Zumarraga eta Donostia lotzen dituen autobus linea berriaren lehen egunean, itzalaldia. Renferen aldirietako tren zerbitzua bertan behera eta herritarrak autobusen premian. Ilarak autobusera igotzeko. Kaosa ere bai.
Gaur abiatu dute Zumarraga eta Donostia elkartzen dituen autobus linea berria: GO07 Zumarraga. Autobusak Zumarragatik Donostiara joateko bidaia hasi aurretik gertatu da itzalaldia, 12:15ean. Ibilgailuaren sistemak zerbitzutik kanpo geratu dira, kontrol panela eta kobratzeko gailuak barne.
Argindarra berrezarri arte abiatzea ezinezkoa zenez, gidaria bidaiariak lasaitzen saiatu da: «Gure esku dagoena egiten ari gara, lehenbailen konponduko dugu eta Donostiara abiatuko gara; lasai egon bitartean, mesedez». Hogeita hamar minuturen ondoren zerbitzua abiatu ahal izan da.
Autobus zerbitzu berriaren erabiltzaileei tren zerbitzurik gabe geratu direnak gehitu zaizkie. Tren zerbitzua bertan behera geratu dela jakin dutenean, bidaiari horietako batzuek GO07 autobusera igotzea erabaki dute, eta horrek autobusa guztiz betetzea eragin du. Beasaingo geltokian —ibilbidearen lehen geldialdian— autobusa bete egin da jada. Tentsioa, urduritasuna eta kaosa nabarmena izan da Beasaingo geltokian. «Behintzat autobus linea berri hau dago eta zuzenean joango gara Donostiara», esan du bidaiarietako batek.
Ondoko gizonak kontatu du ordu bat zeramala trenari itxaroten, eta bere ondoan zegoen norbaitek jakinarazi diola bazela autobus linea berria. Beraz, autobusera igotzea erabaki du. «Ordu bat daramat trenari itxaroten, eta aldatu den bakarra da geroz eta jende gehiago dagoela tren geltokian. Nire ondoan zegoen emakumeak linea berri honen inguruan hitz egin dit, eta, noski, zuzenean etorri naiz». Galdera asko entzun dira bidaiarien artean: «zein ibilbide du autobusak?», «zenbat irauten du?»...
Ibilbidea azkartzen
Beasaingo geltokitik irtetean, Ordiziarako ohiko ibilbideari jarraitu beharrean eta ibilbidea laburtzeko asmoz, gidariak ozen galdetu du ea norbaitek Ordizian jaisteko asmorik duen. Emakume bakar batek erantzun du baietz. Pertsona bakar batek behar zuenez geldialdi hori, gidariak azaldu du denbora aurrezteko pixka bat aurrerago geldituko duela autobusa, Beasainen, horrela Ordiziara ez sartzeko. Bidaiariak eragozpenik gabe onartu du, ordurako ordu erdi baino gehiagoko atzerapena zutela jakinik.
Gauza bera egin du Donostiara iristean. Autobus geltokira iritsi baino lehen —ibilbidean aurreikusitako azken geltokia—, autobusak beste geldialdi bat egin behar zuen EHUren Psikologia fakultatean. Gidariak, galdutako denboraren zati bat berreskuratu nahian oraindik, berriro galdetu du ea norbaitek unibertsitateetan jaitsi behar duen. Oraingoan, Ordizian ez bezala, baietz erantzun dute batzuek, eta, beraz, gidariak Donostian aurreikusitako geldialdi guztiak egin behar izan ditu.
Autobus geltokira iritsitakoan, egoera deigarria izan da: autobuseko ateak ireki bezain laster, Zumarragara joateko ilaran jartzeko itxaroten ari ziren bidaiari asko korrika hasi dira. Minutu gutxiren buruan ilara luze-luzea sortu da. «Zumarragara iristeko modu bakarra trena hartzea da, eta, normalean arazoak baldin baditugu, gaur ezinezkoa da bide hori kontuan hartzea, primeran etorri zaigu linea berri hau egotea», azaldu du neska gazte batek. «Guretzat garrantzitsua da jakitea modu bat baino gehiago ditugula etxera itzultzeko horrelako arazoak gertatzen direnean, eta, noski, arazoak ez daudenean ere», gehitu du lagunak.
Goierri, Urola Garaia eta Donostia arteko lotura
Gaurko salbuespen egoeraren ostean, ikusi beharko da autobus zerbitzu berriak zer-nolako arrakasta duen. Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak aurkezpenean esan zuen ibilgailu pribatuen edo eraginkortasun gutxiagoko beste garraiobide batzuen mende zeuden milaka pertsonarentzako irisgarritasuna hobetuko zela: «Goierriko biztanleen aldarrikapen historiko bati erantzuteko sortu da, Urola Garaiarekiko lotura hobetzeaz gain».
Linea berriak ordubete eta hamabost minutu behar ditu ibilbide osoa egiteko, eta geltokiak Zumarragan, Beasainen, Ordizian eta Tolosan daude Donostiara iritsi aurretik. Astegunetan, ordubetero izango da, eta asteburuetan, berriz, bi ordutik behin.