Korsikako autonomia estatutuari buruzko eztabaida bete-betean dela abiatuko du urte politikoa Euskal Hirigune Elkargoak. Bilakaera instituzional baten beharra batzuen eta besteen ahotan entzun badaiteke ere,gaur-gaurkoz ez da horri buruzko gogoeta formalik abiatu instituzioan. Gaur eginen dute lehen bilkura, Baionan, Henri Grenet auditoriumean, 09:00etatik aitzina. 70 puntuko gai ordena prestatu dute batzar horretarako, eta iragarri daiteke luze iraunen duela.
«Gehiegizkoa» da hautetsi batentzat baino gehiagorentzat. Ez da berria Ipar Euskal Herriko erakundeak duen «funtzionamendu pisuaren» kritika, bereziki Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politikoetan. Iazko udazkenean osatu ondotik, udaberrian bozkatu zuten bakoitzari elkargoaren baliabideak esleitzea. Kolaboratzaile bana izanen dute hemendik aitzina. Gogoetetan eta eztabaidetan eragiteko baliatu nahiko luketela erran dute talde bakoitzeko bozeramaile Nicole Etxamendik eta Peio Etxelekuk. Biek ala biek argi utzi dute: ez dute elkargoaren izaera zalantzan jartzen. Instituzioa agintaldi erdira iritsi dela baliatu dute orain arte gauzatu dena azpimarratzeko, baina hobetze aldera ikusten dituzten erronkak mahai gaineratzeko. 2026ko epemuga uste baino hurbilago da.
Hirigune Elkargoan Jean Rene Etxegarai lehendakariaren gehiengoan parte hartzen duten hautetsiei hitza eman nahi izan die BERRIAk. Olivier Alleman Baionako hautetsiak onartu zuen hasieran, baina bere ordezkaritzara bakarrik mugatzekotan—numerikoaren ardura du—, eta lehendakariarengana jotzeko iradoki zuen; ez du berriz erantzun. Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak —lur funtsen ardura du— erantzunik gabe utzi ditu telefonoko dei eta mezuak. Maider Arostegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapezak hartu du hitza azkenean: «Elkargoa sortu berria zen 2020an, eta orain anitz hobetu du zerbitzuen funtzionamendua. Haatik, kontrakoa gertatu da hautetsiekin: desadostasunak agertu dira. Hasierako ildotik desbideratu gara», esplikatu du. «Aurreikusia nuen 158 herriren artean utopikoa zela denak lerrokatuak egonen ginela», ebatzi du.
Elkargoaren dimentsioa azpimarratu du Etxelekuk: «232 hautetsiko asanblea ez da egokia zuzenketak egin eta eztabaidak behar bezala hartzeko. Erabakiak Baionan zentralizatuak dira; deszentralizazioa behar da». Lurralde eremuei indar handiagoa eman beharko litzaiekeela uste du. Hamar dira gaur egun, garaian ziren herri elkargoen perimetroetan antolatuak. «Gaur egun biziki mugatua da lurralde eremuen funtzioa. Lurralde eremuen perimetroa ere berrikusi behar da», aztertu du.
Antzera mintzatu da Etxamendi ere: lurralde eremuei leku gehiago eman behar zaiela uste du. Hau da, elkargoan lantzekoak diren gaiak lehenik tokian-tokian gogoetatu eta eztabaidatzea egokiago zaie, zuzenketak egin ahal izateko, azken erabakia batzar orokorrean hartu aitzin. Etxelekuren hitzetan, «ezinezkoa da gaur egun ditugun epeetan dosier guziak irenstea», 500 orriko txostenak eta aste bat lehenago elkargoko batzarrean zein gai landuko den ez jakitea deitoratu ditu Etxamendik. Horrek bultzatu ditu talde politikoetan antolatzera. Izan ere, gaur egungo funtzionamenduak lurralde osoa kontuan hartu ordez bakoitzaren «ikuspegi munizipala» lehenestera eramaten duela erran du.
