Lehen bilkura Juarrosen

Aznarren gobernuak eta Herri Batasunak 1998ko abenduan egindako bileraren akta argitaratu dute, agerian utzirik PPk ezker independentistarekin izandako negoziazioak.

Otegi, Barrena eta Diez Usabiaga, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
PPk Espainiako Gobernuaren eta PSOEren aurka egiteko erabili dituen argudio nagusietako bat zera izan da, sozialistek EH Bildurekin egindako akordioak. Joan den astean talde parlamentarioetako kideen artean egindako eztabaidan ere hortxe egon zen gaia, eta EH Bilduren Espainiako Kongresurako hautagai Oskar Matutek abagunea baliatu zuen Cuca Gamarra PPko eledunari popularren «hipokrisia» aurpegiratzeko, 1998ko abenduan Herri Batasuneko eta Espainiako Gobernuko ordezkariek egindako bilkura bat hizpide: «Orduan normala zen haiekin hitz egitea, eta orain hau erabiltzen duzue konfrontaziorako arma moduan, zuen borondate birzentralizatzailea estaltzeko. Azaldu iezaiozue jendeari, ez baita inozoa. Ez du demokrazia ariketa moduan ulertuko, hipokrisia ariketa moduan baizik». Orain, Eldiario.es-ek argitara atera du Herri Batasunak bilera hartaz idatzitako akta: Espainiako Gobernuko lehendakariaren ordezkaritzaren eta HBren ordezkaritzaren arteko lehen bilera.

Bi urte ziren PPko buru Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu zela; urte eta erdi inguru igaro zen ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenetik; eta hilabete pare bat Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta eragile ugarik Lizarra-Garaziko Hitzarmena aurkeztu eta ETAk su-eten mugagabearen berri eman zuenetik. Horiek hala, Aznarrek unea baliatu nahi izan zuen «euskal askapen mugimenduaren inguruarekin» harremanetan jartzeko, 1998ko irailean azaldu zuenez.

Testuinguru hartan egin zuten Espainiako Gobernuaren eta Herri Batasunaren ordezkarien arteko lehen bilkura. 1998ko abenduaren 11n egin zuten, Juarrosen (Burgos, Espainia). HBko kideen arabera, horretarako prestatutako lekuaren baldintzak ez ziren «egokienak», baina horrek ez zuen baldintzatu elkarrizketa. Mahaiaren albo batean eseri ziren Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Iñigo Iruin eta Rafa Diez Usabiaga, Herri Batasunaren izenean. Beste aldean, Javier Zarzalejos Presidentetzako Estatu idazkaria —egun PPko europarlamentaria da—, Ricardo Marti Fluxa Segurtasunerako Estatu idazkaria eta Pedro Arriola Aznarren aholkularia. Hirurak ere «gobernuko presidentetzaren» ordezkari gisa, zehaztu zutenez.

Bilkuran, HBko kideek PPkoei adierazi zieten batera jorratu zitezkeen «bi interlokuzio espazio» landu behar zituztela: HBrekin, batetik, eta ETArekin, bestetik. «HBrekin hitz egin nahi dute, ea zein den indarkeriaren rola jokaleku berrian; zein den erakunde biolento baten rola jokaleku berrian», jaso zuten, koalizioko Mahai Nazionaleko gainerako kideei gobernuko ordezkarien asmoen berri emateko moduan. Eta gero azaldu zuten jarduera armatuaren amaierarako bidea norekin eta nola landu behar zuten haiek: «Indarkeria amaiera ETAk soilik baiezta dezake, eta, noski, elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten markoan».

Espetxe politika jomugan

Bilera hartan jorratu ziren gaien artean dago oraindik ere eztabaida politikoan daudenetako bat, batik bat Espainiako eskuinak hala nahi izan duelako: espetxe politika. Izan ere, HBren aktaren arabera, elkarrizketa prozesuarekin jarraitzeko «gutxieneko konfiantza espazioa eratzeko garrantzi handiko faktore bat» zen presoen urruntzearen kontrako neurriak hartzea. «Gobernuak bakea sendotu nahi badu, hor du lehen pauso bat bere borondatea eta interesa erakusteko», ageri da testuan.

Espainiako Gobernuaren irakurketa ere ez zen oso bestelakoa izan, edo hala adierazten dute egindako mugimenduek. Izan ere, HBrekin eta ondoren ETArekin —1999ko maiatzean— bildu baino lehen ere lau euskal preso gaixo Euskal Herriratu zituen urrian, eta 21 preso penintsulara mugitu abenduan. Elkarrizketak martxan zirela, berriz, PPren gobernuak 304 erbesteraturen itzulera iragarri zuen 1999ko maiatzean, eta sei presoren Euskal Herriratzea ekainean. Azken urratsa 105 preso Euskal Herriko eta inguruko espetxeetara mugitzeko agindua izan zen, irailean. Gero, su-etena hautsi zuen ETAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.