Hezkuntza. Greba

Lehen egunen ostean, grebara

Irakasleek adierazi dute ezjakintasuna izan dela nagusi itzulerako lehen astean, eta ez dela irizpiderik egon. Nafarroan, mobilizazioak egingo dituzte, eta, Iparraldean, salatu dute osasuna ez dela oinarri

Bi irakasle haur bati tenperatura hartzen, eskolako lehen egunean, irailaren 7an, Gasteizko ikastetxe batean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan irailaren 15ean. Irakasleek jakinarazi dutenez, ezjakintasuna da nagusi, eta ez dakite eskoletan egiten ari diren jarduketa planak egokiak diren ala ez. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari leporatu diote «berandu» aritzea, eta, beraz, bat egingo dute ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako grebarekin. Are, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua asteotan batu da langileen ordezkariekin, baina, oraingoz, ez dute akordio bat lortu. Nafarroan ere hezkuntza komunitatea jada hasia da neurri zehatzagoak eskatzeko lehen urratsak egiten. Iparraldean ere egoerak okerrera egin du, eta hainbat eskola itxi dituzte birusa dela eta.

Irakurri gehiago:Eskola garraioko, jantokietako eta garbiketa zerbitzuetako langileek ere bat egin dute grebarekin

Edurne Iraola Gasteizko Mariturri eskola publikoko irakaslea da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera izan du oinarri: «Itzulerari dagokionez, ezjakintasuna izan da nagusi. Jaurlaritzak dena globo handi batean sartu du, eta egon beharko ez litzatekeen karga bat sortu da zuzendaritza taldeen gain». Haren ustez, ikastetxeek protokolo propioak sortu dituzte, informazio «zehatzik» ez dutelako jaso. Kasu honetan, besteak beste, ikasgelak moldatu dituzte, eta baita sarrerak eta irteerak ere. Iraolak aitortu du ikasturte hasierako lehen egunak «zoramena» izan direla, eta argibideak behar dituztela: «Jaurlaritzak argitu beharko luke nola jokatu behar dugun eskolok, denok norabide berean jarrita; hala izan ezean, desberdintasun handiak sortuko dira eskola batetik bestera».

Institutuan ere egoera antzerakoa dela aitortu du Aitziber Agirre irakasleak. Hasieran «estresa eta beldurra» sentitu zuela adierazi du, eta irizpide falta egon dela gaineratu. «Zuzendaritzari plan pila bat eskatu diote gobernutik, eta zaila da dena aurrera eramatea». Haren iritziz, Jaurlaritzak «txanda-pasa» egin du, eta erantsi du ez duela telefonoa ere hartzen. «Gauzak egiteko orduan, zalantzak sortzen zaizkigu une oro, eta ezin dugu aurrera egin, ez dugulako erantzunik». Gainera, uste du irakasleek denbora gutxi izan dutela egoerara moldatzeko, irakasle taldea aldatu egiten delako eta birusaren ondorioz lan gehiago egin behar delako. Hala ere, aitortu du nerabeekin lan egitea errazagoa izaten ari dela, eta saiatzen direla neurriak betetzen.

Baliabide materialei dagokienez, Iraolak azaldu du maskara batzuk iritsi zaizkiela ikastetxera, baina gelik oraindik ez. Hezkuntza bereziko irakasleak ere badituzte, eta horiek EPI trajeak erabili behar dituzte, baina esan du halakorik ere ez dutela jaso. Are, baliabide pertsonaletan ere jarri du arreta irakasleak: «Mila irakasle gehiago kontratatu behar zituela esan zuen Jaurlaritzak, baina oraindik zain gaude; larri ikusten dugu geure burua, ikasgeletan 25 haurrekin gaude, eta zaila da guztiengana iristea». Gehitu du iragarpen hori «propaganda hutsa» izan zitekeela. Agirrek ere ez du irakasle horien berririk, eta «utzikeria» sentsazioa du. Hori dela eta, greba egingo dute biek.

Eskaerak izan ditu oinarri Iraolak: «Jaurlaritzari eskatuko nioke eragileekin adosteko, eta ez jokatzeko aldebakartasunez; langileek eta eragileek badute zer esan, egunerokotasun horretan bizi direnak baitira». Haren iritziz, bulegoetatik erabakiak hartzea «erraza» da, baina «elkartu eta hitz egin» behar da. Segurtasun neurri eta baliabide gehiago ere eskatuko ditu. Agirrek, orain arteko pausoak salatuko ditu: «Itzulera presaka eta antolakuntzarik gabe egin da; ez dira kontziente zenbat lan egin behar den eskola batean, jakin gabe benetan zer egin daitekeen eta zer ez». Uste du Jaurlaritzak ez duela onartzen «galduta» dagoela, eta «kontraesanetan» erortzen dela une oro.

Greba ez, kexak bai

Nafarroan ere egoera ez da samurra. Hezkuntza komunitatearen foro bat sortu dute, Hezkuntza departamentuak «hitz egiteko borondaterik» ez duela iritzita. Bertako kidea da Iñigo Orella Nafarroako LABeko irakaskuntzako koordinatzailea. Adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak protokolo bat ezarri zuen, baina komunitatearekin adostu gabe. «Bilera sorta bat egin zen, baina kanpoan gelditu ziren zenbait eragile; bilera horietan jasotako proposamenak ez dira kontuan hartu». Orellak adierazi du protokoloak ez dituela ikasleen beharrak jasotzen: «Segurtasun neurrietan dago oinarrituta, baina ikuspegi zabalagoa izan beharko luke, hala nola alde emozionala eta pedagogikoa oinarri hartuta».

Foroko kideek hausnarketa «sakon eta adostu» bat egin nahi dute, eta elkarrizketarako prest daude: «Hitz egingo dugu, baina beste aldetik borondaterik ez badago, mobilizatzea baino ez zaigu gelditzen». Hori dela eta, asteartean egingo dute lehen mobilizazioa, Iruñeko Gazteluko plazan, 18:00etan. Besteak beste, ratioak jaistea eta baliabide gehiago kontratatzea izango dituzte aldarri. Are, gauzak konpontzen ez badira, greba egiteko aukera ere ez dute baztertzen.

Iparraldean, dagoeneko hainbat ikastetxe hetsi dituzte positiboak egon direlako. Kati Petrissans SNUIPP irakasle sindikatuko kidea da, eta azaldu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez duela osasuna hizpide izan: «Lehentasuna da haurrak ukaitea klaseetan, baina ez da prestakuntza seriorik izan; osasuna ez da aski kontuan hartu». Besteak beste, aipatu du irakasleei banatutako maskarek ez dutela babesten. Are, gehitu du osasun arazoak dituzten irakasleen egoera ere ez dela gogoan hartu, «salbu, minbizia izanez gero». Seaskak ere ministerioaren «inprobisazioa, arduragabekeria eta inposizioa» salatu, eta segurtasun neurriak eskatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.