Hautetsiak, urrun
«Kritikei buruz ulertzen dudana zera da, lehenago ziren hamar herri elkargoek ezinbestean erabakimen eta gogoetarako gaitasun handiagoa ematen zietela hautetsi batzuei, eta gaur egun erabat baztertuak direla. Baina ezin dira hautetsi guziak etengabe erabaki guzietan inplikatu», Arostegiren hitzetan. «Nire lankideek formulatzen dituzten kritikak entzun ditzaket, onar ditzaket, baina gaur egun ezin dut modelo alternatibo bat proposatu, ez bada estatutu aldaketa sakon bat. Kontseilu exekutiboak hobetu daitezke, baina zinez denbora anitz eskatzen dute; distantziak handiak dira etorri eta joateko, eta luzea da, akigarria: garesti atera daiteke hautetsi batentzat baino gehiagorentzat».
«Urruntze» hori bizi du Jean Jacques Etxeberri Llargo Urdiñarbeko (Zuberoa) hautetsiak. «Zailtasunak ditugu loturak egiteko. 400 hautetsi dira Zuberoan. Hiru laurdenak ez dira jakinean deliberoez». Baina ez dira «bakartuak», haren iritziz. EH Bairengandik hurbil sentitzen da; harreman ona du Etxelekurekin, eta «inportantea» iruditu zaio talde politikoen sorrera, baina bere «independentzia» atxikitzea hobetsi du. Halaber, Zuberoako lurralde eremuan hautetsien artean duten lotura goraipatu du. «Abantaila ukan dugu erdi autonomia batean funtzionatzea, eta herrien artean lotura indartu du». Gehigarri bat izan dela dio. Baina errealitatea ez du ukatzen: «300.000 biztanleko lurralde batean 12.000 gara. Ez dugu pretentsiorik lehentasuna ukaiteko». Haren ustez, Zuberoak ezin du «elkargoaren beha» egon. «Hemengo jendeek egin behar dugu. Badakigu elkartzen, gogoetatzen. Ardura handiagoa hartu behar dugu. Gaur egun, dena Baionatik pasatu behar du. Anitzi entzuten diogu: 'Ez dugu egiten ahal, ez baitugu Baionaren baimenik'. Tresna zinez pisua da». Egoera horren ondorioz hautetsien «motibazioa eskasten» ari dela dio. «Enpresa batean neke bat badelarik, behar da segidan konpondu. Ikastolak abiatzean, bazen militantismoa ahal gutirekin gauza anitz egiteko. Hor, ez. Bi aldeak badira».
Lurralde proiektua
Talde politikoak abiatzearekin jaso zituzten kritikak salatu ditu Etxamendik: «Hirigune Elkargoaren sorreran zen izpiritu komuna desegiten genuela erran ziguten. Elkargoa eraiki dugu, alde ginen. Baina baitezpadako kontsentsu batean izateak, ezinbestean komunitatea egin beharrak, gaiak eta eztabaidak despolitizatzen ditu».
Argi utzi du: «Elkargoak funtzionatzen du». Politika publiko batzuk abiatu dira, eta «martxan» dira. Aipatu du garraioa—«badira autobusak lurralde osoan»—, uraren kudeaketa,—«lurralde guzirako tarifa bakarra ematea lortu dugu; orain tarifa soziala eskas da»—, eta badira Ipar Euskal Herria egituratzen duten dokumentuak, hala nola Bizitegien Tokiko Plana, «epe laburreko helburuak dituena», edo gaur egun lantzen ari diren SCOT lurralde antolaketa eskema eta herriarteko tokiko hirigintza planak. «Herrien artean gogoetatu behar dugu non eta nola bizi nahi dugun. Biziki gogoeta zorrotzak dira». Hautetsi gisa, hirigunearen «probetxuak» ikusten dituztela baieztatu du: «Hori ukaezina da». Haatik, lurralde proiektu baten eskasia dagoela uste du, «gaur egungoa agintaldi proiektu bat» baita, eta gobernantza paktua berritzeko beharra ere ikusten du. Hautetsiek eta herritarrek elkargoa «bere» egiteko beharra ere azpimarratu du.
Era berean, euskararen aldeko hizkuntza politika baten beharraz aritu da: «Eskolatuak direnen %68k ez dute euskararik. Behar dira zinezko finantzaketak egunerokoan lan konkretua egiten dutenak babesteko». Haren iritziz, borondate politikoa da eskas dena. «Ez da gehiago zatiketa arrazoi bat, ez da gehiago modan kontra dela erratea; baina ados izatea desberdina da. Ados ematen ahal ginateke lehendakariari agindua emateko Parisen ofizialtasuna eska dezan».
