzte herritarrak: 12:00etan Golem zinema aretoetatik irten, eta Gazteluko plazan amaituko da. Sustatzaileek uste dute presoen auzia mahai gainean jartzeko eta egungo espetxe politika errotik aldatzekofuntsezkoa izango dela herritarren presioa. Hau izango da manifestazioaren helburua: «Mendekua eta suntsitzea xede dituen espetxe politika hau amaitu, eta konponbide fase batean kokatzeko garaia dela aldarrikatzea».

Egin Dezagun Bidea banakoek osatzen dute, baina manifestazioaren deiarekin bat egin dute Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak. Sindikatuei dagokienez, LAB, EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek babestu dute deialdia.

69 lagunek osatzen dute

Nafarroan, hainbat sektore eta esparrutatik datozen 69 banakok osatzen dute Egin Dezagun Bidea: besteak beste, Patxi Telletxea Hizkuntza eskolako zuzendariordeak, Jon Alonso idazleak, Henrike Galarza NUPeko irakasleak, Castillo Suarez idazleak, Nestor Salaberria Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaileak, Xabier Morras eta Belen Arevalo margolariek, Julieta Itoiz La chula potra-k, Nestor Esteban Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak etaJulio Soto eta Estitxu Arozena bertsolariek.

Biharko manifestazioan, Nafarroako euskal presoen egoera salatuko dute. Egun kartzelan diren 705 lagunetatik 110 Nafarroakok dira: 84 Espainiako kartzeletan daude, eta 23 Frantzian. Hain justu ere, 33 preso 900 kilometro baino urrunagoko espetxeetan daude; Parot doktrina Nafarroako sei presori ezarri zaie, eta beste hamarrek zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte. Gainera, hiruk gaixotasun sendaezinen bat dute, eta, egun etxean badira ere, «erregimen arinduan» preso jarraitzen dute.

Antolatzaileek biharko manifestazioa jai giroan egiteko asmoa dute. Horregatik, banderolekin joateko eskatu dute. Era berean, trikitilariak, fanfarreak eta musika taldeak izango dira, protestari alaitasun ukitu bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.