Heldu beharreko desafioetan etxebizitza, lurraldea, ekonomia eta euskara aipatu ditu Llargo-k. «Demografia apaltzen ari da: hamar urtez 550 biztanle galdu ditugu, eta hogei urtean, laborantzako 270 etxalde». Lurraldea ez husteko, aipatutako arloetan inbertsioak egin behar direla dio, lehentasuna «gazteei buruz» emanez. «Badugu bizi kalitatea, kultura, ekonomia azkarra; bada dinamika bat. Lurraldea erakargarri bilakatu behar dugu, baina nola?».
Etxelekuren iritziz, «lurralde haustura» areagotu da. Eremu ekonomikoen zerrenda egin du, gehienak Lapurdi kostaldean direla erakusteko. «Lehentasuna emana da jadanik azpiegitura anitz diren eremuan». Ingurumen arazoak eragiten ditu horrek, haren ustez, baina lurralde orekan ere eman du azpimarra: ez zaio egokia «papurrak» eskuratzea «kostaldea gainezka delako eta ez delako gehiago metro karraturik». Haren hitzetan, enpresa batzuk landetara doaz, ez zaielako deus eskainia. Lehen inkubagailua eremu pribatutik sortua izan dela ohartarazi du, zehaztu gabe bere enpresak bultzatu duela. «Unibertsitatearen egitura guzia Baionako hirigunean da. Zergatik ez lurralde osoan hedatu?».
Baieztatu du badirela politika publikoak, gai batzuk «aitzinatu» direla. «Baina gardentasuna falta da inbertsioen lurraldekako banaketari buruz. Lehenik hitzemana izan zen, eta ondotik ukatua. Hori agerrarazteak erakutsiko luke ea instituzioak lurraldeen arteko oreka bilatzen duen ala ez. Kontu publikoen gardentasuna da jokoan. Egin ditugun simulazio guziek desoreka badela erakusten dute». Elkargotik ez dute oraindik deus eskuratu.
2026a jomuga
Hiru urte gelditzen dira Euskal Hirigune Elkargoko agintaldia bukatzeko. 2026ko herriko hauteskundeek hautetsien ordezkaritza berri bat ekarriko dute. Ordurako elkargoaren funtzionamenduan bilakaera bat izatea espero dute talde politikoetan parte hartzen dutenek; bilakaera instituzionalari buruzko gogoeta abiatu behar dela erran izan du EH Baik. EAJren izenean urte politikoari hasiera emateko agerraldian, Etxelekuk erran zuen bere iritziz Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala ez dela Frantziako Estatuaren agendan izanen ondoko bost edo hamar urteak aitzin. «Gehiago eta hobeki egin behar dugu, eta Hegoaldearekin egin behar dugu gehiago, instituzioaren mugak erakusteko».
Bil Gaiten-ek «pisu gehiago» ukaitea nahi du Etxamendik. «Horretarako, behar dugu hautetsi gehiago; behar ditugu herriko etxe gehiago irabazi». Instituzioaren gidaritza ere erronka bat izanen da. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez izateko hautagai izanen ote da? Frantziako Senaturako bidea itxi ondotik, erantzunik gabeko galdera bat da oraingoz. Baionako herriko etxean bere ondorengotza hartzeko prest direnen zerrendan izen bat baino gehiago identifika daitezke.
Kostaldeko hiri nagusietako auzapezak ere bat baino gehiago dira karguarekin interesa erakutsi lezaketenak, nahiz eta Arostegik, adibidez, bere lehentasuna Miarritzeko hiria dela errepikatu behin eta berriz. EH Bairi dagokionez, 2020an pausoa emateko prest agertu zen Alain Hiriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza. Etxegarai ez balitz aurkeztuko, aukerak izan litzake. Ikusteko dago Etxelekuk ere zer mugimendu eginen dituen ondoko urteentzat. Bilakaera instituzionalik ezean, baliteke gidaritzak baldintzatzea instituzioaren bilakaera.
Lehen bilana elkargoarentzat
Agintaldi erdira iritsia da Euskal Hirigune Elkargoa. Urte politiko berria abiatzearekin, funtzionamenduan, barne demokrazian eta lurraldekako inbertsioetan eragin nahiko lukete talde politikoek, hautetsiak eta herritarrak instituziotik hurbilago sentitu daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu